Inaki Galdos
ARKUPEAN

Zenbakien amua

2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Politikaren bizioa daukagunok (amentzerauta egotea esatenzitzaion horri gurean, galtzen ari den beste berba bat), Argentinan izan dugu abuztuan asetzeko aukera; ez han egon garelako, han izandako hauteskunde primarioak jarraitu ahal izan ditugulako baizik. PASO izena du 2009 urtean abian jarri zen prozesu bitxi honek (irekiak direlako, aldiberekoak eta koalizio guztientzat nahitaezkoak), baina susmoa daukagu ez dutela askoz gehiago iraungo. Espero zen emaitza onak lortuko zituela Javier Milei eskuin muturreko ekonomialari ero eta arriskutsuak, baina ez lehen indarra izango zenik. Ikusiko da zer gertatzen den urriko hauteskundeetan, hori ez baita gaur hona ekarri nahi dugun gaia.

Mileik La Libertad Avanza frontean lehendakariorde izateko daraman hautagaia Victoria Villarruel da. Aspalditxotik ari zen abokatu hau Argentinako diktadurak egindako sarraskien inguruan bere ikuspuntua ematen, liburu eta hitzaldien bitartez, besteak beste. Adibidez, ez du uste ankerkeria izugarri hura estatu terrorismoa izan zenik, beraz ez du kalifikazio hori merezi. Memoria berreskuratzeko han egin diren zenbait urrats bertan behera uztea ere proposatu izan du, hemen ezaguna egingo zaigun proposamena, portzierto. Beraz, ez da berria Villarruelen jarrera. Kontua da, ordea, primarioetako emaitzekin harrotuta, oldartuta ageri dela hautagaia hedabidez hedabide. Eta, zoritxarrez, lortu duela berriz ere eztabaidaren markoa ezartzea, bere amuarekin (ez berea soilik) galdera baten bueltan beste guztiak dantzan jartzea: zenbat izan ziren diktadurak desagerrarazitakoak (eraildakoak)?

Jakina da 30.000 pertsonarena dela Kirchnertarren gobernuetatik ofizialki ezarria dagoen zenbakia. Egia da, baita ere, ez dagoela zerrenda bat izen-abizenez osatua kopuru horretara iristen dena, ezta hurbildu ere. Baina zenbaki horren defendatzaileek diotena da zenbaki hori neurri handi batean sinbolo bat dela eta aldi berean denuntzia bat, ez delako inoiz borondaterik egon kontua argitzeko. Martin Kohan idazle eta irakasleak azaldu izan duen bezala, 30.000 horrek esan nahi du ez dakigula zenbat ziren, ez digutela jakiten utzi eta ez dugula inoiz jakingo.

Ez da gauza erraza, hala ere, eztabaida baretzea, ustekabeko aliatuak ere izaten ari direlako negazionista ultra hauek, ez ideologikoki eurekin ados daudelako, modu (ustez) zintzoan batzuk kontua argitzearen alde agertu direlako baizik. Adibidez, Luis Labraña montonero ohiak, urte haietan erbesteratua, behin eta berriz esan du bera izan zela zenbaki hori mahai gaineratu zuena, desagertuen amekin batera nazioarteko elkartasuna lortzeko Europan izatear zuten bilera batzuen atarian. Graciela Fernández Meijidek ere berretsia du tesi hori. Badago beraz jenderik uste duena ez dela erabat txarra eztabaida honi ausardiaz heltzea. Are gehiago, diktaduraren zuritzaileei aurre egiteko modu egokia izan daitekeela. Gainera, uste dute desagertuen senideen inguruan egon den kasu ilunen batek —adibidez Schoklender anaien eskandalua— ez duela batere mesederik egin jendartearen babesa mantentzeko orduan.

Baina diktaduraren biktimen mundu horretako gehiengoaren eta hauek babesten dituzten gizarteko eragile gehienen ustez, amua besterik ez da zenbakiena, saihestu beharreko amarrua. Probokazio hutsa, genozidio hura erlatibizatu beste helbururik ez duena. Sakonean, hainbeste ez zirela izan esaten ari direnean, hainbesterako ez zela izan esan nahi dute batez ere. Benetan egokia iruditzen zaigu Martin Kohan-en arrazoibidea, baina onartu beharko dugu agian poetikoegia dela muturreko eskuina ohitua dagoen lokatzetan borroka egiteko. Ez da beraz erraza izango aurre egitea. Hori bai, garbi geratu dena da populismo ultra honek errazegi lortzen duela, mundu osoan, eztabaidarako markoa berari komeni zaion eran ezarri eta gainerako guztiak marko horretan atzematea. Oraingo honetan ere bai. Argentinan ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.