Arce eta Choqueuhancaren alde bozkatu beharko da Bolivian

2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Arce Catacora eta David Choqueuhancaren aldeko botoa eman beharko da igandean Bolivian, MASen hautagaitzaren kontraesanak direla medio zalantzak izan arren. Arrazoizko zalantzak dira; izan ere, MASek Estatua kudeatzeko garaian agertutako ego pertsonalista eta bertikalek gizarte-mugimenduen oinarrizko egiturak ahuldu baitituzte askotan. Erreferenduma galdu zuen hautagaitza bati (Morales-Garcia Linera) eusteko burugogorkeriak zalantza handiak sortu zituen; eta, gainera, burugogorkeria horrek galduta eta nahasita zegoen eskuin oligarkari diskurtsoa oparitu zion. Diskurtso horren bidez, kaleko mobilizazioa artikulatzea lortu zuten, kolonizatutako klase ertainari bere izaera arrazista azaleraziz.

Zalantzak daude, kolonialismoaren eta kapitalismoaren aurkako benetako haustura-proiektu batean sakontasunik ez zegoenez, ekialdeko nekazaritza eta abeltzaintzako oligarkiekin ia konplize ziren bizikidetza-agertoki batean geundelako. Oligarkia horiek ez zetozen bat MASen gobernuak lortutako egonkortasun ekonomikoarekin, eta ez zuten zalantzarik izan estatu kolpe bortitz bat eragiteko: besteak beste, Sacaba eta Senkatako sarraskietan herritar klaseek odoletan ordaindu zutena.

Zalantzak eta kontraesanak daude konstituzio eta diskurtso baten (komunitateari lehentasuna ematen diotenak arlo ekonomiko eta sozialean) eta herri indigenen aurkako praktika desarrollistaren artean, eta hain zuzen ere herri indigena horiek ematen diote MASi izateko arrazoia.

Zalantza handiak, azkenik, diskurtso sasi-iraultzaile batera bihurtutako aprobetxatu eta ustel kopuru handia dela eta. Askotan, Estatuko sektore garrantzitsuek hartu dute parte diskurtso horretan eta, askotan, beren bizitza eman duen jendea benetako aldaketa-prozesutik aldenarazi dute. Hala ere, MASen aldeko botoa eman beharko da eta nik hala egingo dut.

Arrazoi nagusia da, lehenik eta behin, hutsune horiek guztiak aintzat hartuta ere, Arceren eta Choquehuancaren hautagaitza dela herri sektoreen eta indigenen ordezkari bakarra, eta, beraz, haiek sektore hori interpelatu ahal izango dutela. Gainerako denek AEBetako Estatu Departamentuaren eta klase oligarkikoen arteko aliantza estrategikoaren interesei erantzuten diete, eta interes horiei soilik, ez beste ezeini. Herrialdea porrot egiteko zorian utzi zuen iragan kolonial neoliberalaren ondoriorik larriena dira Mesa eta Quiroga. Sektore publikoko soldatak ordaintzeko ere menpekotasuna izan duen herrialdea da, nazioarteko erakundeekiko menpetasuna. Ordezkari berriek, Camachok eta Chik, berriz, ultraeskuin ezjakin, bortitz eta erlijioso ortodoxoa ordezkatzen dute, Trump eta Bolsonaroren karikatura balira bezala.

Arce eta Choquehuancaren aldeko botoa eman beharko da, Mesa edo Camachoren garaipen batek 2019ko urritik azarora bitartean egindako estatu-kolpea sendotzea ekarriko lukeelako, Senkatako eta Sacabako sarraskien arduradun eta egileen zigorgabetasunarekin batera. Era berean, talde faxistek —hala nola Resistencia Juvenil Cochala edota Unión Juvenil Cruceñista taldeek— indarkeriaz jokatzea normalizatzea ekarriko luke, gure kaleetan beren arrazakeria fanatikoa inposatzen baitute.

Arceren eta Choquehuancaren aldeko botoa eman beharko da; izan ere, aipatutako akats guztiak gorabehera, hamalau urteko prozesu horrek aurrerapauso handia eman zuen pobrezia gutxitzeko, eta eskubideak lortu zituen, baina, batez ere, duintasun eta autoestimu lorpenak izan zituen estatu kolonialak zapaldutako langile, herritar eta indigenentzat, errepublikaren sorreratik hasi eta eredu neoliberaleko urteetan pobretu arte.

Haien alde bozkatu beharko da, baina garaipen egunaren biharamunetik bertatik, autokritika egitea eta prozesua berreskuratzea eskatu behar zaiela argi dago. Edonola ere, azkenean, prozesu bat izango da, iragan neoliberal kolonialeko basamortura ez itzultzeko.

Azkenik, klase-borrokako langile klaseen eta herritar klaseen alde eta deskolonizazioaren aldeko borrokan jatorrizko herrien alde gaudenok ez genuke arazo handirik izan beharko gureak zein diren eta zein ez jakiteko. Horregatik, Arce Catacora eta David Choquehuancaren alde bozkatu beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.