Hamaika urteko neskatilak paga aurrezten du, lagunekin batera hanburgesa bat jatera joateko ostiral arratsaldean. Klasekideek horrenbeste goraipatzen duten maxiburger ospetsu horietako bat probatzeko aukera izango du, behingoz! Janari lasterreko kate baten sukurtsalean elkartu, makina batean eskaera egin, eta jasotzera joan da mostradorera, poz-pozik. Ordaindu eta gero, zoritxarrez, lurrera jausten zaio. Atzetik datorren bezeroak, gainera, nahi gabe zapaldu egiten du eta negarrez hasi da neskatoa. Langileak eszena ikusi du, lagundu nahiko lioke (hori izango litzateke, agian, eguneko gauzarik ederrena) baina ezin du ezer egin: sistema informatikoak ez dio uzten aurreko eskaera ezabatzen eta beste bat bideratzen. «Nahi baduzu, bezeroaren arretarako zerbitzura mezu elektroniko bat idatzi dezakezu eta, agian, deskontu-bonu bat bidaliko dizute. Horrela funtzionatzen du honek...».
Eta horrelako adibidez beterik dago Hartmut Rosaren azken liburua (Egoera eta konstelazioa); gure bizitzan protokoloen menpe dauden askotariko egoerak aztertzen ditu. Egilearen arabera, herritarren erabakimen maila gero eta murritzagoa da; etsipena, inpotentzia eta tristura eragiten dizkigu, oharkabean. Adibide txikiak, orokorrak zein pertsonalak aipatzen ditu idazleak. Besteak beste, semebitxiarekin eskiatzera joan zen egun hartakoa: teleskirako txartelak Interneten erosiak bazeuzkaten ere, sarrerako tornu automatikoak ez zien pasatzen utzi. Data oker zegoen, antza, hurrengo egunerako ziren txartelak. Ziurrenik bere akatsa izango zela dio; gainera, leihatilako langilea laguntzeko prest zegoen, baina, zoritxarrez, ezin zuen ezer egin: ez data aldatu, ezta sarreren dirua bueltatu ere. Beste bi erosi behar izan zituen, askoz garestiagoak: «Sentitzen dut, teknikoki ezin dizuet eskaini Interneten bidez erositakoen prezio bera», esan zien, etsipenez.
Ez da gauza bera Legoko pieza solteekin jolastea, edo bideratuta dagoen transatlantiko bat muntatzea. Horixe da gure bizitzaren aktore izatearen eta protokoloari jarraitzearen arteko aldea…
Ez dira adibide tragikoak (hala onartzen du), baina sintomatikoak dira biak: testuinguruak ezabatu, subjektibotasuna deuseztatu eta erabakitzeko gaitasuna gero eta murritzagoa egiten ari den bizimodu baten seinale. Kanpotik (ez dakigu oso ondo nondik) erabat administratutako mundu kafkiar batean bizi gara. Eta horrek gure sozializatzeko eran eta lanarekiko daukagun loturan ondorioak dauzka. Idazleak, ildo horretan, egiten ditugun lan asko «hilda» daudela azpimarratzen du eta, horregatik, isolamendu sentsazioa eta nekezia berezi bat pairatzen ditugula. Dena astun bihurtzen da, energia lurrundu eta bizipoza desagertu; hustuta gaude, leher eginda… gure bizitzaren aktore izatetik arauak edo erregelak betetzen dituzten pertsona anonimo izatera pasatu gara.
Bestelako nekezia mota bat delako jolas egin, lagundu edota kozinatu dugun egunekoa (zereginen zerrenda betetzeak ematen digunarekin alderatuta). Ez delako gauza bera kozinatzea edo Thermomixarekin janaria prestatzea (janaria bikain ateratzen bada ere). Eta ez delako gauza bera Legoko pieza solteekin jolastea, edo bideratuta dagoen transatlantiko bat muntatzea (apalategian ederto geratzen bada ere). Eta horixe da gure bizitzaren aktore izatearen eta protokoloari jarraitzearen arteko aldea…
Hala ere, galdera bat datorkit Hartmut Rosaren liburua irakurri ostean: nola murriztu daiteke boteretsuen erabakimena eta jendeari gehiago eman? Ez dut uste erantzuna adimen artifizialari (adimen delegatuari, Marina Garcésen hitzetan) galdetzearekin nahikoa izango denik. Edozein modutan, protokoloen inguruko iritzi artikulu hau amaitzeko: ados bazaude, sakatu 1 eta bueltatu hasierara; ez bazaude ados, sakatu 2 eta pasatu hurrengo orrialdera; bestela, sakatu 3, eta itxaron…