Etzi izango da Liburuaren Nazioarteko Eguna eta dagoeneko martxan dira liburu-dendak (bizirik dirautenak) eta argitaletxeak egun berezia prestatzen, jakina denez Katalunian are bereziagoa dena. Miguel de Cervantes, Inca Garcilaso de la Vega eta William Shakespeare idazleen heriotza 1616ko apirilaren 23a izan zelako pentsatu zuten horrela, nahiz eta geroago jakin dugun hirutik bi kasutan ez dela egia. Unescok 1995ean izendatu zuen ofizialki eguna, baina askoz lehenagotik ere ospatu izan dugu toki askotan.
Shakespeare eta gu. 1974ko irailaren 2an Boisetik Oñatira bi autobus iritsi ziren unibertsitate campus bati hasiera ematera. Euskal diasporaren historian sekulako garrantzia izan duen esperientzia baten lehen urratsa zen hura. Guztira 90 pertsona inguru, ikasleak, irakasleak eta haien senide batzuk. Ez ziren denak euskal jatorrikoak, beste arrazoi batzuk direla medio ere eman zuten izena hainbat gazte amerikarrek abentura hartan. Irakasleen artean John Woodworth izeneko bat, ordurako jubilatua. Pat Bieter antolatzaileak diruagatik jo zuen berarengana Euskal Herrira etor zedin; izan ere, aurrekontua urria izanik merkeagoa zen irakasle emeritu bat kontratatzea. Drama irakasle aparta izana zen Woodworth Boiseko Estatu Unibertsitatean, bereziki Shakespeare ingelesean aditua. Izan zen bere klaseak jarraitzeagatik Oñatira etortzea erabaki zuen gazterik. Tartean William Petersen, gero aktore ospetsu bihurtuko zena.
Azaroaren 28an, Thanksgiving egun handia eurentzat, Hamlet aurkeztu zuten gazte haiek arratsaldeko seiak eta erdietan, Petersen, jakina, protagonista nagusia zela. Carmelo Urza irakasle gazteak (gero Donostiako Urrezko Danborra izan zena) urrea bezala gordetzen du egun hartarako sortutako karteltxoa. Asko maite genuen oñatiar baten izena ere agertzen da bertan argiteriaren arduradun gisa: Felix Arregi. Baina ororen gainetik ikusle berezi bat egon zen San Lorentzo izeneko eraikin hartako antzoki inprobisatuan, ohorezko gonbidatua: Bedita Larrakoetxea (Zeanuri 1894, Oñati 1990).
Liburuaren Nazioarteko Egunaren atarian gera bedi kontatua pasarte bitxi –eta hunkigarri– hau, duela 52 urteko Oñatin elkartu zituena XVI-XVII. mendeko idazle unibertsal bat, Oklahomako irakasle bat, Arratiako itzultzaile bat eta Illinoisen jaiotako aktore gazte bat, gero telebistak eta zineak ospetsu bihurtuko zutena
Abertzale eta euskaltzale sutsua izanik, Euskal Herritik alde egin beharrean izan zen Larrakoetxea gerra garaian, hasieran gerrako umeei Ingalaterran laguntzen. Bere biografia oparoa Paulo Anduagak du idatzia Bidegileak bilduman, baina batez ere Shakespeare euskaratu izana eskertu behar diogu berari. Ameriketako egonaldi luzearen bueltan, Oñatin zegoen jubilatua, bere itzulpen haiek nork argitaratuko zain. Aita Santi Onaindiak ondo kontatu zuen pasarte hori: azkenean Kardaberaz Bazkunak plazaratu zuen lana sei tomotan.
Yon Oñatibiak John Woodworth-i kontatu zion herri hartan, bizi ziren eraikinaren jabeak ziren apaiz laterandarren anaidian, bazegoela gizon bat Shakespeare euskarara itzulia zuena. Zur eta lur geratu zen Ameriketatik etorritako irakaslea, ezin sinetsirik. Harrituta, miretsita. Orduan herriko alkate zen Reyes Korkostegiri eskatu zion antola zezala mesedez urtero Shakespeare jaialdi bat Larrakoetxearen omenez. Alkateak baiezkoa eman ziola kontatu zion Woodhorth-ek John Beitia adiskideari Boisera bidalitako azken gutunean, handik gutxira, 1975eko apirilaren 11n, Oñatin bertan hil baitzen irakaslea bihotzekoak emanda. Agian horregatik ez zen gauzatu urteroko jaialdiaren ekimena.
Badago Shakespeare euskaratu duen jende gehiago, tartean Bingen Ametzaga eta Juan Garzia. Bernardo Atxagak Bedita Larrakoetxearen itzulpena hartu zuen oinarri duela urte batzuk Calixto Bieitoren antzezlan baten euskarazko bertsiorako. Oñatiko euskaltegia Zeanuriko laterandarraren izenarekin bataiatu zuten duela hamarkada batzuk. Ez daukagu, beraz, erabat ahaztua. Liburuaren Nazioarteko Egunaren atarian gera bedi kontatua pasarte bitxi —eta hunkigarri— hau, duela 52 urteko Oñatin elkartu zituena XVI-XVII. mendeko idazle unibertsal bat, Oklahomako irakasle bat, Arratiako itzultzaile bat eta Illinoisen jaiotako aktore gazte bat, gero telebistak eta zineak ospetsu bihurtuko zutena.