Itziar Aizpurua Egaña.

Arranguraz

2026ko martxoaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izenondo ugari ditugu hiztegian geuk eragindako mundu honetan bizitzen ari garen egoera azaltzeko. Lagun edo pertsona bakoitzak geure nortasuna daukagu, ondo berezitua, eta horregatik gara bakarrak gure unibertsoan, klonatu gabeak, alegia. Beraz, multzoan bizi garenean, bata bestearen harremanean, trukatzen dugu norberaren unibertsoa, aberastasun oparoa sortuz; bizitzari amankomunean ekinez eta elkar elikatuz askatasuna harilkatzen dugu. Era honetara, gizartea bizirik dagoela esaten dugu.

Baina berezko gizakion jarduera ederra gaiztotu, okertu, aldrebestu egiten dugunean jasangaitza bilakatu arte, interes amankomunak alde batera uzten ditugunean norberarenen mende, orduan sortzen dira pertsonen sentimendu gaiztoenak, maltzurrenak, gordintasun paregabean bestelako egia bilakatuz; amesgaizto sinestezinak benetako egiak bihurtu arte.

Hala doakio planeta urdinari, eta bertan bizi garen gehiengo biztanleriari, munduko %99ri dakigunez, hau da, oligarka inperialisten aberastasun egarri aseezinen mende gaudenoi. Beren arteko gerrak mundua banatzeko asmoz sortuak, nor-gehiagoko hilkorrean, herrien eta herritarren bizitzaren aurka doaz; gure askatasun bidea betiko suntsitu nahian, pertsonak animalien antzera txikitzen, eliminatzen eguneroko normaltasunean; mundu guztiko mass-mediek espektakulu bihurtzen dituztelarik, geure etxetik sofan eserita filma ikus dezagun lasaitasunez... beste bat! esanez.

Azken-aurreko espektakuluak —azkenik ba ote dago?— etxe bazterreko zokoraino heldu direnak, intentzio osoz, jakin dezagun munduan nork agintzen duen, eta zer egiteko gai diren beren esanetara jartzen ez denari. Adibide garbi eta beldurgarriak: Palestinako herria betiko suntsitzeko asmoz, aurrera daramaten genozidioa egunero burutzen ari dena. Venezuelako herriari ehundik gora herritar hil ondoren, Nicolas Maduro presidentearen eta Cilia Flores emazte diputatuaren bahiketak eta kartzelatzeak; petrolioa, bertako aberastasun handiena lapurtuz Venezuela baliabiderik gabe utzi nahian Trumpen gobernuaren mende.

Harropuzkeria asko daukate AEBetako presidenteak, oligarkek, inperialista guztiek: mundua beren oinpean ala gerra zabaldu mundura; herriak eta pertsonak ez deus gara, negoziorako ez bada. AEBetako Trumpen lapurreta goseak ez du neurririk ezagutzen, eta agintzen duen krudelkeriak ere ez; Palestina da adibide garbiena, eta Kuba, beti eskura zigortzeko, inoiz oinperatu gabea, tinko eusten diona Fidelen aginduari: Eutsi eta Garaitu 67 urteko blokeoa; gaur egun, ezagutzen dugun genozidio luzeena pairatzen ari dira Kubako herritarrak!

Kubak ez du petroliorik, ezta lurraren sabelean mineral berezirik ere, baina zerbait oso preziatuaren jabe da: munduko estatu-potentzia handiari, AEBei, aurre egina herritar xume, txiro eta duinak, beren printzipioetan oinarritutako burujabetza, independentzia, eta komunismoa eraikiz; hortzekin ere defendatuz Ama Lurra. Horregatik munduko borrokalari, iraultzaile guztientzat eredu da Kuba, lehen, orain, eta gero ere izango da.

«Martxoaren 12an, beteko ditugu 40 urte Euskal Herriak NATOri ezetza eman zionetik. Euskal Herriak garbi erantzun zion: geure buruaren jabe nahi genuela izan»

Eta gu, hemen, hainbat erakutsi eta eman zigun herriari lagundu nahirik zer egin dezakegun geure buruari galdezka... Ziur nago ni bezala samin handia jasotzen ari zareten askotxo hirurogeiko hamarkadako gazteok zaretela. Izan ere, mundu zabalean, askatasunaren aldeko borrokan, Kubak ez du herririk utzi laguntasunik gabe; oraintsu, Maduro presidentearen defentsan, Trumpen tropek Venezuelan hildakoen artean 32 iraultzaile kubatar zeuden. Elkartasuna iraultzaren bihotza izanik, hor dugu AEBen arrazoia Kuba suntsitu eta birrintzeko. 1962tik hona horretan dabil errepublikamo edota demokrata izan AEBetako gobernua, erregimena, sistema, bera izanda, hamahiru presidente Amerikako estatubatuar igaro dira, Trump barne dela, Kuba mapatik desagerrarazteko lanean.

Ipar Amerikari buruzko gogoeta ezin dut bere horretan utzi Europara, gure mundura, begiratu gabe. 3. mundu gerratearen zantzuak aspalditxo hasiak baziren ere, egun hauetan jasotzen ari gara ofizialtasunaren arrasto handiak AEBen eta Israelen eskutik, beraz, ezin gara geratu etxean sarturik poeta haren antzera, gurekin ez baletor bezala. Hor dago NATO AEBen mende dagoena, eta hor dabiltza agintariak arrapaladan, armak eta tropak ezinbestekotzat joz, inguru guztia astinduz, baita gazteak dituzten familiak eta geure memoriak ere.

Aurten, martxoaren 12an, beteko ditugu 40 urte Euskal Herriak NATOri erreferendum bitartez ezetza eman zionetik, 1986an. Euskal Herriak garbi erantzun zion: geure buruaren jabe nahi genuela izan, eta NATOk ez zigula hori bermatzen, debekatzen baizik, lotuagoak geratzen ginela, alegia.

Eta sakoneko arrazoiekin genbiltzan: 2. mundu gerratearen ondoren, nazioarteko egoera berriari erantzuteko, inperialismoak, kapitalismo multinazionalen ideologiak, estrategia berri bat burutu zuen sozialismoaren eta munduko mugimendu askatzaileen aurka. Estrategia horren fruitua arlo militarrean NATOren sorrera izan zen 1949an. Iparramerikar inperialismoaren ekonomiko-politiko-militarrari mendekotasuna zor diona.

Bere Konstituzioaren 2. artikuluak baieztatzen duen bezala: nazioarteko politika ekonomikoei oztopo egiten dien oposizio guztiak desagerrarazten saiatuko dira sinatzaileak: barruko etsaia identifikatzea eta deuseztatzea da NATOren funtzio garrantzitsuenetakoa.

Beraz, Euskal Herriaren subiranotasuna gure helburu nagusia bazen, NATOri ezetzik borobilena eman behar genion. Eta horrela burutu genuen. Ezker abertzalea blokeen politikaren aurka jarri zen, ez lerrokatzearen aldeko munduko herrialdeekin bat eginik, gerraren aurka eta bakearen alde, horrela soilik eraiki dezakegulako etorkizuna subiranotasunean oinarritua, herrien elkartasunaren bidez, nazioarteko ordena berri baten alde.

Eta, orain ere, hori da gure irtenbidea herri independente eta sozialista izan nahi badugu, eta nola ez, elkartasuna adierazi nahi badiegu gogorki kolpekatuak izaten ari diren Palestina, Venezuela Kuba, Iran... eta hainbat herrialderi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA