Abenduaren 1ean zer?

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Norberaren bizia erreferentetzat hartzea ez da egokiena, baina hobeen ezagutzen dudana baita. Eta 1985 hartatik gertatutakoa, GIBarekin bizi naizela jakin nuenagatik, bizi izandakoa laburbiltzea, erraza da, hasieran beldurra eta etsipena, ondoren amorrua, gero mina eta azkenean bizi beharra eta harridura.

Zeren, Hiesak jada ez dauka aspaldi izan zuen oihartzuna gure artean. Gaixo berri bat izateagatik berri zahar bat izatera pasatu delako ia azken 20 urteetan, eskerrak orain gutxi, Bohemian Rhapsody pelikula modan jarri den, non Freddie Mercuryn biziaren azken uneak azaltzen diren, besteak beste, Hiesa zeukala esanez... Fin eta amaiera! Hau da, gure mamuen errealitatearen azken txupinazo mediatikoa, askoren/nire errealitatearen kontakizun laburra.

Halere, gutxi gorabehera, 36,7 milioi lagun bizi gara GIB/Hiesarekin. Horietako herenak ez dakite GIB/Hiesarekin bizi direla, zoritxarrez ia hamar milioi lagunek ez dakite euren egoera zein den, eta badaukate birkutsatzeko arriskua.

GIB/Hiesarekin bizi garenotatik 21,7 milioi lagunek, ia %60k jasotzen dugu botika bat edo beste, bizirik irauteko, baina badaude %40 ezer barik... baina botikak hartzen ditugunetatik, hogei milioi lagunek ez dute euren karga birala gutxitu, eta 36 milioi lagunetik gora hil dira Hiesaren historia-denbora gutxi honetan.

Oraindino, eta azken ikerketa baten arabera, gazte gehienak, emakume zein gizon gehienak, beldur dira, Hiesaren probak egiteko eta horren emaitzak partekatzeko gure familian, lagun artean edo bikoteekin; ez da nik asmatutako zerbait, baizik eta, ONUSiDAk berak emandako berriak dira.

Bitartean eta neure errealitatera bueltatuz, beldurra ikusten baitut egun nire medikuaren kontsultara noan bakoitzean, pertsona Ā«berrienĀ» artean, eguneroko borroka honetan, atzera goazen seinale.

Oraindino ez garelako gai, gaixoari aurre egiteko, eta ez noa betiko argudioak erabiltzera, nire aspaldiko argudioak ere zaharkituta geratu direlako. Bai esan, aspaldi hildako nire lagunen seme-alabek ere ez dakitela askorik gai honetaz, ez dutelako ezer adierazten, ez dakielako nortzuk ziren beraien gurasoak, neba-arrebak, izeko-osabak... zelan bizi ziren edo zergatik hil ziren hain gazte, hain eder, bizi une ederrenean, hain heriotza mintsuagaz eta kasu askotan bakardadean...

Horrek kezkatzen nau, Freddie Mercuryn bizia gurasoen bizia baino hobeto ezagutzea, bera 1991n hil zenean, askok, nik kasurako, urteak generamatzan HIESAren aurkako borrokan, hormak, beldurrak, aurreiritziak apurtzen. Prebentzioa lantzen, informazioa zabaltzen, kondoiak eta xiringak banatzen, gure lagunak zaintzen... gizartea aldatzen!

Ordutik hona ia 100 milioi mamu-lagun bizi izan gara GIB/Hiesarekin, aurten ere 1.000.000 lagun hil dira gaixotasunaren ondorioz, eta ia bi milioi pertsona gehitu behar dira gure kolektibora.

Aurten, honen guztiaren aurka borrokatu dugunen artean, bat gutxiago ere bagara, zeren nire senarra eta burkidea zen Ramon Garaizar Olaizola hil da. Berari eta guztioi, muxuak eta nire eguneroko konpromisoa.

Jarriko dugu lazo gorria eta defendatuko ditugu, hasieratik izandako ideiak, gogoak , pozak eta irribarreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.