Abokatua

50 urte igaro dira, besterik ez

Juan Jose Martinez Leunda
2025eko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1975. urtea zen, eta urte hark ezusteko handiak ekarri zituen hainbat euskal herritarrentzat.

Zergatik diot zenbait herritarrentzat? Juan Jose del Aguila Torresek TOP edo Ordena Publikoko Auzitegiaren (hots, egungo Auzitegi Nazionalaren aurretik indarrean zegoen eta Julian Grimau garrotez hil ondoren desagertu zen organoa) historiari buruz idatzitako eta Editorial Planeta argitaletxeak 2001ean argitaratutako El TOP. La represión de la Libertad 1963-1977 liburuan (liburuaren hitzaurrea Burgosko prozesuaren 36-1969 sumarioko abokatu eta Diputatuen Kongresuko presidente ohi Gregorio Peces-Barba Martínezek idatzi zuen), TOPek auzipetutako eta/edo zigortutako pertsonetako asko daude jasota.

Txiki, Otaegi, Sanchez Bravo, García eta Humberto Baenaren fusilamenduen (1975eko irailaren 27an), sahararren aurkako Ibilaldi Berdearen (1975eko azaroaren 6-9an), Francisco Franco Bahamonde diktadorearen heriotzaren (1975eko azaroaren 20an) eta, asko direnez gero, jaso ez ditudan beste gertakari batzuen 50. urteurrena dela eta, elkarrizketa, bertsio eta guztiz oker dauden datu asko eta asko argitaratzen ari dira. Kasu batzuetan, egileek urtebete baino ez zuten orduan (beraz, haien ezagutzaren jatorria ez da bizi izandakoa, baizik ikasitakoa baizik, eta hori bereziki larria da memoria demokratikoari lotutako kargu publiko bat izanez gero), eta beste batzuetan, berriz, adin handiagoa izanik ere, frankismoaren aurkako borrokan zuten jarrera halakoxea zen, gaur egun betiko demokraten plantak egiten badituzte ere. Ezer berririk ez historian.

Aipatutako liburuan jasotzen denez, 1956/2/10etik 1975/4/25ra bitarte 11 salbuespen-egoera ezarri ziren estatu osoan, eta, haietatik, hiru Gipuzkoan aplikatu ziren, bi Gipuzkoan eta Bizkaian, eta bat Bizkaian.

10.000 biztanleko auzipetuen zerrendan, Gipuzkoa zen buru (%11,2), eta, haren atzetik, honako hauek kokatu ziren: Bizkaia (%7,2), Araba (%5), Nafarroa (%4,8), Oviedo (%4,3), Madril, Bartzelona...; eta, azkenik, Ceuta (%0,1; auzipetu bat) eta Melilla (%0,0).

Pentsatu nahi dut liburua baliagarria izango dela bere herriaren historiaren inguruko interesa duen edozein herritarrentzat eta nahitaez irakurri beharrekoa biktima guztien oroimenaren inguruan diharduen erakunde orotako pertsonentzat, baita klandestinitatean bizi eta jardun behar izan genuen gizarteak frankismoaren aurka zuen konpromisoaren maila interpretatzeko ere.

1975. urtean, aipatutako gertakari horietan guztietan, Donostiako (Martuteneko) espetxean 141 preso politiko geunden TOPek auzipetuta. 127 gizon komuna bakar batean, eta hamalau emakume emakumeen moduluan.

Intentsitate handiz bizi izan genuen Txiki eta Otaegi, Sanchez Bravo, García eta Humberto Baenaren exekuzioa, irailaren 27an. Erregimen frankistaren azken exekuzioak izan ziren, eta hildako haiek frankismoaren biktimatzat aitortu dira, zuzenbidearen araberako epaiketa izateko aukerarik izan ez zutelako. Denok, bakoitzak defendatzen zituen siglak alde batera utzita, manifestatu egin ginen espetxearen barruan, patioz patio (senideak kanpoan zeudela), eta Eusko Gudariak abestu genuen. Horren ondorioz, hamabost egun eman genituen zigor-ziegetan.

Komunako bi pertsonentzat heriotza-zigorra eskatu zuen fiskalak. Beste batzuentzat hamar urteko zigorra eskatu zuen soilik, «zilegi ez den elkarte batekoa izatearen eta legez kanpoko propaganda zabaltzearen delitu larriengatik».

Zigor-ziegetatik irten ginenean, arretaz entzun genituen diktadorearen gaixotasunaren eta, jakina, balizko amnistiaren inguruko zurrumurruak, baita Espainiaren, Marokoren eta Mauritaniaren artean Mendebaldeko Sahararen inguruan gertatzen ari zena ere, Ibilbide Berdea izenekoarekin eta Saharako herria kanporatzearekin amaitu zena, gaur arte.

Gazteak ginen, idealistak, konprometituak (kasu askotan, lana, lanbidea, familiako bizitza, kirola, lagunak eta abar alde batera utzita), eta, hori guztia, bakoitzaren ideologia eta militantzia alde batera utzita, helburu komun batekin; hots, erregimena garaitzeko eta «parte-hartzean oinarritutako demokrazia» homologagarri batera eramango gintuen bideari ekiteko helburuarekin, eskubideak oinarri hartuta: askatasun demokratikoak, amnistia, autonomia-estatutua, autodeterminazio-eskubidea, eta abar, giza eskubideei buruzko nazioarteko legerian oinarrituta.

Iritzi politiko desberdinak izanik ere, exekuzioei eman beharreko erantzuna partekatu egin genuen. Gaur, 50 urte geroago, hedabide eta sare sozial jakin batzuen zerbitzura diharduten iritzi-emaile, tertuliakide/ahozabal, politologo eta kazetari ugarik «terrorismoa» goraipatu nahi dela diote. Eta zer ziren Meliton Manzanas, erregimeneko torturatzaile ezaguna, eta Carrero Blanco? Terrorea zabaldu al zuten? Nor ziren antifrankistak, eta noren aurka jarduten zen zigorgabetasun osoz? Ez dut inolako zalantzarik. Gerora gertatutakoa historialari zorrotzentzat eta belaunaldi berrien bizipenetarako utziko dut. Oso garbi dago askok, orduan eta geroago, giza eskubideen alde egindako borroka, euskal herritar eta Espainiako Estatuko herritar askorekin partekatu duguna.

Gizartea asko aldatu da, baina komeni da ez ahaztea «gertakarien errealitate izugarria» (Friedrich Hegel) eta une historiko bakoitzeko gizartearen pentsamenduan, ideietan eta bilakaeran duten eragin handia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.