Xabier Gantzarain Etxaniz.

Ahaztu

2026ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahaztu jendea, ahaztu lagunak, ahaztu besteak: egin dirua!

Hori da mezua denbora guztian, horixe da mezua gero eta gehiago. Diruak dena dezake. Diruak (bakarrik) salbatuko zaitu. Sei hilabetez itxaron-zerrendan egon eta Osakidetzak artatzen ez bazaitu, klinika pribatura bideratuko zaitugu. Zure hobe beharrez, jakina, zeharka eta saihetsezina delako baino ez klinika pribatuen mesedetan –alferrik ari da Ahoztar Zelaieta herri honetako txandrioen kontaduria egiten, berdin-berdin sartzen da jendea ate birakarietan, bestaldean dirua egongo den segurantziarekin, eta egongo den pozean.

Holaxe egiten da dirua: administrazio kontseiluetan. Bizitza arriskuan jarriz eta osasuna galduz Muskizen ari diren langileek nekez utziko dute ondorengoak haserretu bai baina ezer konpontzera iristeko moduko ondasunik sekula. Eta nola biziko dira bitartean, zer egingo dute oporretan, nora joango dira; badute modurik ezusteko bati erantzuteko, istripu bat, alabaren hortzetako aparatua, gaixotasun arraro bat.

«Hireak egin din, Anari», egin nuen neure artean, Txikizio hau dena kantuaren amaieran «baina jendeak dirua maite du» esaten zuela aditzean. Portugesez, a gente gu gara. Joseba Sarrionandiak libururen batean idatzi zuen bezala, jendea gu gara. Eta jendeari ez zaio gustatzen inork diruzale deitzea, ezta guri ere. Eta, gainera, beharrezkoa da dirua! –gaixotasun arraro bat, alabaren hortzetako aparatua, oporrak…

Gauza ederra da dirua, daukazunean. Ez daukazunean, ederragoa agian.

Izan ere, gaitz guztien konponbidea dirua dela ari dira esan eta esan bazter guztietan, denbora guztian, eta zuzenean esaten ez bada aldez edo moldez aditzera ematen.

Batzuetan ez dakizu Euskadi Irratia ari zaren entzuten, ala ONCEren iragarkia den, tartean inoren bizimodua aldatzeko ahalik batere gabeko esplikazio batzuk sartuta. Bai, beti ikasten da zerbait, gustura egoten da bat hiztun onak entzuten, baina zerk aldatuko luke orain zure bizitza goitik behera? Ezbeharren batek, egunerokoa hautsi eta eraitsiko lukeen zerbaitek; eta bestela diruak. Gaztetan harritu egiten nintzen jendeak lanetik irtetean kinielak eta primitiva eta bonolotoa eta Eurojackpota eta dauden guztiak jokatzeko ilara egiten zuelako Agurtzaneren dendan. Orain ez.

Gure arretarekin ordaintzen dugu diruz ordaintzen ez duguna. Johann Harik elkarrizketa batean zioen 10.000 ingeniari daudela lanean pantailaz bestaldean zure arreta pirateatu eta indarrez hartzeko. «Eta ez gaiztoak direlako, horrek dirua irabaztea ekartzen dielako baizik»

Egin apustu, irabazi dirua azkar eta erraz! Begira nola ugaritu diren apustu-etxeak, mundu guztiak jokatzen du barren. Kirola aitzakia besterik ez da. Osasuna, mentala eta fundamentala, kapitalari ez zaio batere axola. Produkzio sistemak orduz lehen erre, frijitu eta zeharo kiskalitako gazte jendea ikusiko luke Allen Ginsbergek gaur, inork ulua entzun nahiko balu. Poetak ulu egiteko bolondres bila dabiltza, baina Europako estatuak dirua agintzen hasi dira gazteei soldadutza egitearen truke. Soldata: zirkulua itxi eta bere iturburura iritsi da hitza.

Langilerik xumeena ere kapitalista txiki bat da orain, eta osaba ezkongabearen pneumoniak, nahi gabe ere, txakur-ametsa jarri dio martxan, oinordetzan jaso dezakeen etxebizitza errentan jarrita aterako lukeenarekin kontuak egiten.

Ez da amesgaiztoa: dagoeneko hasi dira gaixotasun larria daukaten jendearen etxeak aurrez saltzen, aukera bikaina dela azpimarratuz, gutxi iraungo dutela.

Eta hortxe ikusten da ondo, gaitz guztien konponbidea baino, gaitz askoren sorburua dela dirua, diru-gosea, dirua edozein modutara egiteko erabakia.

«Pay attention, please»: gure arreta da orain kapitalaren guda-zelaia. Gure arretarekin ordaintzen baitugu diruz ordaintzen ez duguna. Johann Harik elkarrizketa batean zioen 10.000 ingeniari daudela lanean pantailaz bestaldean zure arreta pirateatu eta indarrez hartzeko. «Eta ez gaiztoak direlako, horrek dirua irabaztea ekartzen dielako baizik».

Adi, erne, jarri arreta: ahaztu dirua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA