Inork uste ez zuenean, gizartea astindu dute putre funts baten erabaki bihozgabeak, aberatsen morrontzapeko epaile baten aginduak eta kapitalaren uniformedun zakur amorratuak diren polizia saldoaren oldarraldi gupidagabeak.
Ordea, ez da hain salbuespenezko kasua: Espainiako Estatuan, Euskal Herrian bezala, milaka etxegabetze gertatzen dira urtero. Etxebizitza mugimendua egunero borrokatzen da haien aurka, askotan isiltasun mediatikoaren aurrean, beste alde batera begiratzen baita langile auzoen egunerokotasunean presente dagoen drama baten aurrean. Oraingoan ezin izan dute. Maricarmen kasua izan da sua piztu duen txinparta.
Zotzi urte boterean eta gobernu progresista ez da gai izan arazoari sustraitik heltzeko, kapital espekulatzailea eta errentaduna kontrolatzeko, merkatua arautzeko. Etxebizitzaren gaia gobernuaren agendatik kanpo egon da, eta legez zerbait konpondu nahi izan duenean, ezintasunak gainditu du, edo interes desberdinen gatazkan trabatuta geratu da. Ikusiko dugu gobernuak azkenean zer egiten duen. Baina oraingoan, jendeak kalea hartu du, eta ez dio barkatuko huts egitea.
Askotan gertatzen da: denbora luzez dena geldirik egon, eta, bat-batean, eztanda egiten du. Borroka sozialaren satorrak burua altxatu du. Eta horrek dena aldatzen du.
Azken urtean eskuin muturrak markatu du agenda, oraingoan aldrebestu zaio kontua, eta haizeak norabidea aldatu du. Noiz arte? Ezker eraldatzaileak probestu behar du giroa, eta gauzak aldatzeko anbizioa azaldu behar du. Faxismoaren beldurrez ez atzera ez aurrera aritzea, gobernuaren makuluaren papera beteaz, ez da aukera. Zirt edo zart egiteko okasioa orain da. Faxismoari aurre egiteko eta, aldi berean, kapital espekulatzaileari gogor ekiteko eragin behar da. Gobernua estu lotu behar da, eta, aldi berean, kaleak astindu behar dira indar erreakzionarioen aurka. Denbora gehiegi daramagu defentsiban, ofentsibari ekiteko garaia heldu da.
Bertigo garaiak dira, eta, hamarkadetako geldiaren ondorioz, jauzi politikoak gerta daitezke ezustean. Gutxitan gertatzen da hori; baina gertatzen da. 2015eko maiatzaren 15ean gertatu zen Espainiako Estatuan, erreferendumaren garaian Katalunian eta orain, berriz, etxebizitzaren krisiarekin. Eskuinak aukerak azkar aprobetxatzen ditu, eta azken hamarkadan guk baino gehiago eta hobeto egin du.
Alemanian ikusi da; arazo zehatzetan oinarritu den politikak egin du aurrera. Berlinen, Die Linke alderdiaren arrakasta lekuko. Moderazioak ez du ezertarako balio polarizazio egoeran
Kontua da haizea kontra jarri zaiola etxebizitza larrialdiarekin, eta herri-klaseen beharrak oinarri izango dituen politika baten bidez, gatazka ezkerrerantz azkartzeko aprobetxatu behar dugula: alokairuen murrizketa; kontratu mugagabeak; KPIarekin lotzen ez diren igoerak, baizik eta soldaten batez besteko hazkundearekin; putre funtsen eta bankuen etxebizitzen desjabetzea; alokairuaren muga soldaten %20 izatea. Ez dezatela etxetik bota inor; zure etxeak ez dezala balio irabazten duzuna baino gehiago; ez dezatela funts handiek bizitzeko behar ditugun etxeekin espekulatu. Kontsigna horiek gobernuaren politikatik kanpo egon dira, baina herri-klaseek partekatzen duten logika artikulatzen dute, eta logika horrek urrezko aro bat du erakusteko, eta bere pisua nabarmentzeko. Gobernuari exijitu behar zaio maizterren sindikatuaren erreibindikazio guztiak onar ditzala.
Hauteskunde atarian gaude, aurpegia zuritzeko garaia. EAJk klase ertainentzako etxebizitzaren beharra saldu nahi du botoak lortzeko; baina, dirudienez, errenta baxuko herritarrak (etxebizitza sozialak eskuratzeko dirurik ez duenak) ez zaizkio axola. Eta, gainera, etxebizitza publiko asko galdu da bere erruz. Kaleratzerik Ez plataformak salatu du: «Onartezina da 1981etik Eusko Jaurlaritzak Bizkaian sustatu dituen 50.000 bat etxebizitza sozialetatik gehienak jabetza pribatukoak izatea edo putre funtsen esku egotea. Gaur egun alokairu publikoko parke zabal bat egon zitekeen...». Hori izan beharko luke ezkerreko gure politikak. Ezin diegu lurrik eskaini ez bada errenta sozialeko proiektuei emateko. Horrek du ardura eta lehentasuna.
Bestalde, EAJk eta Juntsek indar asko jartzen dute etxebizitza baten edo biren jabe direnen eskubideetan. Bai, sektore horrek izan behar du errenta justu baten bermea; baina ez du eskubiderik alokairuarekin espekulatzeko. Horrela gertatuz gero, espekulatzaileak bihurtzen dira, eta zigorra jaso behar dute.
Faxismoaren aurkako kontsigna orokorrak hutsalak dira ez badira egokitzen herriaren beharretara. Alemanian ikusi da; arazo zehatzetan oinarritu den politikak egin du aurrera. Berlinen, Die Linke alderdiaren arrakasta lekuko. Moderazioak ez du ezertako balio polarizazio egoeran.