Irati Zubia Landa.

Polizia indarkeria, arrazakeria eta kuerdismoak

2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amets Arangureni aditu nion kantu baten letra osatzeko ezinbestekoa dela hasieran idatzi duzun lehen estrofa ezabatzea. Geure gogoz (edo egoz) kontra, sobera egoten baita hori. Entzuleari zerbait kontatzeko baino, zeure burua kokatzeko idazten duzu. Edo, besterik gabe, ez dakizulako nola hasi. Astuna eta hutsala izan ohi da lehen paragrafoa. Kantuaren mamia, ostera, ondoren etorri ohi da.

Irakurri berri duzuna preliminare horietako bat izan da. Gutxitan izaten dut argi zutabe bati nola ekin. Argiegi ere ez ditut zeintzuk diren zutabegintzaren joko-arauak. Pentsatu nahi dut munduan gertatzen denaz idatzi behar genukeela; baina, egunkarian orria atzera edo aurrera pasatuta topatuko dituzu kazetari profesionalak. Beste jende batek idatzitakoak erreskatatzen ahalegintzen naiz batzuetan, testu eder bat idazten bestetan. Aktualitateari izkin egin eta ideia interesgarri bati hautsa kentzea aportazio minimo bat delakoan. Tranpa da, ordea; aktualitateak beti hartzen du bat bere gain. Eta oraintxe bertan ez dago panorama arinduko lukeen hitz ederrik. Niri, behintzat, ez zaizkit otu.

Irailaren 28an Babacar Welle erail zuen poliziak, tiroka. Kale erdian, espazio publikoan, teorian denona behar lukeen horretan. Hainbat kolektibo eta herritar atera ziren Hondarribian horixe salatzera. Indarkeria poliziala, horren inpunitatea eta arrazismo instituzional zein egiturazkoa ekarri zituzten lehen lerrora, besteak beste. Halaxe salatu zuen Wellek jasan behar izan duen deshumanizazioa, esaterako, Donostiako Asanblada Antirrazistak: «Saiatuko dira gu konbentzitzen eroa zegoela, arriskutsua zela, aukera bakarra tiro bat ematea zela, leku okerrean zegoela... que se vayan a su país».

Arrazismoak berezko duen kriminalizazioari osasun mentalaren estigma batu zaio, pertsona arriskutsu bat zela enegarrenez azpimarratzeko. Hura geldiarazteko biolentzia beste biderik ez zegoela

Joan den larunbatean Tattoo Circus EHk antolatutako solasaldi batean ekarri zuen kolektiboak, beste behin, haren izena. Zoroa taldea zuten solaskide, sufrimendu psikikoa duten pertsonen kolektibo autogestionatua. Sufrimendu psikikoaren jatorri soziala azpimarratu zuten, askotan, gizarte heteropatriarkal, arrazista eta kapitalistaren bizi baldintzei hertsiki lotuta dagoela. Baita, zorotzat dugun hori, zuzendu beharreko hori, askotan normatik kanpo dagoena dela. Eta hor, bi kolektiboen arteko salaketan, argi azaleratu zen indarkeria polizial arrazistaren eta naturalizatua dugun beste indarkeria mota baten arteko gurutzaketa. Burrunba egin zuten behinola diskoteka izan zen gaztetxeko sabai altuek, parean geunden pribilegiodun jende horren denaren ezerosotasunak errebotatu balu bezala.

Komunikabideek asko errepikatu dute Wellek «osasun mentaleko arazoak» zituela. Duela pare bat urte antzekoak aditu genituen Bizkor unitatearen eskuetan hil zen (hil zuten) Eneko Valdesi buruz. Krisi psikotiko bat pasatzen ari zen gaztea, laguntza eskatu zuen, poliziari deitu zioten eta, minutu batzuk geroago, ezkaratzetik atera zuten bere gorpua. Taser markaz eta ubelduraz josita.

Ez da aditua izan behar jakiteko krisi bat igarotzen ari den norbait laguntzeko komeni dela komunikazio lasaia lehenestea, espazio pertsonala errespetatzea edota dituen nahi eta beharrak identifikatzea. Uniformatutako maromo batzuek zu inguratzeak, immobilizatzeak eta, are, armaz apuntatzeak ez lukeela inor baretuko. Eta hala ere, aise eskegitzen dugu telefonoa haiei deitzeko.

Arrazismoak berezko duen kriminalizazioari osasun mentalaren estigma batu zaio, pertsona arriskutsu bat zela enegarrenez azpimarratzeko. Hura geldiarazteko biolentzia beste biderik ez zegoela, poliziak dagokiona egin duela. Halakoak esatera eta onartzera iritsi gara, irakurle. Pertsona bat erail dute eta «segurtasunaren» izenean bera artatzen ari zirela diote. Akaso, ez dakizu zer esan, baina esan beharko dugu zerbait.

Bide batez, jakin Welleren gorpua Senegalera eramateko, ehorzketa gastuei aurre egiteko eta senideei laguntzeko diru bilketa abiatu duela Senalgi elkarteak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA