Nafarroako AHT Gelditu taldea

280ko talka, odol jario galanta

Beatriz Arana Ortiz eta Julio Villanueva Villanueva
2026ko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste istripu lazgarri bat izan da Espainiako abiadura handiko sarean. Ez da lehena, ezta azkena izango ere. Istripu tragikoa Urda herrian izan da (Toledo, Espainia), Renfeko abiadura handiko tren batek Iryo konpainiako AHT baten aurka talka egin duenean. Biak Madril eta Sevilla arteko ibilbidea egiten ari ziren. Horren ondorioz, gutxienez 68 pertsona hil dira eta hamarnaka zaurituta daude —batzuk larri—. Istripua giza akats bati egotzi diote, oraingoz, eta alderdi politiko guztiek bertan behera utzi dute hauteskunde aurreko jarduera, Voxek izan ezik. Klase politiko osoak istripu tragikoaren aurrean gehien erabili duen hitza atsekabea izan da.

Honaino teletipoen irakurketa hotza. Baina, ezbeharraren arrazoiak argituko dituen ikerketaren emaitzen berri izan ez arren, duela bederatzi hilabete eskas 46 hilotz utzi zituen Adamuzko (Kordoba, Espainia) istripu haren harira esandakoa berrestera gatozkizue: kapitalismoak gero eta azkarrago joateko duen beharra.

Abiadura handiko hipermugikortasun motorizatuaren beharra ezarri zaigu, «denbora irabazteko» ustezko arrazoiketarekin. Irabazten dugun ustezko denbora horrek ez dio onurarik ekartzen herri xeheari, aitzitik, produktibitatea handitzeko eta kontsumismoan oinarritutako aisialdia sustatzeko baliatzen da. Hori guztia hazkunde mugagabeko logika kapitalista baten barruan, planetaren mugak gainditu eta zibilizazioaren kolapsora eramaten gaituena.

AHTa da «denbora irabazteko» ahalegin etsi honen adibiderik esanguratsuena. Gainera, «irabazitako denbora» hori gezur borobila da hiri handietan bizi ez den jendearentzat. Galdetu diezaiotela bestela Erriberriko pertsona bati —adibide bat jartzeagatik—, Madrilera joateko lehenik Iruñeraino joan beharko lukeena AHTa hartzera, bere herritik berriro Madrilerako norabidean igarotzeko.

«Denbora irabaztearen» kontzeptu hori sakonki barneratu da herritarren zati handi batean. Zer behar dago hain azkar joateko?

Konpainia horiek, inolako eskrupulurik gabe, bidaiari kopuru handieneko ibilbideetan baino ez dira sartu, ahalik eta etekin handiena lortzeko. Esan beharrik ez dago azpiegitura eraikitzearen kostua ez dutela haiek ordaintzen, guk baizik. Beti bezala, gastu publikoa enpresa pribatuen poltsikoentzat

Abiadura handiak kalte handiak dakartza. Abiadura handian joateko, trazadurak ia zuzen-zuzenak dira, eta, beraz, lurraldearen suntsiketa izugarria da. Edozein oztopo orografiko gainditu egin behar da, eta horrek ingurumen hondamena, materialen xahuketa eta ikusmen inpaktu ikaragarriak dakartza.

Energia kontsumoan ere hazkunde esponentziala eragiten du, energia zentral, azpiestazio, linea elektriko eta abarren ezarpenarekin, kontsumo hori biziki murriztea eskatzen duen une historiko honetan.

Gainera, abiadura handiak arriskua izugarri handitzea dakar, Urdako istripuan ez ezik, Kordobako eta Santiagoko istripuetan ere agerian geratu den bezala, —azken bi horietan 46 eta 80 hildakorekin, hurrenez hurren—. Euskal Y-aren trazaduraren %60 tuneletatik eta %10 zubietatik doala kontuan hartuta, imajinatzen al dugu horrelako istripu batek eragin ditzakeen heriotzen kopurua?

Abiadura handiaren segurtasuna mantentzea ez da errentagarria. Zenbat eta abiadura handiagoa, segurtasun neurriak gero eta garestiagoak dira, eta etekin ekonomiko handiagoa lortzeko, segurtasun neurri horiek erlaxatu egiten dira askotan. Eta are gehiago Espainiako Estatuan, Txinaren ondoren munduko abiadura handiko sare handiena duena, kontuan hartuta AEBak, Erresuma Batua edo Kanada bezalako herrialde batzuek ez dutela AHT kilometro bakar bat ere. AHTaren kilometro baten mantentze kostua 200.000 eurotakoa da urtean, eta 500.000 euroraino irits daiteke tarte konplexuetan. Segurtasunaren erlaxamendu horren froga da azken urteotan izandako gorabeheren gorakada handia. Atzerapen ugari eragin dituzte, gainera. Arrazoi horregatiko kalte ordainak asko murrizten ari dira Adifi, Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileari, eragiten zioten kostu ikaragarriengatik. Mantentze lanen falta hori dela eta, paradoxa batera iristen ari da: AHTak abiadura murriztu behar du toki askotan, istripuak saiheste aldera orduko ehun kilometroko abiadura ezin baitu pasatu toki batzuetan.

Segurtasun falta horren salaketa agerian geratu zen trenbideetako langileek duela bederatzi hilabete Kordoban eta Kataluniako Rodaliesetan izandako istripuen ondorioz deituriko greban.

Zerbitzuaren liberalizazioak arriskua handitzen du. 2021ean, abiadura handiko trena liberalizatu zen, eta operadore berriak sartu: Renferi gehitu zitzaizkion OUIGO frantziarra, Iryo italiarra —Urdako zein Kordobako istripu tragikoan inplikatua— eta AVLO, Renferen prezio apaleko zerbitzua. Konpainia horiek, inolako eskrupulurik gabe, bidaiari kopuru handieneko ibilbideetan baino ez dira sartu, ahalik eta etekin handiena lortzeko. Esan beharrik ez dago azpiegitura eraikitzearen kostua, inoiz berreskuratuko ez dena, ez dutela haiek ordaintzen, guk baizik. Beti bezala, gastu publikoa enpresa pribatuen poltsikoentzat. Konpainia horiek kostuak murrizten dituzte etekinak handitzeko, eta horrek zerbitzuaren segurtasun neurriak, kalitatea eta langileen lan baldintzak okertzen ditu.

Etekinen optimizazioa, istripuaren atzean dagoen logika kriminala. Istripu horren funtsa etekinen optimizazioan oinarritutako sistema bat da, langile klasearen, arpilaketa kolonialeko prozesuen mende dauden hegoaldeko herri globalen, emakumeen eta disidentzia sexualen eta, oro har, planetaren bizi baldintzen gainetik. Makineria kapitalista ezin da gelditu, eta aurrera egindako ihesaldi suizidan, bidean aurkitzen duen oro akabatzen du. Ziurrenik, istripuaren erantzule diren enpresei —Adif eta Iryo— errentagarriagoa izango zaie biktimen familiei kalte ordainak ematea AHTaren segurtasuna hobetzea baino, eta, zer esanik ez, bai ekonomikoki bai sinbolikoki sistemarentzat oso errentagarria den azpiegitura bat desegitea baino. Ezinezkoa da istripuan hildako pertsonen bizitza ekonomikoki konpentsatzea, ezta kapitalismoak suntsitutako pertsonena eta naturarena ere. Diruak ez du inoiz bizitza itzuliko. Toledokoa nola Kordobako zein Santiagokoa ez dira istripu bat izan, kapitalismo gordina baizik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA