GBEP Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaleko lehendakaria eta idazkaria

Abandonatutako basozaintza

Xabier Rubio Pilarte eta Iker Luarizaierdi Pasaban
2026ko urriaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xabier Arruti eta Arantxa Ariztimuño jaun-andereak, hurrenez hurren Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua eta zuzendaria, 2015. urtetik dabiltza nekazaritza zein mendi alorreko gaiak kudeatzen eta zuzentzen. Beren esku egon da hiru legegintzaldi luze hauetan mendi eta baso politiken buru izatea. Horretarako, formazio, jakintza eta gaitasun osoa duten eta zegokien oposizioa gainditu duten teknikari, basozain eta langile funtzionarioz osaturiko mendi zerbitzu osoa zuten, eta oraindik hala daukate, bere egitasmoak betetzeko. Baina hau nahikoa ez eta beren gustuko eta moduko administrazio paraleloa sortu nahi izan dute.

Horrelako helburu bat lortzeko, lehenik, dagoena usteltzen utzi behar da. Urteetan pairatu dugu departamentuko langileok antolakuntza eta lan ildo zehatzen falta. Hasteko, zerbitzuko aurrekontuak hustu, lan taldea desantolatu, kaosa sortu eta utzikeria zabaldu da. Ondoren, hori konpontzeko makilatxo magikoa atera eta Basotik fundazio sasipublikoa sortu dute, diru publikoz puztuta eta karguak gertuko ezagunekin betez. Esaterako, honen buru exekutiboa den Jon Ander Ostolaza, zeinak mendiko ezagutza sektoretik kanpoko enpresetan garatu duen. Mendi pribatuen abandonuari aurre egiteko sortua omen da Basozaintza aurreratua leloa duen fundazioa. Iraingarria benetan, bere esku aldundi barnean zegoen basozaintza alde batera utzi eta fundazio bati oparitzea betebehar hori.

Kaosa sortu eta utzikeria zabaldu da. Ondoren, hori 'konpontzeko' makilatxo magikoa atera eta Basotik fundazio sasipublikoa sortu dute, diru publikoz puztuta eta karguak gertuko ezagunekin betez

Basotik-en asmoetarako abandonatutako nahi beste mendi ez eta propaganda egin behar haien ideiak zabaltzeko. Horretarako aldundiaren eskutik urtero gipuzkoar guztion diru kutxa publikoetako sosekin puzten ari dira fundazioa. Mendi kudeaketara zuzenduta behar lukeen aurrekontua txirrindulari taldeen babesle bihurtu da, txirrindulari festak, lasterketak eta zikloturista martxak antolatu ditu kirol arloan; Baso Behatokia eta BasoHUB inkesta tresnak martxan jarri ditu, baso bainuak eta terapia saioak antolatu ditu… Hori guztia denon dirua xahutuz. Eta hara, orain azkena, Basozaindariak programa sortu du Real Sociedad fundazioarekin batera, herritarrak zuzenean basoen kontserbazioan inplikatzeko!

Aspalditik dugu gipuzkoarrok entzuna eta ulertua mundu mailan erabilia den greenwashing kontzeptua edo garbiketa berdea, itxurakeria ekologikoa. Enpresek edo —kasu honetan bezala— erakundeek ingurumenarekiko konpromiso jasangarria dutela saltzeko erabiltzen duten marketin teknika engainagarria da, benetan halakorik egiten ez dutenean. Arruti eta Ariztimuñoren baso politikek —edo, hobeto esanda, benetako baso politikarik ezak— itxurakeria egitera behartu ditu irudi ekologiko bat sortzeko asmoarekin eta gizartearen kritikak saihesteko. Hitz lausoak erabiltzen dituzte: naturala, jasangarria, basozaintza aurreratua, basozaindariak. Publizitatea baino ez, baso politikan neurri eraginkorrak hartu beharrean.

'Abandonatutako basoak' bakean utziz gero, denboran zehar jarraituko dute eta baso bihurtuko dira, denon ondarea den biodibertsitatearen gordailu eta beharrezkoak ditugun lehengaien iturri

Horren lekuko, legegintzaldi honetan Batzar Nagusietan izandako basogintza eta baso politikari buruzko ponentzia, non aurrez idatzitako gidoi eta helburuak jasotzen zituen txostena onartu zen, hainbat aditu, ikertzaile eta zientzialariren iritziak alde batera utzita.

Lurralde (des)Oreka Berdeko Departamentuko buruak ekopostureoan dabiltza. Abandonuan utzi dituzte baso politika aurrerakoiak, jasangarriak, ekonomiaren defentsa eta ingurumenaren babesa uztartuko dituztenak, trantsizio ekologikoa bermatuko dutenak, larrialdi klimatikoari aurre egingo diotenak, ura, lurra, airea, paisaia, pertsonak, biodibertsitatea eta ingurumena babestuko dituztenak.

Xabier Arruti diputatuak mendi zuzendaritzako herri langileak ditu tresnarik eraginkorrena. Aldundiko gobernuaren esku dago zerbitzu publikoa indartzea, alde batetik giza baliabideak balioan jarriz eta handituz, basozaintza bultzatuz; eta bestetik, aurrekontuak erronkaren tamainara egokituz.

Abandonatutako basoak bakean utziz gero, denboran zehar jarraituko dute eta baso bihurtuko dira, denon ondarea den biodibertsitatearen gordailu eta beharrezkoak ditugun lehengaien iturri. Orduan ez dira abandonatuak egongo. Aldiz, aspalditik abandonuan dago mendi zuzendaritza, eta hala jarraituko dugu Arruti jaunak erabiltzen duen eko-hiztegi hori eta aurrera daramatzan baso politika hauek abandonatzen ez dituen bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA