Garazi Kamio Anduaga.

Otsoa

2026ko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dugu erruaren pisua Esoporengan ezarriko; azken batean, bera izan zen lehenengoa otsoaren fama txar hori guregana ekartzen. Bere atzetik etorri ziren besteak, izan Perrault, Samaniego edo Bizenta Mogel; baina argi dagoena da otsoak sekulako beldurra sorrarazten digula. Izango da seguruenera haur garaian behin eta berriz errepikatzen zigutelako animaliaren maltzurkeria, beharbada hezur-haragizko gizakiagan jarri ez genuena. Izan ere, gizakia baita ipuin askotan otsoaren aurka egiten duena, Txanogorritxo gaixoa ehiztari ausartak salbatu zuenean bezalaxe.

Otsoa badatorrela! oihukatu izan genuen haur garaian eta oraindik orain, umeak jolas beraren bueltan aritzen dira mehatxua-salbu egotea dikotomian dantzan. Gu ere halaxe gabiltza, ibaiaren ertz batetik bestera saltoka: mehatxuetara ohitu gara nonbait, nahiko arrunta egin baitzaigu datozen azaroaren 29ko hauteskundeetarako inkestek esaten dutena ikustea: badator otsoa, hiru hizkidun eta kolore berdedun izenarekin. Eskuina korrika bizian omen doa espainiar estatuko hauteskundeak irabaztera eta, Europan bezala, ultraeskuinak zango bikainak ditu boterearen eserlekuan leku gozoa hartu ahal izateko. Otsoaren belarriak tente jarri dira beste behin eta herriak urrunetik ikusi ditu: badator otsoa eta bizkarrezurrean gora dator beldurra. Hala ere, otsoa beti egon da hor, familia osoarekin gure inguruan. Maltzur itxura eman diogun animaliak otsokumeak zabaldu ditu gure artean, baina gu ere ohitu gara nonbait otsokoak gure inguruan izatera.

Etxebizitzaren gaiari buruz aritzean, otsoari letaginak ikusten dizkiote zenbaitzuek, gurasoen etxetik ezin atera edo pisu partekatutik norberaren etxera ezin jauzi eginda. Baina animalia otsoko txiki bilakatzen da jada etxejabea izanda edo, letaginak bezain zorroztuta dagoen arkatza erabilita, noizbait etxea prezio onean erosi eta orain espekulazioaren olatuan ondo eserita, etxea sekulako prezioan saltzen ari direnak. Merkatua hala badago, ni ez naiz inozoa izango.

Etxebizitzaren gaiari buruz aritzean, animalia otsoko txiki bilakatzen da jada etxejabea izanda edo, noizbait etxea prezio onean erosi eta orain espekulazioaren olatuan ondo eserita, etxea sekulako prezioan saltzen ari direnak.

Noizbait Google Maps-en panpinatxoa bezala sentitu garenak hamaika gara herri honetan. Geure burua ordenagailuaren xaguarekin alde batera eta bestera dantzan jarri eta non eroriko ote garen ez dakigunak gara, izan duela hogei urte edo gaur egun. Zenbat lagun ote dago bikoteentzat egindako gizarte honetan etxe propioa erosi ezin duena edo bere soldata ia osoa alokairuan desegingo zaiola konturatu eta gurasoenean bizi dena. Baina, kamarada, garai txarra omen da oraingoa etxea erosteko eta tori bi kolpetxo sorbaldan, ea zorterik duzun eta aitona-amonen etxea erosterik duzun, espekulatzeko asmorik ez duten senitartekorik tarteko bada.

Behin irakurri nion Onintza Enbeitari bere ingurua aldatzen ikusi zuela: Cadiz aldean eta Errioxan bigarren etxebizitza erosi zutela garai batean halako erosketak arbuiatzen aritzen zirenek. Ez da hain urrutira joan behar: Babes ofizialeko etxebizitzak duela hogei urte eskuratu zituztenek etxebizitza nahi duten salneurrian saltzeko aukera dute orain. Etxebizitza erosi zuten prezioa halako lau edo bost aldiz biderkatzen dute egungo salneurria. Eta berriz: merkatua hala badago, ni ez naiz inozoa izango.

San Martin eguneko grebak otsoa ekarri du beste behin, Voxen igoerak ekarri duen bezala. Baina otsoa gure artean bizi izan da beti, kontua da gure interesen arabera jokatu dugula edo, zergatik ez, otsoari ere jaten eman diogula. Konturatu gabe, beharbada, otsoa ipuinetako animalia hura dela, eta benetan beldurra eta izua sorrarazten duena bi hanken gainean oreka lortu ezinean dabilen gizakia dela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA