Ereserkiak bezala, kontsignak ere gaurkotzen goaz, halabeharrez edo nahi dugulako, goiburu batzuk beheburu bihurtuz, alegia inorentzat ez direla aldarri. Mundua jateko asmoa izan eta munduak zu jan zintuela zen garai bateko zirto tipikoa, gaur egun inori grazia egingo ez liokeena. Ez munduak jaten gaituelako —hori oraindik ere hala da—, ezpada inork ez duelako mundua jan nahi, ez baita batere kardio-osasungarria, dietatik at dago. Bizitza zukutzearena ere esnatzerako egunero geure buruari egin behar genion erronka zen, eta gaur egun erronka (ia) denak fisikoak dira, norbere burua zukutzearekin zerikusia daukatenak: adikzio zabalduena dopaminarena da. Sexua, droga eta rock&rolletik herpes, talco y tecnopop-era pasatu ginen, eta orain gym-a, iPhonea eta regetoia estadioan gaude. Gutarra kontserba marka bat da, ez komunitate-aldarria; errepublika etxean daukagu Ikeak eskainia; eta askatasuna autokarabana batean gorpuzten da. Ez dakit gauzak horrela diren, baina horrelaxe daude. Gaude. Eta horrelaxe gaude gu, irakurtze-ulermena topera daukagun pisa-aurreko ez-digital jaiotakook.Â
Eta hala ere mantentzen dugu gaitasuna esperpentoa normalidade bilakatzeko joera dutenekin harritzekoa: absurduaren teatroak ez dauka zentzurik egun oholtza gainean, oholtzatik jaitsia dago; bizitza bera da absurduaren erresuma.
Espainiako enpresarien erakundeak absentismoaren inguruko akordio nazionala aldarrikatu du. Ba al liteke? Bada, bai. Alegia, eta hizkera analogikora ekarrita: eskubideen murrizketa eta langileak zigortzeko aukera.
Ez da, jakina, salbuespena. Baliatutako taktika ere aspaldikoa da, baina garai batean ez zioten beren buruari hain erraz permititzen, lotsatzen ziren; eta orain, berriz, tolerantzia infinituaren fededunen aroan, denak berdin du. Diskutiezina zirudiena, urtetako lan sozial eta politikoaren ondoren lortutakoa, zalantzan jartzen da, hasteko, eta segidan kontrako jarrera nagusitzen da. Dena galdera batetik abiatuta, alde emozional-pertsonala ukitu nahi izaten duen galdera.
«Zure seme-alabek ikasturte berean lau irakasle diferente… horrekin ere ados zaude? Tailerrera joan eta egunero baten bat falta!.... Zuk hipoteka pagatzeko daukazu eta bost eguneko greba egin behar, helburuekin erabat ados bazaude ere? Non geratzen da zure lanerako eskubidea? Zigor Kodea estutzearen kontra? Ai, zure 10 urteko alaba bortxatu eta hiltzen badute jakin nahiko nuke zer esango zenukeen…».
«Zuri gertatuko balitzaizu ikusiko genuke…» hasten diren komentario eta galdera apolitikoak ez dira zalantza edo berraztertzea. Hori eskuinaren eta ultraeskuinaren hazia elikatzeko ongarria da
Eta dena horrela.
Azkena, Ceutan: «Ikusi beharko genuke 80.000 morok Donostia inbadituz gero!».
Sufrimendu askoren ondoren lortutako eskubideak eta landutako printzipioak arrakalatuz, euren ideologiarekiko errespetuan eta tolerantziaren guardasola irekitzen duten horiexen hurrengo pausoa eskubide eta lorpen horiek atzera botatzea da eta, bestelako faktore batzuekin maneatuta, gorilatu kuadrilla batek migranteei babesa ematera joandakoak jipoitu nahi izatea.
(Faktoreen artean izenondo magikoarena dago: proetarra. Negu Gorriak elkartea musika taldearekin lotu eta handik antiterrorismo suharrera eta medioetako lokazte zikinera amen batean egiten da jauzi; eta eskandalizatzen gaitu loturaren merkeak, baina ez ahaztu flotilla-ko ekintzaileen bizkarrean jarri zutela zama horixe, borrakadez gain, instituzionalki).
Zalantzak gidatu behar ditu gure pausoak; norbere jardun eta jarreren aztertze etengabeak. Baina erne: «zuri gertatuko balitzaizu ikusiko genuke…» hasten diren komentario eta galdera apolitikoak ez dira zalantza edo berraztertzea. Hori eskuinaren eta ultraeskuinaren hazia elikatzeko ongarria da.