Karlos Aizpurua Etxarte.
ARKUPEAN

Saran astia

2017ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Garizuma bukatu eta biharamunean etorri da, Lizuniagan barrena. Kontatzeko maneran du ezagun klimaxaren zorabioak irauten diola, ederregia baita Lizuniaga; eder eta lizun, Montoiaren Sexmobilekoa bezainbat.

Errekastoak nonahi, orbela ihintzetan, laiotzaren hezea. Enegarren aldiz datorrenean ere sentsazio bera biziko du, maitemina bizpahiru urteko kontua dela uste duen arren. Behialako mugazainen etxea ezkerrean utzi orduko sumatu ditu feromonak airean: bekoz beko gurutzatu zaizkio mendea eta segundoa. Arboletako hostoek musukatu dute, zoruko putzuek ferekatu, haizeak bekatuak xuxurlatu dizkio pasabide fardoan gaindi. Eldarnioak jota, oina altxatu du azeleragailutik. Emekiago aitzinatu da, baina zentzu denak iratzarrita. Igelaren korroka du belarrian, bareen kili-kilia oinetan, urtxintxaren jauzia begietan.

Urritzetako orkatzari so zetorrela, Michelinetan porrokatu du triku bat, Atxagaren hura beharbada, hogeita zazpi hitz besterik ez zekizkiena. Euskal idazleen biltzarrera zetorren sagarroia zen menturaz. Gaizo trikua! Ez zuen ezagutzen Peugeot jakobinoaren atzaparrik; ez zen ohartu bere heriotzaren hurbiltasunaz.

Kamino bazterretako arbolek bakarrik utzi dutenean agertu zaio Elizanbururen etxe txikitxo aitzin zuria menditxo baten gainean, lau haitz ondoren erdian, zakur zuri bat atean duela eta iturritxo bat aldean. Patar goiti eta beheitien ondotik ordokia eta Ordorika: Olhabideko borda, platanerrak lerroz lerro eta postalezko paisaia: Martin Larralderen larre berdeak, etxe zuri teila gorriak, jendarme auto bat bidean bildots artean pasatzen... Halako batean azaldu zaigu etxean.

Bidean hezurretaraino lasaitu dela esan dit; sakonago arnasten ari ote den susmoa duela. «Saran astia» da saratarrek hitzetik hortzera dioten esapidea; ez dutela presarik, alegia. Egia esan, askotan dirudi denerako denbora dutela, ematen du patxada ederrean bizi direla, bokata herriko latsarrian egiten zeneko erritmoan.

Autorik ez dugula hartuko esan diot, saratar estilora gaki garela plazara, lasai-lasai, oinez. Etxetik atera bezain laster Graxi topatu dugu bidean, irribarretsu; barrandan ariko zen, nik uste. Tar, tar, tar bospasei minutu. Saran astia. Ehun metro egin baino lehen Txistu aurkitu dugu, umore onean, beti bezala. Mundua konpondu dugu beste bospasei minutuko tartarrean. Saran astia. Hemen «iepa» soil bat edo bekainak igotako «presaka nabil» bat ez da aski estakuru aurrera segitzeko.

Plaza ondoko aparkalekuan, Sara guztian baino aisialdirako furgoneta gehiago ikusi ditugu: bi California, bi Trafic eta hiru Vito. KONTUZ PAILAZOAK pegatina duen Vitoko batek, ez egun on eta ez mesedez, Larruna igotzeko biderik laburrena nondik den galdetu digu. GPSari begira eman dizkigu eskerrak; bada zerbait.

Barearen urratsean ibilita ailegatu gara plazara. Ohi baino jende eta dezibel gehiago dago ostatuan. Kitxuak eta tiernuakThe Ipar Face-an. Gaur ez da txorien txorrotxiorik kanpoko terrazan. «Mikel jode que no hay ni rabas ni bravas ni nada! Edateko zer? Zurito?». Buruarekin baieztatu dio Marca leitzen duen bitartean. Badator barratik atzera berriz emakumea. «Kaña bat ekarri dizut, le decía zurito y no me entendía! Oso frantsesa da hau ez?». Begira ari natzaiola ohartu da. Ondoan du semea; aitari aitaka ari zaiona. Aitak, ordea, ez dio den mendreneko kasurik egiten; Anoetako prentsaurrekoan baitu burua. «A ver Markel. Bob Esponja edo Jorge de la Jungla?». Eta segidan ostatuko telebistaren tamainako smartphonea atera du motxilatik amak.

Tipi-tapa egin dugu etxerako itzulia. Goizean gaztigatu dit ez zuela bazkaltzera geratzeko astirik. Baina geratu egin da. Eta hemen jarraitzen du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.