Politologoa

Adingabeak, ardura kolektiboa

Ane Miren Atin
2026ko ekainaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Meteorologoek diote aurtengo uda bereziki beroa izango dela. Ez dakit hori horrela izango den datozen hilabeteetan, baina esan dezaket, inolako zalantzarik gabe, azken hilabeteetan izugarri igo dela tenperatura.

Eztabaida politikoaz ari naiz, hain zuzen, liskar ulergaitzak izan baititugu mahai gainean azken asteotan.

Zaila da ulertzea nola batzuek Bernedon gertatutakoaren aurrean lehentasuna eman dioten antolakundea itsu defendatzeari, udaleku haietan egon ziren adingabeei zer gertatu ote zitzaien galdetzeari eman beharrean.

Batzuk behin eta berriz errepikatu eta gertaera justifikatzen saiatu dira, esanez urte luze daramatela Euskal Udalekuek udaleku horiek antolatzen. Eta hala da. Era berean, ehunka lagunek parte hartu dute horietan urtez urte, bai, baina historian zehar ikusi dugu nola mendeetako ibilbidea duten erakundeek ere egin dituzten noiz ala noiz akats oso larriak. Esperientzia ez da, berez, berme-agiri bat. Ezta aitzakia izan behar ere.

Eta ez, kontua ez da elkarte batek egiten duen guztia zalantzan jartzea oraindik ikertzen ari diren gertakari batzuengatik. Kontua askoz sinpleagoa da: adingabeen sexu-askatasunaren aurkako ustezko delituak ikertzen dituen prozedura penal bat martxan dagoenean, lehen kezka adingabeak izan beharko lirateke. Azken honek begi-bistakoa dirudi, baina ez da beti horrela.

Funtsezkoaz hitz egin beharrean, bigarren mailako kontuez eztabaidatzen amaitu dugu: ideologiaz, hezkuntza-ereduaz, erakunde bakoitzaren atzean daudenez edota ustezko kulturaz aritu gara, besteak beste. Gertakari hauen larritasunaren aurrean hori guztia garrantzitsua balitz bezala. Jakin badakigu bakar batzuek hala izatea nahi izan dutela.

Udalekuetara doazen haur eta gazteak ez doaz eztabaida teorikoetan parte hartzera. Lagunak egitera, jolastera, etxera bueltatzean gurasoei kontatu nahi dizkieten bizipen dibertigarriez disfrutatzera doaz. Urteetan gogoan izango dituzten esperientzia onak bizitzera, alegia.

Horregatik, hain zuzen ere, helduok erantzukizun berezia dugu; espazio horiek seguruak direla bermatzearena.

Bernedon gertatutakoak, behintzat, agerian utzi du araudian bazirela indartu zitezkeen esparruak. Eta hala egin da. Uda-kanpaina berriari ekin aurretik, Eusko Legebiltzarrak Gazteriaren Legea aldatzea onartu du; nahiz eta hasieratik arazoaren larritasuna zalantzan jarri dutenek neurri horien aldeko botoa ez eman. Hala eta guztiz ere, adingabeentzako aisialdiko jardueretan berme eta eskakizun gehiago txertatu dira.

Funtsezkoaz hitz egin beharrean, bigarren mailako kontuez eztabaidatzen amaitu dugu: ideologiaz, hezkuntza-ereduaz, erakunde bakoitzaren atzean daudenez edota ustezko kulturaz aritu gara, besteak beste

Horien artean daude adingabeekin ohiko harremana izango duten pertsonei sexu-delituen aurrekari negatiboen ziurtagiria eskatzea edota erakunde antolatzaileen erantzukizunak argiago zehaztea.

Azken batean, adingabeez ari garenean, erantzukizuna heztearen konpromisoaren parte banaezina dela ezin dugu ahaztu.

Beharbada hori da auzi honek utzi digun irakaspen nagusia. Helburuek ez dituztela bideak onesten, eta adingabeez ari garenean horien zaintza eta babesa dela lehenetsi beharrekoa.

Ikerketa judizialak bere bidea egiten jarraituko du eta epaitegietan argituko da benetan zer gertatu zen. Bien bitartean, uda iritsi da.

Ea sasoi hau baliatzen dugun oso sinplea den zerbait gogoratzeko: haur eta gazteek azken hilabeteotan batzuek erakutsi duten baino errespetu handiagoa merezi dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE