Tasio Erkizia.
Ezker Abertzaleko militantea

Andueza jauna, eskubideak dira

2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errespetuz mintzatzen natzaizu, Eneko Andueza jauna, garraztasunik gabe. Baina aldi berean, zorroztasunez eta irmotasunez. Ez natzaizu ari sigla edo mugimendu politiko baten ikuspegitik, euskaldun jaio eta euskaldun gisa bizi nahirik borrokan diharduen herritar baten gisara baizik. Kezkaz zuzentzen natzaizu, euskarari buruz hartzen ari zaren zenbait jarrerek ondorio larriak dakartzatelako, herri hau maite duen edonorentzat ulergaitzak eta mingarriak izateraino.

Euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubidea dugu. Ez da iritzi kontua; giza eskubideei buruz ari gara. Euskara aspaldidanik bertako hizkuntza da, milaka pertsonak ezagutu eta erabiltzen duguna eta mintzatzen jarraitu nahi duguna. Beraz, euskaraz bizitzeko eskubidea dugu. Ez da kapritxoa, ez da pribilegioa; gure hizkuntza propioa den neurrian, oinarrizko eskubidea da. Zuk «tema identitarioa» deitzen diozu, baina ez da soilik hori, euskara askoz gehiago da. Oso oker ari zara horretara mugatuz, eskubide demokratikoa baita, bertan jaio zein kanpotarrena, euskaraz dakigunona eta ezagutzen ez dutenena. Guztiona da euskara, eta denoi dagokigu landu eta indartzea. Ez da abertzaleen zerbait, demokraziaren oinarria baizik. Euskara, zu eta gu baino lehen existitzen den ondare kulturala da, eta, ondorioz, ez gara nor hura mespretxatu eta baztertzeko.

Euskara Euskal Herrian bizi garen herritar guztien eskubide demokratikoa bada, euskaraz bizitzea ere maila bereko eskubidea da, eta demokrata deitzen den gizarte batean zaindu behar den ondasuna. Eta, gainera, gure lurralde hauetan, hizkuntza ofiziala izanik, esan nahi du administrazioaren hizkuntza ere badela. Jakina, bertako langileek ez badute ezagutzen administrazioaren hizkuntza, nekez izan daitezke zerbitzari egokiak. Ondorioz, euskaldunon eskubideak behin eta berriz urratuak dira. Udalera, ospitalera edo diputaziora joaten bazara, beti bukatzen dugu gaztelania halabeharrez erabiltzen, maizegi administrazio arrotz eta inposatzaile batean gaudela sentituz. Zure iritziei erreparatuz, ematen du zuk arroztasun hori areagotu egin nahi duzula.

Katalunia, Galizia edo Balear uharteetako zure alderdikideek, hemen ez bezala, errespetuz tratatzen dituzte bertako hizkuntzak, normalizazioa modu aktiboan bultzatuz. Euskal Herrian, aldiz, Nafarroan ofizialtasuna ukatzen duzue, eta EAEn, berriz, beti eskufrenoa botata mugitzen zarete. Frankismoak euskararen aurka eragindako sarraskia ontzat emanez, euskara normalizatzeko oinarrizkoak diren urratsak ukatzen dituzue. Ez zaituztegu abertzaleak izatera behartzen; euskaraz bizi eta euskara berreskuratzeko eskubide demokratikoa errespetatzeko eskatzen dizuegu. Giza eskubideen izenean eta elkarbizitza sustatzeko. Ez al da bidezkoa?

Ez okertu: euskara ez da soilik abertzaleena, ez eta bertan jaiotakoena ere; bertan bizi garen guztion ondasuna da. Lagun diezaiegun euskara besarkatzen, hori baita etorkizuna eraikitzeko bidea

Ez dugu inoiz euskara inposatu, eta aurrera begira ere, ez dugu inposatu nahi. Baina ez gaude prest euskara galtzen uzteko, eta, ondorioz, euskaraz bizitzeko erraztasunak jartzea bidezkoa eta beharrezkoa dela deritzogu. Beraz, langile publiko bati —gaztelaniaz jakitea, ordenagailua erabiltzea edo beste hainbat ezagutza tekniko-juridiko eskatzen dizkiogun bezala— euskararen ezagutza eskatzea bidezkoa eta normala izan beharko luke. Ez al zaizu arraro egiten soilik euskararen ezagutza exijitzea izatea diskriminatzailea, beste baldintza guztiak normaltzat hartuz? Urte askoan izan dugu pazientzia. 45 urtetik goiti dago administrazioa bertakoen esku, eta oraindik, salbuespenak salbuespen, gaztelaniaz funtzionatzen du. Nahikoa da, eta garaia heldu da gauzak normalizatzen hasteko. Administrazio hurbila eta erosoa izan daiteke gaztelaniaz eta arrotza sentitzen den bitartean? Denboraren aurka ari zara, Andueza jauna.

Artikulu hau idazten ari nintzenean, harriturik irakurri nituen zure hitzak urriaren 11ko BERRIAn: «Bermaturik dago jada herritar bakoitzak aukeratu ahal izatea administrazioarekin zer hizkuntzatan izan nahi duen harremana». Gezurretan ari zara ala ezjakintasuna da? Aurreko astean bertan, Bilboko udaletxeko harreran zegoen langileak ehunka bisitari gazteleraz mintzatzera behartu gintuen, euskaraz ez dakielako. Eta horrela, egunero. Hain zuzen ere, euskal administrazioan berme hori egikaritzea da lortu nahi dugun helburua, eta gure haserrearen korapiloetariko bat euskaldunoi eskubide hori ukatzen zaigulako da. Zure hitzak serioak badira, egon ziur EH Bildurekin ere ados jarriko zaretela gai honen inguruan. Euskal Herriarentzat berri pozgarria litzateke.

Ez ahaztu gero: lehen ere egon dira hainbat saiakera euskara eta langileria aurrez aurre jartzeko, baina ez dute etorkizunik izan, eta zure jarrerak ere kontra itzuliko zaizkizu. Gehiegitan saiatu zarete askatasunari barroteak jartzen, eta beti porrot egin duzue. Orain ere zuen jarrerak kontrako efektua izango du. Naziorik gabeko langileriarik ez dago. Langileriaren etsaia ez da euskara; haientzat, eta bereziki seme-alabentzat, ondare aberasgarria da. Ez okertu: euskara ez da soilik abertzaleena, ez eta bertan jaiotakoena ere; bertan bizi garen guztion ondasuna da. Lagun diezaiegun euskara besarkatzen, hori baita etorkizuna eraikitzeko bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.