Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Arrakalak

2025eko irailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrakala gero eta zabalagoa da. Distantziak gero eta handiagoak. Instituzioak urruti ikusten ditugu. Oso. Kontrasteen garaia da gurea. Nor bere txokoan bizi da/gara. Nor bere burbuilan. Nazioarteko agintariak, batetik. Gizartearen erantzuna, bestetik. Gazako korapiloa eztarritik bihotzera eta bihotzetik urdailera igaro zait. Inpotentziak etsitzen gaitu. Hipokrisiak, sumindu.

Kontraste hori komunikabide nagusietan ere islatzen da. Kontsumitzeko erak aldatu dira. Erabat. Egunez egun komunikabideak sinesgarritasuna galtzen ari dira. Areago pandemiaz geroztik. Hegemoniko izan diren irrati-telebista-egunkarien audientziak, behera. Albiste faltsuak eta gorrotozko mezuak, gora. Gero eta jende gehiagok —%40 inguru mundu osoan— aitortzen du albisteetatik ihes egiten duela. Propio baztertzen dituela. Sinesten ez dituelako edo tristatzen dituelako. Beste askok diote: «Albisteak ez dira niretzat» («News is not made for me», Courtney et. al 2025). Hard news edo albiste gogorrak (politika, ekonomia, nazioartea...) espresuki baztertzen dituztenek soft news edo albiste leunetan —kirolak, entretenimendua— paratzen dute beren soa. Albisteak (ustez) saihestea eta ez kontsumitzea ez da gauza bera. Nonbaitetik jasotzen dituzte notiziak (sakelakoaren bidez, sare sozialen bitartez). Sektore horietan desinformazioak du arrakasta gehien.

Muturreko portaera horien gorakadaren jatorria ez dago soilik komunikabide nagusien sinesgarritasun faltan edo buruzagi neofaxisten agendetan. Ez. Instituzioen eta herritarren arteko distantzia handitu ahala jarrera baztertzaileak agertzeko probabilitatea biderkatu egiten da. Agintari politikoak beren komunikazio aholkularien —spin doctor— gatibu dira. Haiexek idazten dizkiete, goizero, fokuen aurrean esan behar dituzten esalditxo, lerroburu eta ideia nagusiak. Albistegietako sumarioetan kolatuko diren lerroburuak. Egotea da helburu. Lehenbailehen erantzun beharra. Agintariek, normalean, ez dituzte jasotako gidalerroak kuestionatzen. Ez dute astirik. Konfiantza dute beren aholkulariengan. Horregatik hautatu dituzte.

Nor bere txokoan bizi garela esan dut. Baita agintariak ere. Kontua da agintarien zeregina kalearekin eta errealitatearekin etengabeko harremanetan egotea dela. Eta nik gero eta aldenduago ikusten ditut. Ez soilik AEBetan, edo Espainian, baita Euskal Herrian ere, esaterako.

Vuelta

Irailak 3. Bilbo. Vueltako etapak ez zuen amaitzerik izan. Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako protestek amaiera etetea lortu zuten. Erabat ezohikoa den gertaera. Komunikabideen erreakzioak desberdinak izan ziren. Batzuetan, konplizitate keinuak ikusi nituen. Gehien harritu ninduena agintari jeltzaleen erreakzio azkar bezain bateratu eta beroa izan zen. Lehena, Imanol Pradales lehendakaria: «Onartezina». Bigarrena, Segurtasun sailburu Bingen Zupiria: «Jarrera ez-zibikoak, segurtasunaren eta bizikidetzaren kontrakoak, EH Bilduren jarrera lotsagarria». Hirugarrena, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe: «Tamalgarria, Euskadiren irudirako kaltegarria». Azkena, Bilboko alkate Juan Mari Aburto: «Taldetxo batek egindako protesta ez zibikoa izan da; horrela ez, ez eta ez».

Nor bere txokoan bizi garela esan dut. Baita agintariak ere. Kontua da agintarien zeregina kalearekin eta errealitatearekin etengabeko harremanetan egotea dela. Eta nik gero eta aldenduago ikusten ditut

Taldetxo batek? Irudi tamalgarri eta onartezina? Bilbon egun horretan bandera palestinarrekin atera ziren milaka eta milaka pertsonak taldetxo bat baino ez ziren (un grupito de incívicos)? EBB biltzen den Txindoki areto hori Sabin Etxeko bigarren solairuan edo bigarren estratosferan dago? Non bizi dira? Ez al dute kalea zapaltzen? Ez al dituzte bandera palestinarrak nonahi ikusten, gure plaza, udaletxe, balkoi, zubi, txoko eta paparretan? Ez al dira konturatu genozidioaren aurkako ahotsa mundiala dela, planeta osoa —Australiatik AEBetara, Londrestik Montevideora— zeharkatzen ari den aldarri ozena, oso ozena dela, agintari politikoen jarrera hipokrita agerian uzten ari dena? Egunetik egunera gero eta gehiago. Ez al dituzte suminduta ikusi beren boto-emaileak ere? Zibikoak ote dira akaso ume palestinar gosetien irudiak edota heriotza erregutuz Gazatik egongelako sofaraino iristen zaizkigun amen garrasiak? Ez al zaie bihotza uzkurtzen? Hain gortuta al daude? Hain blindatuta al daude Txindoki aretoko hormak edo Andoni Ortuzarrek PwC PricewaterhouseCoopers aholkularitzan izango duen bulegoaren paretak?

EAJ kalearen pultsua galtzen ari da. Bildurekin itsututa dago. Nonahi ikusten du haren eskua, haren aztarna, haren jendea, «betiko ezker abertzalearen bulkada». Bildu dago Osakidetzako, irakaskuntzako eta Palestinaren aldeko manifestazio guztien atzean, baita EITBko kazetariei batzuetan ihes egiten dieten adierazpenetan ere. Bildu dago guztiaren atzean. Bere obsesio etengabea da. Guztiak Bildukoak dira. Bildu, Bildu, Bildu. Ez da egia. Euskal Herria askoz anitzagoa da; zorionez. Baina, EAJk Bilduri esleitzen dion ahalmen ikaragarri horrek, Bildu bera indartsuago egiteaz gain, jeltzaleen ahulezia uzten du agerian.

EAJk buruzagiak aldatu ditu. Aurpegiak gaztetu ditu, baina diskurtsoa aurreko agintariena bezain zaharmindua eta ozpindua da oraindik. Herritarren haserre-keinu askoren atzean kale borrokaren berpiztea ikusten dute. «HBren motxila» famatua hizpidera atera dute udara honetan. Ertzaintza ukitu ezina da. Bera kritikatzea onartezina, nahiz eta Jaurlaritzak berak egindako txostenean Polizia honi 336 tortura kasu egotzi. Polizia, talde bezala, kuestionatuta dago mundu osoan. Sarritan praktika autoritario eta ustelak erakusten ditu, giza eskubideen aurkakoak. Polizia-eredu demokratikoagoa eskatzea aldarrikapen unibertsala da, Euskal Herrian izan ezik.

EAJk ardura handiak ditu herri honetan. Demokraziaren osasunerako ez da ona bere oskolaren baitan gotortzen diren alderdiak egotea, frogatuta baitago agintarien eta herritarren arteko arrakala hori populismo autoritarioari bide ematen ari zaiola mundu osoan.

Zorionez, Euskal Herrian kontzientzia kritiko dezente dago. Horregatik, irailaren 3an Vueltako etapa amaierarik gabe gelditu zen, tartean erantzun zibiko, sendo eta duina egon zelako. Agintariek lortu ez dutena herriak lortu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.