Javier Indurain.

Arrazismoa ez da tratuan ibiltzeko

2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Urte asko daramatzat arrazismoaren kontrako aktibismoan, eta, nire ustez, arrazista eta xenofoboa da lege batentzako babesa negoziatzen ibiltzea ere, alkate bat bere adierazpen arrazista eta xenofoboengatik ez gaitzestearen truke.

Iruñeko alkateak, Navarra Sumakoak, zenbait adierazpen arrazista eta xenofobo egin zituen; hala izan zela aitortu zuten oposizioko alderdi guztiek, baita PSNk ere, eta hura gaitzestea proposatu zuten. Bitartean, estatuko gobernua, PSOEk eta Podemosek osatua, lan erreforma aurrera ateratzen saiatzen ari zen; neurria progresista zen ustez (ez naiz hasiko aztertzen), baina ez zeukan ezkerreko beste taldeen babesik, eta, beraz, onartua ez izateko arriskua zegoen. Gero gertatu zena gertatu zen, baina, nolanahi ere, lege horri babesa ematea negoziatu zen, adierazpen arrazista batzuk babestearen truke. Babestea edo ez gaitzestea: nik neuk ez dut alderik ikusten. Gobernuak ala PSOEk negoziatu zuen, hori ez dakit, baina badakit arrazakeria erabili dela tratuan aritzeko, eta gobernua osatzen duten bi alderdietatik ez batak eta ez besteak ez dutela truke horren kontrako jarrerarik hartu.

Eskuin muturreko alderdiak, ideiak eta adierazpenak gero eta zabalduago daude, eta inork ez daki zergatik. Maiaren adierazpen arrazista eta xenofoboen inguruko eztabaidan, beste bi izen ere aipatu dira: Maroto, Gasteizko alkate ohia, eta Albiol, Badalonako alkate ohia; biak PPkoak. Haiek ere, orain dela urte batzuk, kanpaina xenofoboak egin zituzten botoak lortzeko. Horren ondoren, 2015eko udal hauteskundeetan, PPk behea jo zuen, boto gutxiago eskuratu baitzituen udal guztietan bitan izan ezin: Gasteizkoan eta Badalonakoan. Baina ez Maroto eta ez Albiol ez zituzten aukeratu alkate izateko: oposizioko gainerako alderdiek eragotzi egin zuten. Hala ere, dena ez zen eztizko bidea izan, zenbait alderdi saiatu baitziren traturako erabiltzen arrazakeria (Gasteizen, adibidez; ondo gogoratzen dut, gertu dudalako). Edonola ere, PPk ez beste alderdiek mezu argi bat eman zioten gizarteari: «Arrazakeria instituzioetatik kanpora».

Oraingo honetan, Iruñean, ez da hala izan. Kontua ez da alkate bat «gaitzestea» esan duena esan duelako eta gero hark bere lanpostuari eustea; kontua da ez dadila alkate izan aurrerantzean, ezta beste egun batez ere. Kontua da zentsura mozio bat aurkeztea hura kargutik kentzeko. Lehen esan bezala, mezu argi bat bidali behar zaio gizarteari: denak ez du balio; arrazismoa ezin da presente egon instituzioetan.

Hala pentsatzen nuen tratukeria hori ikusi aurretik. Orain zera pentsatzen dut, egoera nik uste baino askoz kezkagarriagoa dela; izan ere, larria da instituzio baten ordezkariak adierazpen arrazistak egitea, baina are larriagoa da ustez horri kontra egin behar dionak, jarrera horiek errotik ebaki behar dituenak, babesak eta gaitzespenak negoziatzea «zerbaiten truke», horrela inposatzen baitira eskuin muturraren ideiak eta jarduteko modua. Arrazismotik, xenofobiatik, matxismotik eta homofobiatik «onura politikoak» ateratzea da eskuin muturreko alderdien eta ideologiaren modus operandi-a. Eta zer egin dute orain Iruñean? Zuei, hori egin duzuenoi, dagokizue erantzutea.

Aktibista gisa, zorionekoa naiz Nafarroako mugimendu antirrazistan parte hartzen dudalako. Mugimendu hori, erakunde hori, indartsu dagoela iruditzen zait, gizartean eragin handia duela, eta ez dela beldur inori aurre egiteko; izan ere, badakigu borroka honetan aliatu posible bakarra antirrazista dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.