Abstrakzioa eta besterentzea

Ane Zubeldia Magriña
2026ko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dena mundu berean gertatzen da.

Naza dokumentala ikusten ari naizela jabetu naiz hotza baino hotzago nagoela kontakizun ezin lazgarriagoen aurrean. Israeldar soldaduak emozio izpirik gabe mintzo dira palestinarrak zelatatzeko sistemez, bonbardatzear ziren familien azken elkarrizketak entzun izanaz, eta «helburuak» (hau da, akabatzea «komeni» zen pertsonak) proposatzen dizkien Lavender algoritmoaz. Naza hitza baliatzen omen dute «albo-kalteak» adierazteko, hau da, hilko diren zibilak izendatzeko.

Soldaduen ahotik entzun dezaket: «ni katebegia baino ez naiz», «nik egiten ez badut beste batek egingo du», «desagertu egin behar dira». Bonbardaketen gaineko ardurari buruzko galderari, «ni teknikaria naiz, teknikari hutsa» erantzun dio batek. «Nire unitateko kideek ez ditugu arabiarrak gorroto, ez ditugu deshumanizatzen», eta dokumentalgileak erantzun, «eta, hala ere, azken bi urteetan inork ez du zuek adina arabiar akabatu». Soldadu bakarrak baino ez du emozio argirik azaldu, eta zera galdetu du bere azken interbentzioan: «Naziak ankerrak ziren, baina orduan zer naiz ni?».

Isil-isilik jaiki gara denok aretotik.

Eta atzera bira egin du munduak.

MAIDER LETURIAGA
MAIDER LETURIAGA

Greba orokorraren bezperatan, atzera datorkit gogora Se nos ha ido de las manos (Eskuetatik joan zaigu) dokumentalean ikusitako higiezinen enpresaria, etxeen ordez unitateak edo aktiboak aipatzen, errentagarritasun hitza ahoan, merkatua etengabe hizpidean. Putre funtsen atzean dauden gizaki ez-horren-gizatiarrak ardoa edan eta urdaiazpikoa jaten Higiezinen azoka delako batean, Bartzelonako biztanle arrunt zenbaitek argi eta garbi dioten artean zer diren gizaki ez-horren-gizatiar horiek: biolentoak eta lapurrak.

Eta atzera bira egin du munduak.

Lagun batek esan dit bere lankide batek alokairuan jarriko duela etxea eta «merkatua nola dagoen ikusita», behar ez duen etxe horrengatik hipoteka baino koxka bat gehiago kobratuko diola maizterrari. «Besteek egiten badute, nik zergatik ez?». Lagunen artean eztabaidatu dugu arazo sistemikoak norbanakoen erabakien esku uztea ez dela onena, baina… Argi eta garbi ebatzi dugu gure artean: behar ez duzun etxe batengatik behar duzuna baino gehiago kobratzea, eta etxe hori «bera bakarrik» ordaindu dadin nahi izatea ez da espekulazioa: beste pertsona bati bere aurrezkiak lapurtzea da.

Eta atzera bira egin du munduak.

Ahulune bat izan eta tradwife eta antzekoen inguruko analisi burutsuak (nire analisi mota faboritoa) egiten dituzten youtuberrez bete zait algoritmoa bat-batean. Pantailan, 19 urteko neska gazte ezkonberriek haurtxo bat besotan dutela esaten dute gurasoenetik senarrarekin bizitzera igaro direla, hau da, gurasoen ardurapean egotetik senarraren ardurapean egotera. Ez dutela lanik egin behar, lanaz askatu direla, eta ez direla sistema kapitalista lazgarriaren esklabo. Analisi burutsua egiten ari den youtuberrak iradoki du hautu horien atzean ez ote dagoen norbere bizitzaren gaineko ardura ez hartzeko saiakera (agian) inkontziente bat, zeinak ikusezin bilakatzen baititu menpekotasun ekonomikoaren arriskuak.

Eta atzera bira egin du munduak.

Lagun batek esan dit bere txikitako lagun bat sinestun bilakatu dela egunetik gauera. Gure klubekoa zela, bizitza zaildu zaiola, hippismora lerratu dela lehenengo, eta gero jainkoa ikusi duela, errebelazio bat izan duela. Ez dio jainkoaren nolakotasuna zehaztu. Beren bizitzaren kargu egin nahi ez duten tradwifeak etorri zaizkit gogora berriz, eta Amaia Montero edredoi erraldoi baten barruan abesten «yo creo en dios, a mi manera». Pentsatu dut kapitalismoa norbere neurrira egindako jainkoak eskaintzeko gai bada, ez dagoela zereginik.

AAk ez du inor kinka larrian jarri; giza erabakiak daude AA elikatu eta sustatzearen atzean

Eta atzera bira egin du munduak.

Itzultzailea naizela esan, eta kezkatuta ote nagoen galdetu didate. AA, etab. Erantzun dut ezetz, nahiko lasai nagoela, agian naiftasunean pozik bizi naizelako, edo aurrerapen teknologikoen izaera miragarriarekiko mesfidantza aspalditik datorkidalako, edo iruditzen zaidalako AA ez dela fisikoki jasangarria izango. Ez dut ulertzen lilura. Mota honetako titularrekin sutu egiten naiz: «AAk kinka larrian jarri ditu itzultzaileak». Ez, barkatu. Gogora datorkit nola egin izan dudan lan tarifa kutre eta ez-negoziagarrien truke nire lanarekin euskarazko AA harro asko elikatzen duten enpresentzat. AAk ez du inor kinka larrian jarri; giza erabakiak daude AA elikatu eta sustatzearen atzean.

Eta dena mundu berean gertatzen da.

Kontua da zerak amorratzen nauela gehien: norbere bizitzaren eta ekintzen gaineko ardura nola besterentzeko gai garen

Kontua da zerak amorratzen nauela gehien: norbere bizitzaren eta ekintzen gaineko ardura nola besterentzeko gai garen. Israeldar soldaduen kasuan, aurpegirik erakutsi gabe eta ahotsa distortsionatuta aditu ditut milaka pertsonaren heriotza eragitearen arduradun direla esaten, esaten haiek aginduak betetzen zituztela, besterik ez (lagun batek esan dit podcast batean aditu duela nazi garaiko exekutoreen inguruan: «pertsona haiek gaizkia egin zuten, gaiztoak izan gabe»). Etxerako bide goibelean, ondorioztatu dut abstrakzioa dela milaka heriotza norbere bizkar hartu ahal izateko baliatzen duten mekanismoa. Eta besterentzea ere, norbere ardura beste norbaiten gain uztea, funtsezkoa dela halako kaltea egin eta bizirauteko.

Israeldar soldaduen kasua mutur-muturrekoa da, baina mekanismo berberak identifikatu ditzaket beste hainbat egoera arruntagotan: merkatuari edo algoritmoari egozten dio jendeak besteen bizitzak okertuko dituen erabaki espekulatzaile eta diruzaleen ardura, jainkoaren esku uzten dute beren bizitzen norabidea. Hitz abstraktu bezain aseptikoak dira denak (merkatua, algoritmoa, jainkoa), eta nik, batzuetan, hitz horiek pertsona batzuei eskaintzen dieten arindua nahi nuke niretzat. Batzuetan, Amaia Monteroren edredoi azpian sartu eta sinestun birsortu nahi dut, abstrakzio kapitalistak erosi, beste zera baten esku utzi nire bizitzaren gaineko kontrola.

Baina besterentzeak horrenbeste hitz ebasten dizkigu… Eta nik hainbeste nahi dut gauza bakoitza nire kabuz izendatzen saiatu…

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA