Zenbat aldiz entzungo genuen azken urteotan ordezkatuak izango garelako matraka hori. Aspalditik dabil ultraeskuina Ordezkapen Handiaren kontzeptuarekin bueltaka (70eko hamarkadan hasi zen konspiranoia hau eraikitzen eta honaino), immigrazio batez ere musulmanak bertakoak (Europako kristau zuriak, alegia) ordezkatzeko plan ilunarekin gora eta behera, jaiotze tasak igotzea eta mugak ixtea eskatuz. Hasiera batean Europa mailako fenomeno bat izan zen arren, gaur egun edozein lekutako eskuin muturreko zirkuluetan aipatzen da.
Gogoan dut kanpotik zetorren irakasle ordezkoarena munduko lanik gupidagabeenetako bat iruditzen zitzaidala gaztetan. Iraungitze data zuen tarte baterako bakarrik egoten ziren irakasle hauek gure artean eta ez genituen sekula serio hartzen, zeozer okerragoa ez esatearren. Etorkinekin ere nolabait hala jokatzen dugula iruditzen zait. Ordezko irakaslearen antzera, etorkinak bikoitza saiatu behar du, errespetu erdia lortzeko. Beste norbaitek ezarritako programara egokitzea dagokio, baina beste horrek duen begirunerik gabe, bere gizatasuna ere behin-behinekoa izango balitz bezala. Haien egoera erregularizatzea besteoi aurki hondamendi bilakatuko zaigun opari gisa aurkeztu zaie Espainian. Gutxienekoari eskerrak eman diezaioten gutxienez.
Ezertarako balio ez duten gizaki ordezkagarriak garela pentsatzera eramaten duen estrategia hau oso baliagarria izaten ari da burua jaitsi eta daukagun apurrarekin konformatzera behartzeko, gauzak ezin direla beste modu batera izan baieztatzen duen ideia zabalduz
Ordenagailu baten aurrean lan egin ala ez, zuk ere entzungo zenuen adimen artifizialak lana kendu eta ordezkatuko zaituela. Hemendik laster makina bat jarriko dutela egiten duzun hori hobeto, azkarrago eta merkeago egiteko. Erabat ordezkagarria bilakatzen zaituen sindikatu, protesta egin eta baja hartu ezin dezakeen makina bat. Badakigu denok gizakiak sua pizten ikasi zuenetik aldaketa teknologikoak eta sozialak eskutik joan direla, baina edozein pertsona luddismo erradikalera eramango luketen gauzak irakurtzen ditut LinkedIn-en sartzeko esfortzua egiten dudan bakoitzean. Dena da jokoaren erregelak aldatu dira. Dena da (sartu zure ogibidekoak hemen) desagertuko dira. Dena da hau erabiltzen ari ez bazara akabatuta zaude. Errealitatean, oinarriko formulario sinpleenek ez dute funtzionatzen, zertifikatu digitalak erabiltzea infernu bat da eta adimen artifizialeko produktu eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen etekina eta etorkizuna oraindik ikusteke daukagu. Sua pizten asmatzea gauza bat delako eta beste bat kontrolik gabeko su horrekin baliabideak eta dirua erretzea. Momentuz hor gaudela ematen du.
Bati baino gehiagori irakurri izan diot berari ez zaizkiola batuketa eta kenketak ateratzen. Alde batetik, adimen artifizialak eta etorkinek lana kenduko digutela esaten dute, baina, beste alde batetik, erretiroa hartzeko adina atzeratu besterik ez dute egin nahi. Dena konplexuagoa da, noski, baina zenbait esparrutan, ezertarako balio ez duten gizaki ordezkagarriak garela pentsatzera eramaten duen estrategia hau oso baliagarria izaten ari da burua jaitsi eta daukagun apurrarekin konformatzera behartzeko, gauzak ezin direla beste modu batera izan baieztatzen duen ideia zabalduz. Gero eta ahulagoa den gure arretak inposatzen zaizkigun matrakak barneratzeko duen erraztasunarekin, hor dago ordezkatze handiena nire ustez: gure buruan.
Zarata ozenak jarraitzen duen bitartean, egia zera da, esparru anitzetan, osasungintzan, auto konponketan edo landan, adibidez, ez dagoela ordezkorik. Eta hor zaudela zu ere zure bulegoan, urruti duzun erretiroa hartzeko irrikan, enpresan beste inork egin nahi ez duen lan gutxietsi bezain beharrezko hori egiten. Kasualitatea izango da, baina inork egin nahi ez duen lan hori ez dago inoiz ordezkatzeko modurik. Beste inork egin nahi ez duen horretan beti gara ezinbestekoak. Galdetu etorkinei bestela.