Kazetariok arrantzaleak bezalakoak gara. Gertakizunen itsasoa da gure lan-eremua eta euskarazko prentsan ari garenok, gainera, tresna apalak ditugu eskura. Ez dugu komunikazio talde handien gihar ekonomikorik, eta kapital ekonomiko eskasia kapital sozialarekin ordezkatu behar izan dugu. Kala txikiak sortu, elikatu eta defendatu ditugu, aldi berean. Inguruko beste komunitate askok baino hedabide gehiago galtzen ere ikusi dugu: debekuak, itxierak, proiektu etenak. Hauxe da gure genealogia.
Baina arrantzaleak gara, eta badakigu sare baten indarra ez datzala hari solteen lodieran, korapiloetan baizik. Haria hautsi daiteke eta sareak eusten jarraituko du loturak sendoak badira. Euskarazko komunikazioaren historia horixe izan da: hari meheekin sare sendoak egiten ikastea. Ez dut ahultasuna erromantizatu nahi: prekaritateak ez zaitu hobea egiten eta kolpeak ez dira curriculumeko meritu. Baina itsaso zakarrean nabigatzeko teknikak ikasi ditugula ezin ukatu. Krisiak kudeatzeko masterrik ez dugu behar izan: praktikak aspaldi hasi genituen.
Duela hogei bat urte, udako ikastaro batean komunikabideen krisiaz hitz egin genuen. Ausardiaz, ekaitz perfektua izendatu genuen saioa. Orduko oharrak berrikusi ditut: publizitate-ereduaren krisia, audientzien zatiketa, teknologiaren eragina, konfiantzaren galera, negozio-ereduen ahultzea, botere ekonomiko eta politikoen presioa. Ia dena zegoen han. Hogei urte daramatzagu, beraz, gaixo beraren diagnostikoa egiten. Eta, harrigarriro, gaixoa bizirik dago. Ukituta, bai, zaurituta, presiopean, baina bizirik.
Kazetaritza ez da merkatuko beste edozein produktu. Informazioa boterea da, eta kazetaritza azpiegitura demokratikoa eta prentsa-askatasuna herritartasun demokratikoa eraikitzeko ezinbesteko baldintza. Ez da beharrezkoa egunkari bat ixtea hura mehatxatzeko, nahikoa da erredakzioak argaltzea, ikerketa luxu bihurtzea, irizpideari klika gailentzea eta hausnarketa abiaduraren menpe uztea. Eta hori guztia gertatzen ari da gaur egun.
Mundua euskarara itzultzea eta mundua euskaratik kontatzea ez dira gauza bera. Komunitate batek bere hizkuntzan informazioa ekoizteko gaitasuna izan behar du: zer den albiste erabaki, galderak egin, gertukoa kontatu eta urrunekoa bere koordenatuetatik ulertu.
Kazetaritza, bere egitekoa betetzen duenean —eta ez du beti betetzen—, balio publikoa duen zerbitzua da. Inork begiratzen ez duen tokira argia eramaten du eta botereari galderak egiten dizkio. Kontrapisurik gabe, badakigu norantz makurtzen den boterea.
Itsaso horretan ari gara, eta gurean, badago beste dimentsio bat. Mundua euskarara itzultzea eta mundua euskaratik kontatzea ez dira gauza bera. Informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea dugu, baina ez da nahikoa. Komunitate batek bere hizkuntzan informazioa ekoizteko gaitasuna izan behar du: zer den albiste erabaki, galderak egin, gertukoa kontatu eta urrunekoa bere koordenatuetatik ulertu. Eta horixe, bereziki horixe, dago gaur egun kinka larrian. Adimen artifizialak gero eta hobeto itzuliko ditu testuak, edo bizkorrago, behintzat, baina itzulpenak ez du berez begirada sortzen. Komunitatearen memoria, tentsioa eta lehentasunak eraiki behar badira, kazetaritza behar da. Euskarazko komunikazio-sistema ez da hizkuntza-politikaren eranskin bat: gure espazio publikoaren eta gizarte-kohesioaren azpiegitura demokratikoa da.
Historikoki ahulgune izan ditugun tamainak, baliabide urriek eta merkatuaren estutasunak beste gaitasun batzuk garatzera behartu gaituzte: gertutasuna, lankidetza, konfiantza, komunitatearekiko lotura. Beste batzuk orain ari dira audientziekin harreman sendoagoak nola eraiki ikasten eta guk badakigu zerbait horretaz. Ez berez bizkorragoak garelako, beharrak erakutsi digulako baizik.Â
Horrek ez du esan nahi daukaguna nahikoa denik. Erronka sarea zabaltzea da, hari gehiago, korapilo gehiago eta sendoagoak behar izango ditugu itsasaldi berri honetan. Komunitatea ez da soilik euskarazko hedabideak kontsumitzen dituen jendea: erakundeak, unibertsitateak, enpresak, kultur eragileak, sortzaileak, teknologia garatzen dutenak, gazteak, euskaldun berriak eta espazio publiko partekatu batean parte hartu nahi duten guztiak ere badira.
Ez dugu besteek eraikitako komunikazio-eredu handiago baten kopia txikia izan beharrik. Gure historiatik eta gure sare-gaitasunetik abiatuta, gaurko erronkei hobeto erantzuten dien eredua proposa dezakegu: hurbilagoa, partekatuagoa, askotarikoagoa eta komunitatearekin lotuagoa.
Arrantzaleak gara. Itsasoa ez dugu kontrolatzen, baina geuk egiten ditugu sareak.