Hor, pareko etxean, pertsona arrunt-arrunt bat bizi da. Eskaileretatik igotzen da lehenengo pisura ia beti. Herriko lantegi ezagun batean lan egiten du, aspaldi praktikak egin zituen toki berean: zortzi ordu, astelehenetik ostiralera. Ez du harreman estu-esturik lankideekin, baina ondo moldatzen da, eta konforme dago horrela. Paseatzera ateratzen da etxean aspertuta dagoenetan; herriko jendearekin topatzen denean, haiekin hizketan aritzen da pixka batean. Oso ona da elkarrizketei jarraitzen; ez hainbeste gai berriak ateratzen. Familiakoekin harreman ona dauka: astelehenetan gurasoenera joaten da afaltzera eta ostiral batzuetan ilobarekin pasatzen du arratsaldea. Lehengusu zaharrenarekin gelditzen da tarteka mendira joateko; ondo ezagutzen dute elkar. Beti akordatzen da gertukoenen urtebetetze-egunekin, eta beti zoriontzen ditu. Ederki egiten du lo. Gauren batean pixaguraz esnatzen bada, ez dio inporta izaten komuneko buelta egitera jaikitzea: berriz etzan orduko hartzen du loak. Egunez egun pentsatzen du zer jango duen bazkaritan, zer afaritan; etxe azpiko dendatik ia egunero pasatzen da. Abuztuan bakarrik jaten du izozkia: jogurt-txokolatezkoa, beti-beti. Lagunen batek idazten badio ez-dakit-ze plan bertan behera utziko dutela, lasai egoteko erantzuten du eta ez dizkio mila bostehun eta berrogeita zazpi buelta ematen kontuari. Oso gutxitan erortzen zaio lurrera sardexkarik. Asko maite ditu bere lagunak; normalean, herriko tabernaren batean juntatzen dira arratsaldea hantxe igarotzeko. Umetan eskola eta gela berean ondoan tokatu zirenekin sortutako kuadrillakoak dira bere lagunak. Bueno, josteko taldetxoko baten bat ere batzen zaie batzuetan. Ohera sartzerako garbituta uzten ditu platerak eta edalontziak. Ez dauka maitemintzeko asmorik, eta ez da inorekin txolintzen. Tabernan ondora inguratzen zaizkion astuntxoei berehala mozten die jolasa; ez du lerdokeriarik aguantatu nahi izaten. Gaizki egiten du dantza, baina gustura-gustura. Kotxea hartzen duen gutxietan, ez du sekula bozinarik jotzen; eta ez da gehiegi alteratzen, besteren batek protesta egiten dionean. Unibertsitateko lagunekin urtean behin juntatzen da, sagardotegi-garaian; ederki pasatzen du beti egun horretan, baina ez du esfortzurik egin nahi harreman horiek estutzeko, ondo daude horrelaxe. Negua da bere urtaro gustukoena; ez etxean gustura egoten delako, kalean egoteko ere bai: sudur puntako hotza sentitzea gustatzen zaio. Ez du negarrik egiten bere lagun guztiek beste plan bat daukatelako bakarrik egon behar duenean. Tokietara bost minutu lehenago iristea gustatzen zaio; eta ez da urduritzen, norbait berandu datorrela-eta zain egon behar duenean. Begi izkinak ez dio dardararik egiten, ohean etzan eta armairua zabalik dagoela konturatzen denean. Ez da akordatzen noiz haserretu zen azkeneko aldiz. Hanka sartzen duenean, onartu egiten du. Konfunditzen denean, onartu egiten du. Barkamena eskatzen du, tokatzen denean. Ez du ahazten noizbait emandako hitzik. Badaki zein diren bere lagunen gauza faboritoak; beti daki zer eskaini norbait gaizki dagoenean: Carcassonne, pipak, pistina, Castle edo Friends. Arrunt-arrunta da bera, lau-laua ere bai. Eta horrelaxe pozik bizi dela dirudi.
Noizbait, ahalko balitz, egun bakar batez, bera izan nahiko nuke; konprobatu dezadan ea benetan egia den pareko etxe honetatik begiratzean ikusi uste izaten dudan hori guztia
Ni leihora ateratzen naiz batzuetan, bizitzari gehiago eutsi ezin diodanean. Aurpegia igurzten dut eta hasperen fuerte bat egiten dut, kanpora begira. Eta hortxe egoten da bera, pareko etxean. Txistuka iristen da portalera, eta kantuan ibiltzen da etxeko alde batetik bestera, oinez. Fuerte, edo sutsu, edo intentzio handiz saiatzen naiz begiak berarengan iltzatzen, baretasun pittin bat erakarri nahian; ez dut lortzen inoiz. Ez dakit pertsona arrunt-arrunt bat den ere, ez dakit oso ondo zer den pertsonen arruntasuna. Dakidana da noizbait, ahalko balitz, egun bakar batez, bera izan nahiko nukeela; konprobatu dezadan ea benetan egia den pareko etxe honetatik begiratzean ikusi uste izaten dudan hori guztia.