Pasa den uztailean AEBetan, Mexikon eta Kanadan jokatutako gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketak milioika pertsonaren arreta erakarri du. Baina beste errealitate bat utzi du agerian: gastu publiko handia, gentrifikazioa, arrazakeria, herritarren eskubideen inguruko salaketak eta FIFAren interes ilunen gaineko eztabaida. Festa amaitu da, baina ajeak hor dirau. Donostian, 2030ean egoitza izateko arriskuan gaudenez, arretaz begiratu behar genioke.
Mexiko Hirian, kalera atera ziren hainbat herri-mugimendu etxebizitzen garestitzea eta bizilagunen desplazamendua salatzeko. Munduko Txapelketak arazoak areagotu eta herritarren beharrak baztertu zituela salatu zuten.
Kanadan, Torontoko udal-kontuen ikuskaritzak argitaratutako txostenak gardentasunaren, gastuen kontrolaren eta erabakiak hartzeko prozeduren inguruko gabeziak identifikatu zituen. Ez da onargarria halako makroekitaldi batean erakundeen ardura eta gardentasuna ez egotea bermatuta. Herritarrek jakin behar dute nork ordainduko dituen kostuak, eta nork jasoko dituen etekinak.
AEBetan, berriz, giza eskubideen aldeko erakundeek salatu zuten praktika autoritarioek, immigrazio-politika bortitzek eta diskriminazioak giza eskubideen nazioarteko arauak urratzeko arriskua areagotzen zutela. Futbolaren zuzendaritzaren eta Trumpen arteko gertutasunak polemika eragin du. Urrian, Norvegiako Futbol Federazioak salaketa aurkeztu du FIFAren organoen aurrean, gobernantza, interes-gatazkak eta erabaki batzuk ikertzeko eskatuz.
Erakunde publikoek gai izan behar dute interes ekonomiko antolatuei ezetz esateko eta herritarren bizi-baldintzak beste edozein presioren gainetik jartzeko
Kontu-ikuskaritzek, giza eskubideen aldeko erakundeek, herri-mugimenduek eta futboleko ordezkariek jarri dute zalantzan Munduko Txapelketaren antolaketa-eredua. Eta gertakariek kezka komun bat erakusten dute: noren interesak lehenesten dira horrelakoetan?
Donostia 2030eko Munduko Koparen egoitza izateko hautagaitza aurkeztu zenetik, Bizilagunekin plataformakoek ohartarazi dugu ekitaldiak turistifikazioaren ondorio kaltegarriak areagotzeko arriskua duela. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, espazio publikoaren merkantilizazioa, masifikazioa eta hiriaren eguneroko bizitzaren baldintzapena ez dira etorkizuneko hipotesiak. Hirian bizi ditugun arazoak dira, eta Munduko Txapelketak areagotu ditzake.
Gainera, kontraesan esanguratsua azaleratu da. Donostiaren eta Bilboren hautagaitza bateratua aurkeztu duten erakundeek aitortu dute FIFAren hainbat eskakizun ezin direla onartu; hedabideetan agertu denaren arabera, kostu ekonomiko handia, inbertsioak egiteko betebeharra, araudiak egokitzeko premia, euskararen bazterketa, bestelako ekitaldiak antolatzeko muga eta zerga-salbuespenak. Hala ere, hautagaitzari eutsi diote. Datozen asteetan FIFAk Donostia bisitatuko du, hautagaitza indarrean dagoelarik, eta herritarrengan kezka sortzen duelarik.
Zergatik? Benetan uste dute Munduko Txapelketa hartzea onuragarria izango dela? Ala turismoaren, ostalaritzaren, kirolaren edo bestelako sektore ekonomikoetako interes-taldeen presioek baldintzatzen dute haien jokabidea? Baliteke jakitea FIFAren baldintzek herritarren haserrea eragin dezaketela, eta hau modu bat izatea hautagaitza bateratuaren proiektuari eusteko baina azken ezezkoaren ardura FIFAri uzteko. Galdera egitea zilegi da.
Erakunde publikoek gai izan behar dute interes ekonomiko antolatuei ezetz esateko eta herritarren bizi-baldintzak beste edozein presioren gainetik jartzeko. Eta Donostiaren beharrak agerian daude: turistifikazioaren presioa arintzea, etxebizitza-eskubidea bermatzea eta hiria bertako bizilagunen beharretara egokitzea.
Orduan, zergatik jarraitu FIFAren negozio-ereduan parte hartu nahian? Munduko Txapelketa hartzeari uko egitea ez litzateke porrota izango. Herritarren ongizatea interes pribatuen gainetik jartzea litzateke. Abenduaren 5ean Munduko Txapelketaren Aurkako Eguna antolatuko dugu, haren ondorioak aztertzeko eta kalean adierazteko Donostian hartzeari uko egin behar diogula, turistifikazioa areagotzeko arrisku larria dakarrelako. Antola gaitezen. Desazkunde turistikoaren bidean, eragotzi dezagun 2030eko gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa Donostian jokatzea.