Artista batzuk mito bihurtzen dira hil eta gero. Euren irudia puztu egiten da post mortem, globo aerostatiko baten gisan. Bizitza ustez arrunt eta bazterrekoa izan ostean, historia liburuetako izenburuetan agertzen dira. Ikono bihurtzen dira, kanon estetiko. Batzuetan autorearen ibilbidea baino gehiago, alderik morbosoena da iruditegi popularrean geratzen dena. Erretina kolektiboan irudi polemikoak eta flash sentsazionalak gailentzen dira.
Van Goghen figura horietako bat da.
Bere belarria, depresioa, psikosia eta eldarnioa. Ezagunak zaizkigu. Akaso bere lana bainoago. Zera zetorren 2024ko National Geographic ale baten goiburuan: «Van Gogh, garaiak ulertu ez zuen pintore oinazetua». Eta beherago: «1890eko uztailaren 29an hil zen Vincent van Gogh, 37 urte zituela. Mundu osoan ezaguna den margolari honen izaera zail eta ezegonkorrak arrasto sakona utzi zuen haren estilo artistikoan».
«Pintore oinazetua». «Izaera zail eta ezegonkorra». Nago horrek ere baduela morbotik zerbait, koadroaren atzean artista frustratu eta zoroaren trazak aurkitu nahiko bagenitu bezala gabiltza / ibili gara historikoki. Nago erakarpen gartxo bat pizten digula artista zorigaiztokoaren figurak. Mitoa mitoago egiten du. Obra baten gibelean beti bilatzen dugu autorea. Zenbat eta bizitza makurragoa izan, orduan eta sexyagoa egingo zaigu parean dugun pintura post-inpresionista, kubista, dadaista edo fauvista. Tutik ulertzen ez dugun arren, atzeko egilea burutik eginda badago, hobe.
Ondotxo dakigu Paul Gauguinekin izandako eztabaidaren ostean ebaki zuela ezkerreko belarria. Saint Rémyko ospitale psikiatrikoan eman zuen garaiaz ere badakigu zerbait. 1890ean, depresioak jota, errebolberra hartu eta bere buruaz beste egin zuela ere ezaguna zaigu. Teoriak. Zenbat.
Ez da bukatu, Van Goghen kondaira puzten ari da oraindik. Joan den ostegunean artistaren lan ospetsuenetako baten inguruko albistea argitaratu zen Scientific Reports aldizkarian. Hego Koreako Kyung Hee Unibertsitateko ikertzaileek margolari herbeheretarraren Gau izartsua koadro ezaguna aztertu dute. Jakingo duzu zein den. Dentistako itxarongelan, airbnb-ren bateko egongelan edo ile apaindegiko izkinatxo batean ikusiko zenuen lamina-erreprodukzioren bat. Nekosta bat ageri da lehen planoan, fondoan herrixka bat eta pintzelkada lodiz irudikatutako zeru urdin izartsu bat ageri da.
Akaso hori da kontua, historia ordenatzen diguten izen handiei buruz hitz egiten jarraitzea eta euren gainean eraikitzea kontakizunak, morboa, zientzia, mitologia
Orain arte onartutako hipotesi ofizialaren arabera 1889ko ekainean margotu zuen, Saint-Rémy-de-Provenceko ospitalean egon zen garaian. Belarria moztu eta hilabete batzuetara. Margolanak oraintsu arte interpretazio erlijioso eta sinbolikoak izan ditu; hein handienean bere irudimenaren produktu zela uste zen.
Halaxe ikasi nuen nik neuk ere unibertsitatean. Orain, ordea, dimentsio astronomikoa gehitu zaio kontuari. 1889ko uztailaren 22ko egunsentiko zeruarekin bat egin dezakeela proposatu dute adituek. Ilargiaren fasea, Artizarraren kokapena eta Tauroren konstelazioko Hiadeen izar-multzoa aztertu eta margolaneko zeruarekin bat egiten duela ondorioztatu dute. Koadroan, antza, zehaztasunez ageri da Hiadeen kumuluko bost izarrik ikusgarrienek osatzen duten V-a. Ikerketak, beraz, Saint-Rémyko ospitaleko leihotik ikusten zuenaren erretratua dela proposatzen du; sinbolismoa alde batera utzita.
Irratian entzun nuen albistea. Edertasun puntu bat du kontakizunak. Metafora bat dirudi. Nola begiratzen dio belaunaldi bakoitzak zeruari? Artistaren mitologian beste geruza bat gehiago, jenioaren fenomenoan beste elementu bat, misterioaren elikagai. Akaso hori da kontua, historia ordenatzen diguten izen handiei buruz hitz egiten jarraitzea eta euren gainean eraikitzea kontakizunak, morboa, zientzia, mitologia. Van Goghen beste belarria.
Klik. Oihana Aranaren poema zatitxo bat etorri zait akordura:
orain ez dakit zerbait esaten ote duten
zeruari idatzi dizkiodan berba guztiek
zergatik tematu naizen hainbeste
zuek ere ikus zenezaten
zerua hemen