Entzun nuen lehen Euskal Herriko Txapelketa 2013koa izan zen. Aitak bonboi zorro bat eramaten zidan saio bakoitzerako eta sandia formadun goxokiak bakarkakoetarako atxikitzen nituen. Azken puntuetan ahoratu ohi nituen eta txaloka hasi, esku azukreztatuez.
Bada txapelketa hartatik bereziki oroitzen dudan bakarkako bat. Beñat Gaztelumendik Altsasun kantatu zuen bertsoaldi ederra. «Mahaiko entsalada dugu ordu erdiz ahoratu [...]». Ez nuen dena ulertuko, baina sentitutakoarekin konektatzea lortzen dut oraindik. Final hura amatxiren sukaldetik aitatxirekin behatu nuen. Aitatxi final guzian zehar egon zen hiru dimentsioko telebistari so, eta hunkituta oroitzen dut, leihoak sartzen uzten zuen aire freskoaren artetik.
2017ko Txapelketaren finala zuzenean ikusteko aukera izan nuen. Irri batekin oroitzen dut final hura. Maialenen buruz buruko bakarkakoaren lehen bertsoa entzun eta segidan galdezka hasi nintzaion amari: «Zertaz ari da, ama?» Ahal bezala esplikatu zidan txaloen artetik, masailak gorri. Prostituta baten paperetik ari zela azalduta, harrapatua bezain liluratua gelditu nintzen ulertu nuen poxiarekin.
2022ko finala, berriz, lagunen ondoan ikusi nuen eta zirrara handiko eguna izan zen. Alaiaren bigarren lehen aldiari buruzko bakarkakoa, Nereak familiakide baten erasoak jasan zituen baten paperetik kantatutakoa eta Maialenen garbitzailearen bakarkakoa elkarrekin entzun eta bizi izatea arrunt berezia izan zen. Hor hasi nintzen ohartzen bertsoak aldarriak komunikatzeko duen gaitasunaz, ideiak gorpuzteko duen potentzialaz.
Eskerrak bihotzez ateak, xeilak eta peajeak urratu zenituztenei, autopisten ertzetan espaloiak eraiki dituzuenei
2026ko txapelketa irailaren hondarrean hasi berri da eta lagunak entzun eta entzunen ditugu oholtzan. 7 urteko Hairak ez zuen sekula pentsatuko noizbait bere lagunen sustengatzera joanen zenik Euskal Herriko Txapelketara. Baina bai, hala da eta emozio handiko asteburuak izaten ari dira. Bide batez, hurrengo saioetarako hainbeste ez emozionatzeko norbaitek trukorik badu, hots egin, otoi.
Lagun horiek eskolarteko txapelketetan edo sariketetan ezagutu nituen, lehia testuinguru batean alegia. Ezagutu edo, lotsa eta urduritasunaren artean ahal dugun bezala kudeatu baikenituen interakzioak. Gerora, bertso udalekuek edo sormen egonaldiek elkartzeko beste aukera bat eman ziguten. Plazak (nahiz eta plaza bera lehia bihurtzen den finean), kotxe konpartitzeak eta kafeak iritsi ziren ondoren. Lehiaz hausnartzeak, haren kontzientzia hartzeak, bizipenez, pozez eta penez hitz egiteak egin gaitu lagun, hurbileko lagun.
Bertsolaritza anitz aldatu zen gu sortzerako eta are gehiago aldatu da gu iristerako. Gure erreferente asko daude oholtzan gaur egun, miresten dugun jendea. Bertsoa ulertzeko modu bat zabaldu digun jendea, gu iritsi aurretik euskararen alde eta feminismotik lan anitz egin duen jendea. Belaunaldi arrakala hor egonik, zaindu eta parez pare hartu gaituen jendea. Erran gabe doa, ez txapelketan ez plazan ez direla ahots eta gorputz guziak kabitzen oraindik, eta bide anitz dagoela egiteko.
Eskerrak bihotzez ateak, xeilak eta peajeak urratu zenituztenei, autopisten ertzetan espaloiak eraiki dituzuenei.
Kuraia on (eta ttinka estu bat nahi duenarendako) udazken honetan. Txapelketa batek goxoki-zorro batek bezainbat zapore ezberdin baititu: denak ez direlako sandia arroxak; tartean regaliz beltzak edo gehiegi pikatzen duten tira urdinak ere badaudelako.