Garazi Kamio Anduaga.

Sinkronia

2026ko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bat egin, ados izan, bateratu, uztartu... edo nahi duzun aditz mordo hori. Uztarri bat zer den ere ez dakigun garaian idiak eta ideiak lotu nahi ditugu, sinbiosia lortu edo pauso berean joan ildo zuzen eta amaigabe batean. Hitz potoloz betetzen zaie ahoa askori eta diabetesaren beldurrez edo, azukrez beteriko hitzak alde batera uzten dituzte benetan behazun kolorea duten berbak botatzeko.

Badakit PISA delakoaz asko hitz egin dela, betiko leloaren betiko leloa izan dela guztia, eta, etxean zenuen Scalextric hartan bezala, azken batean autoa beti leku berera bueltatzen da, bihurgunez betetako itzulinguru bat egin eta gero. PISA txostena etxeko laguna izatera iristen baita, beste albiste guztiek bezalaxe, iraungitze data igarotzen duen arte: eman bi aste eta ahaztuko gara txostenaz.

Bada gauza bat harritzen nauena: 15 urteko nerabeak dira jopuntua, eta bai, gure erretiroa eta pentsioak ordainduko dituztenak dira; noizbait ospitaleetan artatuko gaituztenak, tresna berritzaileetan berritzaileena asmatuko dutenak edo gasolindegian kotxearen depositua lepo-hezurreraino beteko digutenak. Denetarako beharko baita jendea, gaur egun gertatzen den bezala. Kontua da haurrak inoiz baino prestatuago nahi ditugula, noizbait Goliat handia parez pare jarriko zaielakoan eta harririk eskura izango ez dutelako.

Haurrak produkziorako prestatzen ari gara: eskolaz kanpoko hamaika jarduera dituzte, eta etorkizunean prest egon behar dute datorrenari aurre egiteko. Ez eman irakurtzeko ezer, alergia etorriko baitzaio trostan. Eta era berean, txosten batek asaldatzen gaitu, hain justu eskolaz kanpo egiten ez duten hori ebaluatzen baitzaie. Utzi alde batera gaztelania-euskara binomioa, erabat jokoz kanpo baitago: gaztelania hutsean bizi denak ere irakurketa-ulermena hankazpian izaten du behin baino gehiagotan. Bestela, sare sozialetako taldeetan bueltaxka bat ematea besterik ez dago: zenbat aldiz errepikatzen ote diren erantzunak norbaitek galdera edo arazoren bat adierazten duenean; edo, besterik gabe, testu baten erdia ere irakurtzen ez duenean.

Utzi alde batera gaztelania-euskara binomioa, erabat jokoz kanpo baitago: gaztelania hutsean bizi denak ere irakurketa-ulermena hankazpian izaten du behin baino gehiagotan

Sinkronia beharrezkoa da, testu honen hasieran aipatu ditugun aditz horiek bezalaxe. Etxeko erreferenteek ez badute egiten, nola egingo dute eurek? Haurrak helduon ispilu omen dira, eta, etxean ez badute non ipini euren isla, ez eskatu lortzeko zaila dena. Etxetik bertatik sustatzen ez dena eskolan maiz hankamotz geratzen baita.

Superprodukzioan onenak izatera deitu gintuzten, agian gure aurpegia lantegiko hilabeteko langile modura jarri beharko lukete sarrerako paretaren batean. Zoriontsuak izatera deituak izan ginen, baina faltsukeriarekin nahasian eskaini ziguten panazea: iruzurgilearen sindromearekin edo gabe, ez bagara muturreraino aktiboak, akabo gure estatus garbi hori.

Azken egun hauetan jakin dugu Iruñeko Mariburruntzi igeriketa-sinkronizatu taldea Europako azpitxapelduna izan dela. 50 eta 60 urte arteko emakumez osatua dago sinkronizazioaren esparruaren inguruan dabilen kirol-talde hau; eta ez, ez dira haurrak ziren garaitik igerileku batean sinkronia ikasten ibili direnak: askok azken urte hauetan topatu dute maitagarri izateaz gain, bere egin duten kirola. Ez dago presarik, ez eskolaz kanpoko jarduera estresagarririk edo, labur esanda, bizitzan aukera anitz datoz produktibitatearen errubera zoroan sartu behar gabe.

Sinkronia eta koherentzia eskatzen du bizitzak, mariburduntziaren hegaldiaren antzera. Pazientziaz, sinkroniaz eta patxadaz azken lerro honetara iritsi bazara, zorionekoa ni. Agian sinkronizatuko gara denok ere noizbait, igerilekuan, liburu baten aurrean edo PISAri gainean pixa eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA