Olaso Dorrea fundazioko zuzendaria - Olaso Dorrea fundazioko patronatukidea

150. urteurrena

Urko Aiartza Azurtza – Rafa Diez Usabiaga
2026ko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1876ko uztailaren 21ean, Antonio Cánovas del Castillok buru zuen Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-erregimena (zerga-autonomia, aduanak, soldadutzarako derrigorrezko ekarpena edo «odol-kuota», justizia eta abar) indargabetu zuen, eta haien erakunde-izaera Nafarroak 1841ean jasan zuen foru-erregimen murriztuaren pare jarri zuen. Ondorioz, lau lurraldeak, beren erakunde-egitura propioa eta autogobernu osoa zituzten subjektu politiko izatetik, 1833an Espainiako Estatuan ezarritako probintzien antzeko administrazio-unitate bihurtu ziren, 1812ko Cadizko Konstituzioarekin hasitako tradizio konstituzionalaren baitan.

Hori izan zen XIX. mendean gure herriak bizi izan zituen gerra karlisten azken ondorioa. Espainiako monarkiak ondorengotza-gatazkak baliatu zituen bere ikuspegiaren arabera «euskal probintzien pribilegioak» deitzen zituenak ezabatzeko.

Horrela, Espainiako konstituzionalismoaren uniformetasuna eta zentralismoa nagusitu ziren, lau lurralde foralek ordura arte izan zuten jatorrizko autogobernua deuseztatuz. Horren ondorioz, erantzun iraunkorra sortu zen, bai lurralde bakoitzeko erakundeetatik, bai eta gizartearen beraren baitatik. Tentsio horren ondorioz, erakunde-esparruan autogobernu maila batzuk berreskuratzea lortu zen (Ekonomia Ituna eta Hitzarmen Ekonomikoa), Espainiako konstituzionalismoaren eskema uniformizatzailea neurri batean oztopatuz. Gizartearen baitan, XX. mendean, Estatuarekiko harreman dialektikoaren emaitza gisa euskal abertzaletasuna sortu eta garatu zen, lau lurraldeetan burujabetza —foraltasun osoaren berrezarpen gisa ulertua— berreskuratzeko tresna politiko gisa. Gizartea dagoen tokian, zuzenbidea dago printzipioa berriro agertu zen, erregeen eta Espainiako konstituzioen gainetik mendeetan zehar iraun zuen berezitasun subiranoaren bidetik.

Pultsio politiko eta sozial horren ondorioz, eta Espainiako Estatuaren bilakaera ezegonkorraren (Primo de Riveraren diktadura barne) eta indar-harremanen arabera, lau foru-aldundiek elkarlanerako dinamikak abiarazi zituzten gure izaera politiko foraletik eratorritako erakundetasuna eta autogobernua berreskuratzeko. Lizarrako Estatutua eta 1936ko Estatutua —Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat— II. Errepublikan egonkortzen saiatu ziren erreferentzia nagusiak izan ziren, Francoren faxismoak ia berrogei urteko errepresio-gau luzean murgildu aurretik.

150. urteurren berezi honetan, gure lurraldeetako foraltasuna gaur egun ere aldarrikatzen dugun burujabetzaren erreferentzia argi eta funtsezkotzat jotzen dugu

Faxismoaren etorrerak belaunaldi berriak eraman zituen nazio-aldarria garatu eta sakontzera. Lau lurraldeen aitortza nazionalaren eta beren botere politikoaren egitura erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria ebatsitako foraltasun osoaren berrezarpenaren adierazpen eguneratu gisa ulertu zen, nazioartean aurreko mendeetan zapaldutako herrien eskubide legitimoen gainean nazio berriak sortzen ari ziren deskolonizazio testuinguruan.

Bultzada berri horrek instituzionalizazio berri baterako ateak ireki zituen: 1979ko Autonomia Estatutua hiru lurraldeetan eta 1982ko Nafarroako Foru Hobekuntza. Biak ala biak euskal abertzaletasunak zalantzan jarri edota baztertu zuen marko konstituzional baten barruan garatu ziren. Hala ere, Konstituzio horren lehen xedapen gehigarriak lau lurralde foralen berezitasuna aitortzen du, eskubide historikoen subjektu diren aldetik; eta laugarren xedapen iragankorrak lau lurralde foralek osatutako subjektu politiko bateratua eratzeko bide juridikoa ezartzen du. Instituzionalizazio hori garatu zen, alde batetik, euskal gizarteko sektore politiko, sozial eta sindikal zabalek nazio-aitortza eta burujabetza maila handiagoak eskatzen zituzten testuinguruan eta, bestetik, Estatuko botere betearazle eta judizialen joera uniformizatzaile eta zentralizatzaile iraunkorraren mehatxupean.

Horregatik guztiagatik, foruen abolizioaren 150. urteurrena betetzen den honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan indarrean dauden marko juridikoak Estatuko botereen inertzia zentralizatzailearen ondorioz behin eta berriro urratu eta higatuak izan direla ikusita, eta Ipar Euskal Herrian egungo elkargoaren mugak gaindituko dituen autogobernuaren aldeko aldarriak gero eta ozenagoak diren honetan, uste dugu euskal gizarteak gehiengo politiko eta dinamika sozial berriak inoiz baino gehiago behar dituela nazio-aitortza lortzeko. Horrek ahalbidetu behar dio herri honi burujabetzarako tresnak eskuratzea, erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, euskal eskalan herritarrengandik hurbil dagoen eta haien konfiantza izango duen sistema demokratikoa biziberritzeko eta, azken batean, burujabetzatik abiatuta gure gizartea egituratuko duen garapen sozial iraunkorra sustatzeko.

Botere- eta burujabetza-tresna horiek, gaur egun euskal-nafar lurraldeak banatzen dituzten hiru erakunde-esparruetan garatzen diren heinean, erakundeen arteko lankidetza-egitura iraunkorrak eratzea lehen erreferentziatzat izan behar dute. Honek behar luke etorkizunean izaera konfederaleko nazio-subjektua osatzeko beharrezko erabaki politikoen bide nagusia. Ardatz estrategiko horrek aukera eman behar digu, nazio-kolektibo gisa erabakitzeko eskubidea baliatuz, Europako eta nazioarteko testuinguru elkarmenpeko eta konplexuan estatu burujabe moderno gisa eratzeko.

Gure ustez, foraltasunaren funtsezko aitortza eta haren garapena, botere- eta autogobernu-tresna gisa, elementu ezinbesteko eta ordezkaezinak dira euskal eremuan belaunaldi berrientzat kohesio sozial eta kulturala bermatuko duten mekanismoak izateko. Eta, horrenbestez, beste hainbat funtsezko auziren artean, gure hizkuntza nazionalak bereizketa sotila pairatzeari utzi behar dio, bai eta gaur egungo ofizialtasun ahul eta iragazkorraren mende egoteari ere. Gaur egun gure hizkuntzak jasaten duen jazarpen eta oldarraldi ideologikoaren xede izateari amaiera eman beharra zaio. 

Horrenbestez, 150. urteurren berezi honetan, gure lurraldeetako foraltasuna gaur egun ere aldarrikatzen dugun burujabetzaren erreferentzia argi eta funtsezkotzat jotzen dugu; Euskal Herriaren nazio-eraikuntza sendotzeko eta haren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorra bermatzeko ezinbesteko tresna politiko gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA