Bost urte eskas geratzen zaizkigu, kamarada. Bazterrak nahasi baino, erratza hartu eta gabeziak alfonbraren azpian gordetzeko garaia iritsi omen da. Agian duela zenbait urte atzera egin behar omen genuke, baita ere. Ez naiz ni profeten hitzekin zientzia-fikziozko edo errealitate gordinari men egiten dion testu bat asmatzen hasiko, baina auto-etxe propioa duen gomazko aurpegidunak badio, adi egon beharko. Elon Musk izan baita asteon hitz horiek esan dituena eta arrazoiaren bidean doala ezin uka. Adimen artifiziala badator trostan eta sekulako esprinta joko du, gizakia bera ere atzean utziko duena. Muskek dio, martxa honetan jarraituz gero, makinak gizakia irabazteko gai izango direla eta agian Ray Bradbury bera atera beharko dugu betiereko lozorrotik fikziotik kanpoko bizitza zertan den erakusteko.
Ez diot Elon Muski kontra egingo, arrazoi inportanteak jarri baititu mahaiaren gainean. Baina lerro hauek probestu nahiko nituzke lasaitasun izpi bat bidaltzeko, lokartu aurretik BERRIA hartu eta hitzen amaraun hau irakurtzen badu. Adimen Artifiziala arriskutsua da bai, baina baita zure burua entzefalograma lauan uzteko ere.
Erabilgarria izango zelakoan, ChatGPTren harpidetza egin dute hainbat lantokitan. Egia da, erabilgarria da oso, baldin eta Txati famatuari behar duzuna zehatz-mehatz eta argi esaten badiozu. Azken batean, hortxe baitago koska, nahi duzuna ongi adierazten duen prompt eder bat idazteko gai izaten. Edozein tresna egoki erabiliz gero erabat baliagarria da baina Musk eta enparauak larritzen hasi badira, malo.
Adimen artifiziala badator trostan eta sekulako esprinta joko du, gizakia bera ere atzean utziko duena. Muskek dio, martxa honetan jarraituz gero, makinak gizakia irabazteko gai izango direla
Gure herriko jaixetan bezala, edozein lantegitan mota askotako galderak jaso ditzake adimen artifizialak. Izan daitezke profesionalak edo zure tentazioak bere burua ondo kanibalizatua izan dezake, eta uda lasaian orakulu bat balitz bezala erabil daiteke ditxosozko tresna supersonikoa. Eta uda ondotik, itsasertzean mareak uzten dituen harritxoak bezala azaltzen dira norberaren ordenagailuan.
1-Kendu iezadazu argazkiko lepapea; ondoren, aldatu atzeko irudia beste honengatik; ez iezadazu elastikoaren kolorea aldatu, ez dizut halakorik eskatu. 2-Zenbat balio du eskela bat jartzeak Diariovascon? 3- Zer behar da NAN-a berritzeko? Mototsarekin atera al naiteke argazkian? 4-Akain bat izanez gero, larrialdietara jo behar al dut? Nork kentzen du akaina, medikuak ala erizainak? 6-Zein marrazki bizidunetan agertzen dira pertsonaia more, berde eta beltzak? 7-Kaixo, oporretan nago eta hondartza oso polit batean gaude. Arrainek nazka handia ematen didate. Orain arte ez dut arazorik izan baina 9etan bainatu garenean bi arrain koltxonetara hurbildu zaizkit, ez ur azpitik baizik eta goitik. Nazka ematen dit berriz ukituko nautela pentsatzeak. Zenbateko probabilitatea dago berriz gerta dadin? 9-Zergatik da solomo bat gorria eta bestea zuria?
Gizakiak sarraskiak sor ditzake adimen artifiziala erabilita edo agian, adimen artifizialak berak suntsitu dezake gizakia, azken honek inongo agindurik eman gabe. Hariaren muturrean, ordea, badira beste mugikorrean edo ordenagailuan erantzuna ematen dien hori oso adeitsua den laguna dela uste dutenak. Ez dut uste sekula autoak diseinatu eta salduko ditudanik baina sikiera arrazoiaren erdia emango diot Elon Muski: adimen artifizialak min handia egin dakiguke, nahiz eta arrazoi desberdinak izan min hori justifikatzeko. Hariak ere bi mutur dituelako, solomoak bi kolore dituen bezala.
Auskalo zenbat litro ur eta zuhaitz hektarea galdu ditugun inozokerian murgilduta dauden galdera adimentsuak egiten.