Inaki Galdos

Porrotak, traizioak, ajeak

2025eko irailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udararen atarian, beti agintzen diogu geure buruari irakurketa pilatxo bat. Zerrendak ere idazten ditugu sarri, baina hori prokrastinazioaren sintoma argia dela esan ohi dit adiskide batek. Eta ez du arrazoi faltarik izango, aurtengoan ere ez baitut helburua bete. Irakurri bai, baina nahi baino gutxiago. Ekaineko Arteka aldizkaria da hurrengo asteetan mahaian hautsa pilatzen geratuko ez den irakurgaietako bat, noiz oratuko zain. Izan ere, erakargarria egin zitzaidan izenburua, alea postontzitik jaso bezain pronto: 1939-1945. Alderdi komunistak gerraren aurrean. Hala ere, bi hamarkada lehenago kokatzen da Alemaniako komunistei buruz Jon Larrabidek idatzitako artikulua.

Izan zitekeenaren baina izan ez zenaren inguruko kronikak dira neurri handi batean aldizkariak dakartzanak. Eta editorialean Europako zenbait herrialdetan alderdi komunistak masakratu egin zituztela azpimarratzen bada ere, onartzen da arrazoi endogenorik ere izan zela porrotetan. Frantzia eta Italiako komunistei buruz hurrenez hurren Markel Samaniegok eta Telmo Zulaikak idatzitako testuez ari gara batez ere.

Kataluniako Diadaren atarian, ez da zaila hango procés-ean gertatutakoaren inguruan egiten ari diren hainbat balorazio Arteka-ko ale honetan egiten direnekin alderatzea. Hasteko, porrotak eta traizioak; baina hortik aurrera hainbat eta hainbat galdera errepikatzen direnak haustura politikoa eskatzen duen estrategia orok huts egiten duenean: hauteskundetara joan edo ez eta norekin joan, gobernuetan inplikatu edo ez, ibilbidean aldaketa taktikoak ezarri edo ez. Eta abar luzea. Sakonean dagoen gai nagusienetakoa izan daiteke errealismoaren eta ausardia faltaren arteko eztabaida; kontua da porrot egiten dutela gehienek.

Ohartzen gara erabat egoera politiko, sozial eta historiko ezberdinak direla, baina, paralelismoak egiten hasita, joko polita izan liteke asmatzea Italiako Palmiro Togliatti eta bere 1944ko Salernoko biraketa (ziaboga) norekin (eta norenarekin) erka daitezkeen Katalunian. Ber gauza 1936ko Frantziako Marceu Pivert eta Maurice Thorez hizpide hartzen baditugu. Azken finean, bi politikari horiek 1936ko maiatzeko mobilizazioetan izan zuten elkarrizketak primeran azaltzen ditu une bateraino matxinadetan elkarrekin doazenen arteko dibortzio asko. Lehenengoa sozialisten fakzio iraultzaileeneko kidea zen: «Orain, dena da posible ausartentzat». Buruzagi komunistaren erantzuna: «Ez, dena ez da posible orain». Ez da zaila irudikatzea (ustez) independentista zirenen artean, zeintzuk zioten gauza bat eta zeintzuk bestea 2017ko urriaren 27ko ordu zalapartatsu haietan. Ordutik aurrera, are gehiago.

Baina porrotak porrot eta traizioak traizio, ajeak kezkatzen gaitu batez ere. Ajeak utzitako etsipenak, hango abertzalegoa noraezean ikusteak, etzi Kataluniako kale eta balkoietan ikusiko den moduan. Hizkuntzarekiko batzuen utzikeriak, beste batzuen atxikimendu faltak eta gero eta gehiagoren kontrako jarrera oldarkorrak. Alderdien nahaste jasanezinak, garai batean oso indartsuak ziren herri mugimenduen barne zatiketek eta makalaldiek. Ez da ez garairik oparoena Kataluniako independentismoarentzat. Independentzia deklarazioa indargabetu zuten Madrildik duela zortzi urte, baina bere buruarekin ere ber gauza egin du neurri handi batean mugimendu hark.

Ajea ere hemen badugu, gainera. Batez ere prozesu hura itsu-itsuan jarraitu genuen askok. Modu akritiko samarrean, onar dezadan bekatua. Han gertatzen ari zenak egunero hunkitu egiten gintuenok. Agian, ihesa izan zen gurea, hemen ezer aurkitu ez eta urrutiko hamalau intxaurren bila joan ginenon ihesa. Agian, orduko hartan ere balekoa zen 84 urte lehenago Frantziako buruzagi komunista hark zioena: «Ez, dena ez da posible orain». Agian. Beldur naiz, ordea, batzuentzat ez dela inoiz ezer posible izango. Eta hori ere ez da kontua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.