Garazi Kamio Anduaga.

Strava Mentala

2026ko urriaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behinola sortu zuten aplikazioa eta erori ginen ziplo, txantxiku bat airean bota eta lurrean hankak jartzen dituenean bezala, non gauden ere ez dakiela. Eta hortxe gabiltza, tarraka-tarraka gu ere, hau dela eta bestea dela, baina beti aplikazioak esaten diguna egiten eta sare sozialetan lau haizeetara zabaltzen. Ziria sartu ziguten saria lortuko genuela sinetsarazi zigutenean: osasuna galtzeko zorian gaude aplikazioa erabiltzen dugunak. Beraz, kasu: birritan pentsatu Strava Mentala aplikazioa deskargatu aurretik.

Zirimola honetan sartu nintzenetik, laneko egoerak, adibidez, ez du askorik laguntzen: bazkaltzera joan eta literaturaz ari dira lankide guztiak. Bakoitzak mesanotxean duen liburuari buruz hitz egiten du otordua egiten duen bitartean eta hitz-aspertu luzeak egiten ditugu kafea hartzeko tenorean. Batek bere iritzia plazaratzen du; idazleak erabiltzen dituen aditz formak izan ditzake hizpide edo idatzi dituen adjektiboen nolakotasuna. Ziur naiz ahal izango bagenu hizki formadun pasta zatitxoak dituen zopa jango genukeela egunero.

Goizean ere galtza bete lan ibiltzen gara: irratian entzundako albisteei buruz hitz egiten dugu: Bilbon Vito Quiles etortzekoa zela eta ondoren gertatutako guztia; Lularen garaipena eta Bolsonaroren kasketaldia edo egunean bertan zerrendan dagoen etxegabetzeari buruzko albistea. Beharbada ez gara irratira edo telebistara gure iritzia ematera joango, analista petoaren odola ez dugulako, baina gure mailan aritzen gara geopolitikaz, ekonomiaz edo kulturaz hizketan. Atsegin dugulako inguruan gertatzen denaz jakitun izatea. Horixe baita azken batean bizitza bera: zure ondoan, gertu ala urrunago dagoenari buruz jakitea, literaturaz aritzea edo filmak zineman ikustea, ondoren ganoradun kritika bat partekatu ahal izateko.

Beharbada ez gara irratira edo telebistara gure iritzia ematera joango, analista petoaren odola ez dugulako, baina gure mailan aritzen gara geopolitikaz, ekonomiaz edo kulturaz hizketan. Atsegin dugulako inguruan gertatzen denaz jakitun izatea.

Honek guztiak badu bere alde okerra, Ilargiak ezkutatzen duen alde ilun hori bezalakoa: estresatzen ere hasi ote naizen galdetzen diot neure buruari. Lanean ez ezik, kalean ere hasi zaizkit galdezka ea zenbat karaktere idazten ditudan minutuko, eta liburu bateko zenbat orrialde irakurtzen ditudan ordubetean. Neroni oso kontziente naiz ez nabilela gaizki ez batean ezta bestean ere, baina karaktereen abiaduran zein irakurraldietan nire markak hobetu ditzakedala argi dago. Horregatik ez dut ezer igotzen aspaldian Strava Mentala aplikaziora: beldur naiz zer esango ote didaten gaur oheratzen naizen garaian begietako pertsianak uste baino lehenago jaisten bazaizkit eta eguneko gutxi gorabeherako denborara iristen ez banaiz.

Hala ere, eta nire lasaitasunerako, goizean etorri zait begien aurrera estres honen guztiaren antidotoa izan daitekeena. Dutxa ondoren, desodorantea hartu dut eta bertan zetorrena irakurri dut: «Epic legend. Txapeldunen usaina du». Hori zen behar nuen guztia.

Nahiko nuke kirolera soilik bideratuta dagoen Strava bat izan eta lanean kirolari buruz hitz egin. Baina argi, ez du ondo pasatzeko kirolak balioko: zure markak etengabe hobetzea eskatuko dizun aplikazio bat nahiko nuke, ondoren elkarrizketa guztiak kirolaren ingurura bideratuko dituena; izan lanean edo kalean. Estresa kentzeko baino, kirola egin beharraren eta berau erakutsi beharraren premiara bideratuko gaituen zerbait nahiko nuke. Noski, domino-efektuarekin, etxeko txikienei ere beste horrenbeste erakutsiko genieke eta hala, ez lukete irakurri beharko, analisirik egin beharko eta Vito Quiles pailazo bat dela jakiteko beharrik izango.

Agian honek guztiak osasun mentalean eragin negatiboa izan dezakeela badakit, baina idazteko lerroak amaitu zaizkidalakoan nago. Hau da hau marka!
 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA