oihana arana

Udaberri jendea

2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

Bitxiloreak erromantizatuko dituzu. Oparituko dizkiozu loreak aldamenekoari. Lore usaina eta izerdi usaina nahasten diren puntu zehatz horri deituko diozu konfort eremu. Lehortuko duzu Sant Jordi egunean oparituko dizuten arrosa hori. Hilko zaizkizu kaktusak. Maitemintzeko aro bikaina irudiko zaizu. Nazka emango dizu zeure buruak hori pentsatzen duen uneak. Sentituko duzu antsietatea edo tximeleta aldra bat tripan. Biak batera. Tximeletak harrapatuko dituzu kotxearekin. Tximeletak hilko dituzu. Triste jarriko zaitu horrek. Irailera arte autorik ez hartzeko gogoa piztuko zaizu. Bi egunez baino ez zara joango lanera bizikletan. Errudun sentituko zara goizero autoarekin zeure burua harrapatzen ari zarela sentituko duzulako, harik eta tximeleta bat zarela sentitzea apur bat egozentrikoegia dela onartzen duzun arte. Autopertzepzio egokia izateak beti laguntzen du lasaiago bizitzen.

Naturaren edertasunaz mintzatuko zara igandeetako mendi bueltetan, baina ihes egingo duzu erle bat gerturatzen zaizun momentuan. Mandarinak jateari utziko diozu. Zoparen ordez entsalada afaltzen hasiko zara. Ordainduko duzu ahuakatea bi euroko txanponarekin eta egongo da ustela. Izozki zapore berriak probatuko dituzula esango diozu zeure buruari, baina eskatuko dituzu limoizkoa edo jogurt zaporekoa. Tranpa egingo diozu zeure buruari, baina ondo sentituko zara.

Ausarta bazara, jantziko dituzu praka motzak eta sandaliak. Erosiko duzu Decathlonen urteroko krema poto berdina. Animatuko duzu zure inguruko jende guztia zuk hartutako erabakiak hartzera: sustatuko duzu zure lagunek tirantedun kamisetak janztea udazkena balitz bufanda jantziko zenukeen edozein egunetan. Eguzkiak erreko dizu sudur punta edo gorrituko zaizu polenaren ondorioz. Nazkatuko zara mukiak kentzeaz. Baina tira, malkoak isurtzeko aitzakia ez-emozional bat edukitzeak seguruago sentiaraziko zaitu. Orekatuago.

Biziko zara oreka horren bila. Deskantsatzeko arratsaldeak agendatzen. Ia-ia dutxatzeko orduak ere agendan apuntatzen. Hemendik eta udarako oporrak hartu arteko asteburu guztietan izango duzulako konpromiso sozialen bat edo beste. Inork ezer graberik leporatzen badizu irri egingo duzu garrantzirik ez balu moduan. Eta amorraraziko duzu inor hori, zeure burua baino apur bat gehiago. Egingo duzue negar, bakoitzak bere izara zikindun ohean, baina egon beharko duzue pozik, ez delako negua. Loreak hazi direlako. Bitxilorezko idunekoak egiteko garaia heldu delako.

Maite nau, ez nau maite. Udaberria maite duzu, baina hark ez zaitu maiteko. Udaberria ez da sentsazio bat. Udaberria aro bat da, besterik gabe. Petalo guztiak kenduko dizkiozu behar baino lehenago, eta orduan ulertuko duzu zergatik esaten dudan ez zaituela maite: galderak egingo dizkiozu, baina ez dizu ganorazko erantzunik emango. Bai ala ez ez dira «maite nauzu?» galderarentzako erantzun zilegiak. Beste galdera batekin erantzungo lizuke udazkenak. Badaude galdera batekin ez bada erantzun ezin diren galderak.

Damutuko zaizu udazkena erromantizatu izana; neguan hibernatu ez izana. Udaran zaudela performatuko duzu une oro, udara problematikoa ez balitz moduan. Opor garaia ez balitz udara urteko garairik gorrotagarriena izango ez balitz moduan.

Ez zaizkit dikotomiak gustatzen. Saiatzen naiz ona eta txarra; polita eta itsusia; edukia eta forma; etxea eta plaza... kontzeptuetan oinarritutako bereizketarik ez egiten. Ez dut uste, ordea, udaberria eta udazkena gauero elkarri bizkarra emanda lo egiten duten bi maitale haserretu ez direla ulertaraziko didan gizabanakorik badenik. Ez dakit udazkenean jaio nintzelako den, edo polenari alergia diodalako den besterik gabe. Baina uste dut udaberri jendeaz ez naizela gehiegi fio.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.