Askatasunaren abentura

2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Hau ez da abentura bat, gauzatu daitekeen proiektu ilusionante eta irekia baizik. Abentura izatekotan, askatasunaren abentura da...», Maddalen Iriarteren hitzak dira. Nolaz sartu den honetan galdetzen diotenean erantzuten dituenak. Kuriosoa da, Maddaleni, Jaioneri, Mireni eta gainontzeko EH Bilduko zerrendakideei jendeak eskerrak ematen dizkiogula. Ez zorionak , ez zorte on... eskerrak. Zergatik? Badakigulako ez dela erabaki erraza. EH Bildun egoteak onurak baino gehiago sortzen dituelako arazoak batetik, eta egiten den lan guztia ezkutatzen saiatzen direlako, bestetik (zergatik ote? Izua gure proiektuari?).

Ni pozik nago. Arnaldorena bagenekien («Arnaldo lehendakari» hitzek sortzen dituen urtikariak sendatzeko, antihistaminiko nahikoa ez dago Euskal Herri osoan), baina gu gurera, leloak dioen bezala: herri egitera! Egingo dugun herria, koloretsua, plurala, herri eta pertsona guztien eskubideak defendatuko dituena, sistema ekonomiko justua izango duena, guztien duintasuna bermatuko duena, natura errespetatuko duena, euskalduna, preso guztiak etxean izango dituena, guztion artean egingo dugun herria izango da... eta ezinbestean herri feminista beharko du izan, edo ez da izango. Kosta zaigu, baina ari gara ulertzen.

Abentura honetan ametsak gauzatu daitezkeela sinesten duten ameslariak behar ditugu. Errespetuz, zintzotasunez, gogor baina irribarretsu lan eginez, ilusioz... aurrera egiten duten gizon-emakumeak. Herriarekin egon eta herriarekin egiteko prest. Milaka eta milaka zarete gure herrietan.

Herri antolatuan sinesten duzue (boterea kalean, ez bulegoetan; edo lehendakari onena, herria). Badakizue kapitalismoa eta kontsumismo basatiak direla jendarte injustu honen errudunak. Euskal Herrian sinesten duzue, ez diogula inori baimenik eskatu behar erabakitzen duguna egiteko. Elkartasuna eta errespetua oinarri izango dituen herri anitzen mundu berri bat amesten duzue. Pertsonen duintasuna, guztiona, banaketa justu batekin ziurtatzen dela dakizue... Goazen elkarrekin askatasunaren abentura bizitzera.

Aukera paregabea oraingo honetan. Ezin dira botoak oparitu ez eskuinari ez bere jaiotza, zuzendaritza eta baldintzak Madrilen dituenari. Eta ezin gara etxean gelditu. Ostiralean gertuko batek bota zidan: «boikota egin behar dut hilaren 25ean». Eta nik, jakinda abenturazale amorratua dela: «eta abentura hau galdu? Gaizki egindakoak, eta asko dira, zuzenduko ditugu, baina herri honi zor diogu apustu hau egitea!».

Bukatu nahi dut Nerea Kortajarenari entzundakoarekin (Ai, Nerea, zer errepasoa eman zenien Donostiako marko inkonparablea besterik ikusten ez dutenei, errealitate soziala azalduz, alfonbra azpian gordetzen dituzten marjinatu guztiak aipatuz...): «oraingo honetan Gasteiz abordatzera goaz!»

Dirudienez, abentura honek pirata usaina dauka...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.