Amorrua eragin ohi zidan zein motatako musika gustatzen zitzaion galdetzean norbaitek «denetatik» erantzuten zidanean. Amorrua eragiten dit orain irizpide falta zirudien horrek nigan amorrua sortu izanak, gauza anitz gustuko izateak ez duelako berez ezer txarrik. Tolerantzia eskasak bai, ordea. Kuriosoa da, baina generoekiko tolerantzia falta hori ez zait inoiz ez liburuekin, ez film, ez telesailekin gertatu. Alderantziz, nik neuk onartzen dut lana ona baldin bada (edo entretenigarria behintzat) ia edozer gauza gozatzeko gai naizela. Hala ere, badira traumatxoak sortu dizkidatelako-edo distantzia osasuntsu batera mantendu ditudan generoak. Horregatik ez naiz, gaur egungo joeren kontra, beldurrezko fikzioak irensten dituztenetakoa. Erakarri egiten naute, kontziente bainaiz azken hamarkadako ikus-entzunezko sormenaren erresistentzia txoko horretan gertatu dela neurri handi batean, baina Sinners filmarekin dantzan eta Emmy sorta bat irabazi dituen Widow's Bay telesailarekin barrez, saltoka eta aurpegia kojin baten atzean ezkutatzen ibili banaiz, eta gustatu bazait ere, nire neurak gainditzeko bidea oso luzea da.
Zer pentsatua ematen du beldurraren txoko horrek, genero jakin baten arrakastak gizartearen egoerarekin harremana izan ohi duelako. Laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetako komedia erromantikoek harremanen eta desiren inguruan garai hartako pentsamoldeari buruz zeozer esaten zuten. Zehazki zer, ez nago oso ziur. Hugh Granten aurpegia zuen babo torpe bat sekulako emakume bat lortzeko gai zela, edo, Nora Ephron-en When Harry Met Sally generoaren maisulanaren arabera, emakumeak eta gizonezkoak ezin direla lagunak izan tartean sentimendu erromantikoak gurutzatu gabe. Gaur egun argi dugu ezin badira lagunak izan arrazoia ez dela maitemina, baboak jasateko pazientzia galdu izana baizik, halakoek Hugh Granten aurpegia izan ala ez.
Garai post-superheroikoetan bizi gara orain (saturazioak ez gaitu post-faxismora eraman, tamalez), eta testuinguru honetan beldurrezko generoa bere itzala zabalduz joan da, pixkanaka eta etengabe
Garatu ez dudan teoria bat daukat (ez oso originala) faxismoaren eta superheroien produkzioen gorakadaren arteko harremanari buruz. Saturazioak eraginda, garai post-superheroikoetan bizi gara orain (saturazioak ez gaitu post-faxismora eraman, tamalez), eta testuinguru honetan beldurrezko generoa bere itzala zabalduz joan da, pixkanaka eta etengabe. Superheroien gaizkileak diruditen supermilionarioak dauden arren, badago aurpegirik gabeko maltzur bat gure egunerokotasunean. Lantokia, turismoa eta beldurrezko generoaren klixe guztiak nahasten ditu lehen aipatu dudan Widow's Bay telesailak. Horregatik funtzionatzen du hain ondo: gu ere lan harremanen eta turismoaren absurdoaren eta, aldi berean, ulertzen ez dugun kontrolik gabeko hondamendi baten erdian bizi garela sumatzen dugulako nolabait.
Zeharka ala oso zuzenean, gure loak eteten duenari buruz hitz egiten dute beldurrezko fikzioek. Gizartearen termometro bat dira eta gure barne tenperatura neurtzen dute. Ondo legoke gure antsietate eta traumei aurre egiteko terapeutek gomendatzen duten esposizioa balira. Behin eta berriz parez pare jarrita, beldurrak gugan duen presioa murriztea lortuko bagenu. Lehenengoan sustoa ematen duena hamaikagarrenean hainbesterako izan ez dadin. Hamaikagarrenean gutxi gorabeherako segurtasun batekin aztoratzen gaituen horri aurre egiteko gai izan gaitezen. Badakigulako zer den. Badakigulako zein itxura duen munstroak.
Baina ez da horrela. Nire kasuan badakit inoiz ez naizela bilakatuko zarata bat entzun eta, sofatik oihukatzen diren gomendio guztien kontra, zartagin bat hartuta sotora jaisten den heroia. Postreko labana bat eskuan dudala erasoko dit zeozer batek, eta lehenengo bost minutuetan akabatzen duten pertsonaia ahantzigarri hori izango naiz asko jota, gaur egungo terroreek ikaratuta.