Inaki Galdos

Ostikoketa

2026ko irailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garai hartako beste neologismo askorekin batera, ostikoketa hitza sortu zuten garbizaleek duela ehun urte inguru, Euskal Herrian barrena sekulako indarra hartzen ari zen futbola izendatzeko. Ez zuen izan arrakasta handiegirik, ez zelako, agian, sorketa aproposegia. Onar dezagun, hala ere, (ia) berba berri haien guztien patua izan dela hori, nahiz eta noizean behin han-hemenka azaltzen diren: punpa lasterrean, Itxaro Bordaren Susmaezinak nobelako izparringia eta beribila hitzak ditut gogoan.

Futbola euskal pilotari egiten ari zen kaltea zuten kezka iturri orduko hedabideetako euskarazko idazle askok. Adibidez, 1930ean El Día egunkariko Aloña goitizeneko berriemaileak (Felipe Jausoro, seguruenez), Oñatiko pilotaleku zaharraren (1860an sortua) gorazarrea idatzi zuen, baina arrangura bat tarteko; izan ere, kronista hura ez zegoen gustura pilotalekuan gazteak ostikoketan ibiltzen zirelako, ekandu (ohitura) berriak medio. Erresistentzia oihua ere bota zuen pilotazale gisa: pilotalekuko hormak ez dira makurtuko gaurko gaztedi ostikolarien irainengatik!

Usu irakurtzen ziren antzeko auhenak orduan, batzuetan kutsu moralista samarrarekin ere bai, adibidez Rufina Azkue zestoarrarenak 1929an Euskal-Esnalea aldizkarian. Pixka bat geroago, Zestoatik atera gabe, hor ditugu Uztapidek idatzitako bertso adierazgarriak: «Zorioneko ostikoketa / pelotaren kontrario». Edota: «Garai batean pelota gendun/ ogia baño naiago/ gaur ikusten da futbolak nola/ dadukan indar gehiago». Oso urrutikoa ez zen Basarrik ere harriduraz deskribatu zuen futbolaren etengabeko gorakada, gero Xabier Letek abesti bihurtu zituen bertsoetan: «Futbola gora, futbola bera/ jendearen zoramena/ urte auetan ori da nunbait/ oso modan dagoena./ Iñork jakin nai badu gaur zein den/ ofiziyorik onena:/ ostikalari oiek daukate/ irabazirik geiena».

Baina gogoeta politiko sakonena Lauaxeta idazle eta kazetariak egin zuen 1931ko abenduan Euzkadi egunkarian. Laurogeita hamabost urte ondoren, aurtengo udako Munduko Txapelketa dela eta, geure artean entzun eta irakurri ditugun hausnarketa eta eztabaida askorekin antz izugarria duen gogoeta, ikusiko dugunez. Egun batzuk lehenago Ingalaterrak 7-1 irabazi zion Espainiari futbol partida batean, eta mungiarrak harrituta bezain saminduta idatzi zuen artikulua, bere inguruan zenbait jende triste ikusten zuelako emaitzarekin. Zaila egiten zitzaion abertzaleen baitako jarrera hura ulertzea: «Abertzalea izan eta Espaiñako ostikolariak partidu ori galdu dabelako zeruari deadar? Zer ardura dok orregaitik? Irabazi zein galdu, bardin dok guretzako». Edota: «Zorioneko ostikolariak! Beste arazorik ez dala munduan oldoztu geinke. Ganera abertzaletasunari gaitz andiak egiten jatorku auxe». Hau ere bai: «Eta etxekoak balitzaz be, baiña espaiñatarrak galdu dabelako negar anpuluka!». Zaharrak berri, bistan da.

Hala ere, Lauaxetaren artikulu hura ez zen izan soilik aberria hizpide hartuta idatzitako gogoeta hutsa. Kirola, batez ere futbola, gizartean hartzen ari zen gehiegizko protagonismoaren inguruko kexu garratza ere izan zen («Non dago geure burua? Zoratuta gagoz!»). Adibidez, Primo de Riveraren diktadurak ez zukeen bere ustez hainbeste iraungo kirolagatik izan ez balitz. (Historia pixka bat errepasatuz, esan dezagun Espainiako selekzioaren gol bakar hura Guillermo Gorostiza santurtziarrak sartu zuela, gerra hasieran Euskadiko selekzioarekin Europako biran jokatu zuen arren, gero desertatu eta errekete bihurtu zena).

Ia mende bat joan zaigu ordutik. Pasa da aurtengo ditxosozko Mundu Txapelketa ere eta dagoeneko murgildu gara sasoi berrian. Bizitzea norberaren kontraesanak kudeatzea ere bada, gehiegi lotsatu barik disimuluan pasatzea. Horretan dihardugu askok futbolarekin, bekatuak onartu bai baina zirimolatik atera gabe. Pentsatzen hasita, ostikoketa hura ez zen hain hitz desegokia. Azken finean, geure buruari harrika, geure buruari ostikadak ematen ari garelako neurri handi batean futbola hona iritsi zenetik. Honetan ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA