Aner Peritz.

Ukaziotik kanpo hala ere

2025eko abenduaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bide ohikoak ibili ditugu guk ere, parean topatu ditugunak. Institutua, eta batxilergoa, eta karrera familiak ordaindutako ikasle pisuan, eta masterra, eta lana. Irailez irail doluak eta aldaketak digeritzeko prozesu nostalgiko indibidualak eta kolektiboak igaro ditugu; eskolaz aldatu ziren lagunak ahaztu, herritik alde egin, Erasmusera joandakoekin berrelkartu, pisukideak eta ohiturak aldatu, lana eta ikasketak uztartu, udako opor luzeak irentsi, kontratuak sinatu, fidantzak galdutzat jo, auzoak ezagutu, arratsaldeak bete, ajearekin produzitzen asmatu. Egin zitekeena egin dugu egin zitekeenean, aparretan ito eta lasai huts egin. Norarik gabe joan eta iritsi gabe amaitu, arinki.

Baina badago adin bat paperen ertzetan marrazkiak egiteari uzten diozuna. Ohartzen zarena duela zenbait urteko zu hark espero zuenarekiko oso ezberdina zarela, dibertigarriago espero zintuela. Badago adin bat mugikorraren atzeko pantailako argazkia jada aldatzen ez duzuna, etorkizuna proiektatzen hasi behar duzuna, pultserarik oparitzen ez dena. «Bera gustura badago…» esaten hasten zaren adina da. Adin horretan inork ez dio galdetzen jendeari ea bere laguna izan nahi duen, ea bera zein bidetatik itzultzen den etxera. Adin horretan oporrei buruz galdetzen da, nominei buruz, maitasunari buruz. Heldu bihurtu behar den adina da, edo krisia, esaten den bezala. Klase ertaineko zuri baten gauzak.

Bat-batean igande arratsaldea da. Atzo gauean parranda egin zenuen inertziaz eta bihar lana daukazu, eta bakarrik zaude, etzanda, ordaintzera justu-justu iristen zaren zure etxeko logela zikineko ohean. Pixka bat gaizki eta ume eta errudun eta abandonatuta sentitzen zara, eta, sabaiko hezetasunari begira, negarrez hasi zara, isil. Eta negar intimo eta anekdotiko horretan korapilatzen dira denak: kapitalismoa, monogamia, heterosexualitatea, familia, lana.

Gogoan hartzen dituzu —prepotentzia eta infantilizazio puntu ezkutu batekin eta amorru politiko esplizituz— heldu normalak, ohikoak, kalean dabiltzanak. Badakizu haiek bikoteka bizi eta antolatzen direla, elkarrekin eta bankuekin hipotekatu, familia zoriontsuak osatu, lan errutina bat eratu, doan zaindu edo zainduarazi, festa utzi. Ideologikoki goitik begiratzen diezu batzuetan, kapital soziopolitikoaren arabera gorago daudelako beti, baina zu euskorrago koherentzian, ustez. Haiek ere infantilizatu egiten zaituzte zu, bestela.

Helduok irudikatzen dituzu maitemindu ziren garaiaz gogoratzen eta negar egiten; lehen urteetan kanpora, gero barrura. Urtean behingo lagunen bazkarian ondokoari besoa atzetik pasata «zergatik ez gara gehiagotan elkartzen?» esaten ikusten dituzu, eta zuk pentsatzen duzu badakizula zergatik den. Zure kuadrillakoak dira, bizilagunak, lankideak, gurasoak, aitona-amonak, anai-arrebak. Zuk ez duzu jolas horretan jolastu nahi, edo ezin duzu, edo lau jokalarirentzako jolasa bakarrik da. Ez duzu nahi, baina barru-barruan beldur bat daukazu, mehatxati. Zu ere ez al zaren eroriko. Zer daukazun zuk diferentea. Zu ere ez al zaituen munduak akomodatuko, heterosexualizatuko, liberalizatuko. Eta hala balitz, zenbatgarren kaxoian gordeko duzu kulpa?

Ez dugu jolas hori nahi. Ez dugu binaka bizi nahi, ez dugu hipotekatu nahi, haurrak eduki, familiak osatu. Ez dugu iragan distiratsua idealizatu nahi, orainaz penatu, esplotatuta egon, esplotatzaile izan, lagunak ahaztu, ataskatu gaituen bizitzaz damutu. Edo beharbada ezin dugu, kasu batzuetan. Ez dugu helduek egiten dutena egin nahi, baina eraiki beharko ditugu gure heldu bizitzak ere, antagonismoaz harago ahal bada. Ukaziotik kanpo sortzeko bideak, idealizazio propioak, proiektu ilusionanteak, molde desiragarriak. Diseina ditzagun tresna eta helduleku kolektiboak, zerbaiti eusten lagunduko digutenak, eta ez zerbait uzten bakarrik. Ez diezazkigutela utopiak lapurtu. Errazagoa litzateke zigorrik gabe, baina hala ere.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.