Kazetaria

Adimen artifizialak baino gehiago daki tokiko kazetariak

June Fernández
2026ko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izaro Andres Televisión Españolako La Revuelta saioan haurdun abesten. Sare sozialetan ikusi dut bideoa, eta Googlera jo dut elkarrizketa osoa bilatzeko. «Izaro Andres» idatzi dut bilatzailean eta «Izaro Andrés pareja» amua bota dit. Klikatu dut. Atari digital batean egunean bertan idatzitako gaztelaniazko albiste hutsala da, hain hutsala «idatzitako» eta «albiste» gehiegi esatea dela. Lerroburua: «Izaro Andres: senarra, bikotekidea al dauka? Nor da eta zer dakigu?». Musikariari buruzko oinarrizko datu biografikoak eman ondoren, hedabideak baieztatzen du Izarok ez duela inoiz bere bizitza pribatuari buruzko informaziorik eman, ez dagoela jakiterik ea bikotekiderik duen, are gutxiago haren identitatea, ez baitago horren erregistro ofizialik ezta protagonistaren adierazpen publikorik ere.

Nola esan/izan bollera euskaraz proiektuari buruzko elkarrizketa egin zidan Albina Stardustek Biba Zuek-erako, eta kamera itzalitakoan azaldu zidan Tuli-tuli esapidea berpiztu zutela Nafarroako EHGAMekoek: 90eko hamarkadan erabili omen zuten kruisina edo kankaneoa izendatzeko, alegia, marika munduko ezezagunen arteko ligoteo praktikak. Handik gutxira sortu zuen Albinak Tuli-tuli abestia, Yogurinha Borovarekin batera; EHGAMekoek parte hartu zuten letraren idazketan. Bada, orain dela hilabete batzuk, kuriositate hutsagatik galdetu nion Geminiri nola esan daitekeen cruising euskaraz. Cruising mailegua erabiltzen zela erantzun zidan. «Eta tuli-tuli?», bota nion. Ezetz borobila eman zidan, tuli-tuli esapideak ez duela kruisinarekin inongo lotutarik.

Adibide tuntun hauek eta beste askok konfirmatu didate adimen artifiziala señoro bat dela; bere orojakiletasuna performance hutsa dela. Izan ere, AAk datuak batu eta sintetizatu ditzake, baina ez daki ezer. Sortzaile deitzen zaion arren, sortu baino gehiago, erreproduzitu egiten du: araua, kanona, isuri maskulino zishetero zuria. Daturik ez duenean ere nahiago du asmatu bere ezjakintasuna onartu baino. «ChatGPT AA bat da eta erratu daiteke» ohartarazten du Txati-k, baina, hala ere, haren erredakzio estiloa kategorikoa da beti. Limurtzailea bezain kategorikoa.

Pasa den ekainean, Kutxa Fundazioak gonbidatu ninduen adimen artifizialari buruzko mahai inguru batera, ezagutza alor diferenteetan eta, oro har, pentsamendu kritikoan duen eraginari buruz hausnartzera. Nire ekarpena prestatzen nenbilela, El Pais-ek Donna Haraway pentsalari feministari egindako elkarrizketa bikaina irakurri nuen. Harawayekin identifikatu nintzen: ni ere nagi eta motel samarra naiz teknologietara egokitzeko. Haren hitzetan, abiadura azkarraren aro kapitalistan moteltasuna bada erresistentzia politikorako modu bat. Hala, AA mantso, jasangarri eta mugatu baten alde egin zuen Harawayk.

Doako informazioa jasotzen dugunean prezio bat ordaintzen dugu: gu gara salmentan dagoen produktua

Mahai inguruan, otu zitzaidan AAk kazetaritzan nola eragin duen jorratzea baino interesgarriagoa zela  aldarrikatzea nola eragin dezakegun kazetariok adimen artifizialaren garaian. Izan ere, txatbotak hautaz erabiltzen ditugunean zein albiste digital eta sare sozialetako argitalpenak aurrean ditugunean, komeniko litzateke kazetaritza ofizioaren oinarrizko praktikak aktibatzea: ez sinistu, kontrastatu, galdera egokiak egin, gure konfiantzazko iturrietara jo. Ezagutzan sakontze aldera, pantailatik atera eta mugitu, pertsonekin hitz egin; makinen datuak baino gehiago, ezagutza komunitarioak arakatu.

Adimen artifizialak sortutako fake news (albiste faltsuak) eta clickbait (klik egiteko amuak) albisteen garaian, inoiz baino premiazkoa da tokiko hedabide independenteen lana hauspotzea eta gure balioak zabaltzea. Gaitasun kritikoa, sakontasuna, zorroztasuna, gardentasuna, gertutasuna, lurraldetasuna, burujabetza, kontraboterea, gizatasuna.

Horretarako, irakurleen papera ezinbestekoa da. Ez ezazue utzi algoritmoen esku zein albiste helduko zaizuen mugikorrera: jo hedabideon webguneetara, erosi paperezko edizioak eta zirkulatu zuen inguruan, izena eman buletinetan eta Telegram kanaletan, harpidetu, babestu gure komunitateak. Gogoratu doako informazioa jasotzen dugunean prezio bat ordaintzen dugula: gu garela salmentan dagoen produktua.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA