Aner Peritz.

Top zuriaren lapurreta

2026ko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lapurtzearen aurkako moralismo asko entzuten da. Gu, oro har, gehitxo daukanari kentzearen alde. Lapurtzen dugu dendetan, Inditexen, baina ez dauka inplikazio bera denontzat. Jendeak bizirauteko lapurtzen du, klase zuriko ezkertiarrok transgresio edo erresistentzia bezala. Ez diegu multinazionalei ezer zor eta lapurtzen dugu guk ere, baina jende arrazializatua da lapur gisa kriminalizatzen dutena. Fribolizaziorako arrisku horrekin doa artikulu hau.

Asteartea da, goizeko hamaikak, eta epaitegiko atearen barruan nago K pisukidearen zain. Berehala dator. «Zara Aner» deitu didate duela 15 minutu aulkitik jaikitzeko. Barre urduria neukan. Antzerki bat ematen zuen, edo pelikula bat, kasualitateak kasualitateegi diren horietakoa.

Kontua da lehengo astean eta K-rekin hitz egin gabe Boulevard-era joan ginela erosketetara A, M eta hirurok. Zaran hiru gauza hartu nituen, eta merkeena ordaindu. Nahi baino okerrago egin nuen, eta harrapatu nindutelako nago epaitegian K-ren zain, epaiketa azkarra eduki ondoren.

Etxera iritsi ginenean, beste pisukideek txantxa bat zela pentsatu zuten hasieran. Epaitegiko 15. gelan neukan zita, asteartean, 10:45ean. Pare bat ordura K iritsi zen etxera, eta besteekin hizketan entzun nuen. «Ezin da izen, ez dot sinisten, ni engañetan zabizie». «Ze pasatzea? Ez da hain fuertea», zioen K-k. Ez genekien, baina gure ondoren K joan zen Boulevard-era. Bershkan harrapatu zuten, eta epaiketa azkarra jarri zioten: asteartean, 11:15ean, epaitegiko 15. gelan. Normalena zen kasualitatea ez sinestea. Ez genekien epaiketak hain erraz eta alarmak hain ezkutuan jartzen zituztela.

Jendeak bizirauteko lapurtzen du, klase zuriko ezkertiarrok transgresio edo erresistentzia bezala

K ez da iritsi nire epaiketara, eta horregatik sartu naiz bakarrik. Barruko aulkian eseri naizenean «Aner Peritz Manterola jauna» deitu didate. Sustoa hartu dut. Epaileak, fiskalak eta abokatuak oso azkar hitz egiten dute, super buruz dakite zein den gidoi zehatza. Epaileari esan diot printzipioz egindakoa aitortzeko asmoa dudala. Abokatua gertatua azaltzen hasi da orduan.

Nik ustez etiketak kendu arren pi egin zidan ateak, eta biratu egin nintzen. Segurtasuneko andreak mugikorrean erakutsi zizkidan poltsan ezkutatuta neuzkan bi gauzak. Atera egin nizkion eta korridore batera eraman gintuen A eta biok. Bitartean, M-k berea ordaindu zuen eta kanpoan itxaron zigun, flipatzen. Bi segurtasuneko etorri ziren, eta udaltzainei hots egin zieten. Hauek etorri artean hango segurtasuneko gizonak esan zuen kanpotarrek lasai lapur dezaketela zernahi, baina guk ez, halakoak garesti irteten zaizkigula. Isilik geratu ginen.

Dendako arduraduna etorri zen. «Top zuri bat ere falta da», zioen. «Hori nik ez daukat», esan nion. «Laguna, etor dadila laguna». Argi esan genien M-k ez zekiela ezer. Top zuria erakutsi ziguten: M-k ez luke mozorrotarako ere jantziko, butch gipuzkoar bat da. Udaltzainei ere esan genien ez genekiela ezer top zuriaz. Alferrik zen, kameretan ari ziren bila. M haserretzen ari zen. Beste bi udaltzain etorri ziren. M-ri joaten utzi zioten azkenean, ezin omen zuten bere kolaborazioa frogatu. Askotan norberak ez du jakiten norekin kolaboratzen ari den ere. M-k ikusi zuen, antza. Hala kontatu zigun gero. Segurtasunekoa gurekin zegoen bitartean, sortu zen nahasmena probestuz, neska bat atera zen poltsa batekin eta pi egin zion ateak. Aurrera jarraitu zuen, eta segurtasunekoa ez zen enteratu.

«Aner, onartzen duzu hori horrela gertatu zela?». «Bai». Horren ondoren etorri naiz K-ri itxarotera. Iritsi da. 15. gelara lagundu diot niri zer galdetu didaten azaldu bitartean. Abokatu bera da Zarakoa eta Bershkakoa. «Bershka K» deitu diote eta sartu egin da laguna. Kanpoan itxaron diot, 10 minutu dira. Epaileak esan digunez, gutunak helduko zaizkigu etxera. Bertan jarriko omen du, gure egoera ekonomikoaren arabera, zein kostu indibidual dakarkigun kolektiboki top zuria lapurtu izanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE