mikel elorza

Zahagi berriak

2026ko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren irizpideen ildotik, Donostiako Udalak ere emango ditu atxilotuen jatorriaren datuak. Ados, baina baldintza batekin: eman dezatela gaizkile guztien jatorriaren berri. Ez dakit, urtean 150.000 eurotik gora irabazten dutenen jatorriaren berri. Etxe askoren jabea den jendearen jatorriaren berri (norberak defini dezala zer den etxe asko, gazte ginenean bat baino gehiago izan zitekeen asko…). Etxe anitzen jabea funts putre horietarik bat denean, funts horietan dirua daukatenen berri. 1.000 eurotik gorako alokairuak kobratzen dituztenen jatorriaren berri (edo 800? Erabaki dezala hori norberak ere). Kontraturik gabe beltzean langileak dauzkan jendearen jatorriaren berri ere bai (gurasoak ofizialki zaintzeko behar adina sos ez dauzkanak ere kontatuko ditugu? Norberak erabaki dezala). Ogasunarekin zor handienak dituztenen jatorria ere jakin nahiko genuke, eta hori bezain inportantea, Ogasunari diru gehien pagatzen diotenen jatorria. Horiei paparrean domina jarriko diete lehendakariek, ditugun biek, eta herritar ongileen oholtzan betikotuko, konforme, baina asko pagatzen dutenek asko irabazten dutelako da, eta horien jatorria ere nahi dugu. Horien jatorria eta batez ere horien irabaziena. AEBetatik dena inportatzen dugu, mugasaririk gabe, eta akaso guretuko dugu norberak zenbat diru irabazten duen lasai galdetu eta harro erantzuteko ohitura, eta arrakasta sozialtzat joko dugu inork euroak parrastaka irabaztea, baina aspaldikoak izan eta gainera herren ideologiko kronikoz jaio ginenok errezeloa diegu diru asko irabazten dutenei. Badakit jakin anitz direla hemen ere dirua irabaztea eta ondasunak biltzea maite dutenak, baina isil samarrean egin izan da orain arte (hori ere aldatzen ari ote den, superlatiboen aro honetan, deskristautzeak ere izan behar ditu ondorioak…).

Jatorria jakiteak balioko luke hainbat mito eta uste ustel ezabatzeko. Zein uste? Ba aberats okitu gaiztoak, esplotatzaile doilor eta bestelako harrapariak urrutikoak direla dioen ustea. Erraz ahoskatzekoak egingo zaizkigu zerrenda horietakoen deiturak, jator askoak mordoa, eta haien oinetxea ez da urrutiko mendi, basamortu eta oihanetan kokatuko.

Eta hor daukagu beste upel bat, ardo minduz betea, ea zipotza nork sartzen dion. Noiz utziko diogu deituren araberako sailkapenak egiteari, iritziak sortzeari, erabakiak hartzeari? Athleticek bere fitxaketa-filosofia txiklea bezala hedatzeko duen flexibilitatea beharko genuke! Ez, benetan, gure neuronen bergizarteratzea gimnasia zinez gogorra da, ez da astean hiru eguneko mindfulness saioekin lortzen. Oso zaila da, erroak oso sakon dituen mekanismo defentsiboa da, baina behar da. Baserri aurreko intxaurrondoa ez dugu bota behar, baina ez diezagula arbola genealogikoak basoa ikustea galarazi.

«Jatorria jakiteak balioko luke hainbat mito eta uste ustel ezabatzeko. Zein uste? Ba aberats okitu gaiztoak, esplotatzaile doilor eta bestelako harrapariak urrutikoak direla dioen ustea»

MIKEL ELORZA

Nolanahi den, onartu behar da mugigaitz ere ez gaudela. Arerio komun handi bat akuilu baino ez dugu behar. Duela astebetera arte gure inguruan askori –hau irakurtzen duzuenen inguruan, alegia— auzoan Benito Antonio Martinez Ocasio zalapartan dabilela esan eta banda morenoetara joango litzaioke burua, matxupitxuak bezero dituzten taberna latinoetara, egun osoa regetoi p… hori boz goran!! Baina gauzak zer diren, izen luze horren atzean dagoen Bad Bunnyren miresle bihurtu gara guztiok Trumpen aurkako olatu horretara igota.

Batzuek orain, eta seguruenik gu zahagi zaharrok baino askoz lehenago belaunaldi berriek. Hori ere hala da.

Eta egia esango dizuet, arrazoia Trumpen aurka egotea izan bada ere, ez da txarra erritmo eta kolore desberdinetara irekitzen baditugu gure buruak zahagi zaharrok, barrenak guztiz ozpindu aurretik. Tradizioa haizeberritu dezagun: gerri askatua inoiz ez zanpatua!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA