Antonio Cubilloren ondarea

2012ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Sekula entzun nahi ez dituzun albiste horietako bat da Antonio Cubilloren heriotza, irudikatu ere egin nahi ez duzuna, eta kanariarrok erreferente bat galtzea eragiten du, aita bat galtzea, lagun bat, eta, batez ere, bere herriaren alde buru-belarri, ausardiaz eta zintzotasun ikaragarriarekin borroka egin zuen pertsona galtzea. Horregatik, ia erail zuten Aljerian, 1978an. MPAIACeko burua (Kanariar Urteetako Autodeterminazio eta Independentziarako Mugimendua) Aljerian zuen etxeko atarian abordatu zuten Espainiako Estatuko Barne ministerioko bi mertzenariok. Orduan Rodolfo Martin Villa zen ministerioko buru. Labanaz egin zioten eraso, ez zuten hil, baina elbarrituta utzi zuten. 2003ko urriaren 16an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko administrazioarekiko auzietako salako lehen sekzioak estatuko biktimatzat onartu zuen kanariar independentista.

Gogoan dut hurrengo astean berarekin bazkaltzeko geratu nintzela Tenerifen, albistea ospatzeko eta Kalegorria aldizkarirako elkarrizketa bat egiteko. Santa Cruzeko jatetxe batean geunden, eta Antoniok fundamentu handiarekin jaten zuen. Aldameneko mahaian hiru bazkaltiar ezagun genituen: Santiago Segura, Pablo Carbonell eta Gran Wyoming. Jatetxera sartzen zen jendeak ingurura begiratzen zuenean esaten zuen: «Hara, Antonio, azkenean justizia egin da», eta bizkarrekoak eta besarkadak ematen zizkioten. Beste hirurak ia oharkabean pasa ziren, eta harri eta zur begiratzen ziguten. Kanaria Libre Mugimenduko kidea oso maitatua zen bere herrian, beti apalenen alboan, beti zapalduen alboan. Euskal Herrian gertatzen ziren gauzak gertutik segitzen zituen, eta egun hartan azkenburukoetan hau esan zidan: «Euskal Herria egunen batean libre izango da; Euskal Herria kantatzen duen herri bat da, errotutako sentimendu bat duena, eta kantatzen duten herriak libre izango dira». Antoniok halako gauzak zituen.

Nire belaunaldiko kanariar askoren haurtzaroaren eta historiaren parte da Cubillo. Telebista zuri-beltzean zen garaian eta kate bakarra zegoenean irratiak asko agintzen zuen. Nire etxean, eta Kanarietako beste etxe askotan, familia irratiaren alboan biltzen zen irrikaz entzuteko Radio Canaria Libre. Aljeriatik emititzen zen. Une magikoa zen, Antonioren ahotsak milaka entzule batzen zituen begiak zabal-zabalik irratiaren alboan. Espainiako produktuei boikota egitea sustatu zuen, irletan zegoen ustelkeria kolonialista salatzen zuen, eta Espainiako Estatua izutzen zuen zenbait esaldirekin zauria ukitu zuen: «Godoak kanpora». Kanariarrentzat godoa kolonoa zen, Espainiako Estatuko herritarra penintsulatik irlara joaten zena kanariarra eta bere baliabideak ebastera. Oraindik ere gertatzen ari da, gainera. Zenbait enpresa eta komertzioren berri ematen zuen, zeinen kapitalak zalantzan jartzeko modukoak ziren. Kanarietako Kongresu Nazionalaren sortzailea gogaikarria baino gehiago zen zenbaitentzat.

Espainiako Estatuak Cubillo jomugan jarri zuen gai erabakigarria hau izan zen: Afrikar Batasunerako Erakundeak (OUA) MPAIACren zilegitasuna onartzea. Hori, eta Nazio Batuen Erakundeko deskolonizaziorako batzordeak Cubillori harrera egin eta entzutea aurreikusi izanak Madril bere onetik atera zuen; ezin zuen jasan Kanaria eskuetatik joatea. Horregatik saiatu ziren Cubillo hiltzen Jose Luis Espinosa Pardo eta Juan Antonio Alfonso Gonzalez 1978ko apirilaren 5ean. Espainiako Barne Ministeriotik zetorren agindua. Aljeriako epaiketan, aitortu zuten agindua Martin Villak eman ziela. 1990eko uztailaren 14an Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako sententzian honakoa zioen: « Cubilloren aurkako atentatua Espainiako Barne ministerio barrutik antolatu zen, Espainiako Poliziako kideen eskutik».

Aljeriako kanariarrak ondare itzela utzi digu, eta etxeko lan asko egiteko. Betiereko behartsuen abokatua beti zegoen erne. Bere kabuz eta bere baliabideekin ikertzen zituen irletan zeuden mafia politiko eta polizialak. Kalegorria digitalean garai hartan behin baino gehiagotan argitaratu nituen albisteak bere ondo egindako lanaren fruitu ziren. Ikertutako eta salatutako zenbait lagunek gero kartzelan bukatu zuten.

Inkonformismoa sustatu zuen, menpekotasunik ez onartzea, salaketa soziala, injustiziaren aurkako borroka, eta estaturik gabeko herrien eskubideen alde sutsu egin zuen. Azken 500 urteetan ezpata, fusil, ustiaketa eta kolonialismoaren bitartez lurretik ezabatzen saiatu ziren herri baten arima elikatu zuen. Berak esaten zuen irla hauek eta Lurrak sufrimendu histori paraleloak zituztela. Bere erroak ahaztu nahi ez dituenarentzat irakurri beharrekoa da berak idatzitako liburu bat: Análisis de algunas palabras guanches (hitz guantxe batzuen analisia). Cubillok bi gauza garrantzitsu erakutsi zizkigun: amets egiten eta borroka egiten.

Gipuzkoaren bihotzetik idazten dut hau, eta, tristuraz eta hunkipenez, honako hau soilik esan dezaket: eskerrik asko, Antonio, eta zuk esaten zenuen moduan... Gora Kanaria libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.