Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaleko kideak

Administrazio paralelorik ez

Antxon Gomez Lorente eta Xabier Rubio Pilarte
2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udan izan diren baso suteen harira eta gurean baso suteak izateko arrisku garaia hasi dela probestuz, Teleberrin berriki honen inguruko erreportaje bat eman zuten. 1989ko urte lazgarria abiapuntutzat hartuz, Bizkaiko ordezkariek hartzen dute hitza; Bizkaiko Foru Aldundiko basozain batek eta ondoren Foru Aldundiko Mendiko zerbitzuburuak. Baso suteei aurre egiteko dispositiboaren profesionalizazioaz eta baso kudeaketaz mintzo dira, Aldundia horren arduraduna den aldetik.

Gipuzkoarrei hitza ematean, ordea, Basotik Fundazioa agertzen da, Gipuzkoako basoen kudeaketa iraunkorra Basotik Fundazioaren esku dagoela esanez. Basotik Fundazioko zuzendari den Jon Ander Ostolaza jaunak ematen ditu azalpenak. Gipuzkoan, Aldundiko funtzionarioak diren eta gai honetan adituak diren mendi teknikariak zein basozainak berriro ahanzturan uzten ditu Aldundiak. Bilatutako zerbait da; izan ere, administrazio publikoa politikariek nahi duten eran ordezkatzeko bidea hartu baitute, urteetan beste hainbat arlotan ere badarabiltena.

Mendi zerbitzuko teknikari, basozain eta langileak funtzionarioak dira, langile publikoak, hautaketa prozesu bat gainditu dutenak merezimenduan eta gaitasunean oinarritutako irizpide objektiboen arabera. Langile publiko bezala eta ordenamendu juridikoari jarraituz, interes orokorrak zaintzea, objektibotasuna, neutraltasuna, erantzukizuna, inpartzialtasuna, konfidentzialtasuna eta zerbitzu publikoarekiko dedikazioa eskatzen zaizkie.

Fundazioak irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira izatez, baina azken helburua hobeto betetzeko, bere ondarea aberasten duten merkataritzako eta irabazizko jardueretan aritzeko aukera dute. Helburu horiek betetzeko ondare bat izan behar dute, eta Basotik-en kasuan egun 5.000.000 eurotik gorakoa da. Nola sortu dute ondare hori guztia, herritarrok jarritako dirutik ez bada? Baina zergatik sortu halako fundazio bat Aldundiak berez dituen helburuak zein konpetentziak aurrera eramateko? Zergatik ordeztu dagoeneko Aldundiak dituen langileak? Zergatik sortu administrazio paraleloa?

Gipuzkoan basoen kudeaketa mendietako zerbitzuaren eskumen zuzena izanik, Basotik sortu dute, langileen kontratazio askea duena, nahiz eta berdintasun, gardentasun eta halako hitzez mozorrotu. Lehen kontratazioa, zuzendari-gerentearena, Gipuzkoako edozein zuzendaritzako zuzendarien ordainsari berarekin, 83.000 eurotik gorakoa. Aldunditik dirua jaso, guztion dirua, eta zuzendariak kudeatuko du nahi dituen esleipen, kontratazio eta bestelako ekintzekin.

Fundazioek berez patronatua dute eta Basotikek ere badu berea, baina, hara kontua, patronatua osatzen duten kide guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuaren parte diren kargudunak dira, Xabier Arruti Foru diputatua buru. Diputatuek eta zuzendariek (izendapen askeko konfiantzazko karguak) osatzen dute patronatua. Administrazioa bikoiztuta! Aldundian agintzen dutenek herritarren arazoak kudeatzeko beste fundazio bat sortzen dute mendiko zuzendaritzak berez dituen eskumenak eta helburu berberak lortzeko. Nola ulertu hori?

2022ko irailean Basotik sortu zenetik, urtez urte bere ondarea igotzen duen bitartean, Aldundiko Mendi Zerbitzua ahulduta baliabide faltan, basozain eta langile gehiagoren beharrean, eta nahita erabat ezkutatuta, estalita. Basotik-ek, bere irudia saltzeko eta propaganda egiteko, 400.000 eurotik gora gastatu ditu, eta txirrindularitza talde bat babestu eta guzti. Berez mendien, basoen, habitaten, espezieen eta, azken batean, biodibertsitatearen eta ondare naturalaren kontserbaziora bideratu beharko lukeena greenwashing-a eta publizitatea egitera eta eraldatutako errealitate faltsua saltzera bideratu du. Administrazio paralelo horretako zuzendaria, orain gutxi arte zaborren kudeaketan aritua, eta aurretik Euskaltel eta Angulas Aguinaga enpresetan aritua, bat-batean baso kudeaketan Gipuzkoako aditu bilakatu dute, ikasketak eta lan bizitza osoko aldundiko teknikarien lana eta ezagutza mespretxatuz.

Basotik Fundazioaren leloa basozaintza aurreratua da, zer gara bada Aldundiko langileok, teknikariak, basozainak…? Aski da, pertsonal nahikoa eta medioak dituen kalitatezko zerbitzu publikoa behar dugu, ez politikoki maneiaturiko administrazio paralelorik, ezta mozorroturiko pribatizaziorik ere, eta interes orokorraren defentsan jarraituko dugu. Aldarrikapena kalera eramango dugu, zatoz gurekin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.