Donostiako Parte Zaharreko bizilagun ohia

Aukera berri bat Zaraguetarrentzat

Argi Etxezarreta
2026ko irailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste honetan prentsan ikusi dugunez, Atari hotelak bere gaur egungo kokalekua utzi beharko du, epaileek hala erabakita. Antza, Gastroleku ostalari talde boteretsuak 280.000 euroko zorra du eraikinaren jabe diren Blanca eta Consuelo Zaraguetarekin. Albiste deigarria, noski. Donostiaren turistifikatzean, kaleak terraza bilakatzean eta eliteei zuzendutako zerbitzu gisa erreferentzia bat da Atari. Parte zaharreko hotel berrienetakoa da, donostiar familia ezagun eta ohoratu baten jabetza.

Era berean, hotel horren eraikuntzarako bizilagunen kanporatzea behar izan zen. Batzuk poliki, beste batzuk xantaiaz, kanporatzen joan ziren. Azken kanporatuak Hotel + ez kolektiboko kideak izan ginen, bertako etxebizitza bat okupatuta urte pare batez bertan bizi izan ginenak.

Dudarik gabe, albistea nahiko sonatua egingo da parte zaharreko bizilagunen, bertan ekipamenduak eskatzen dabiltzan elkarteen eta gastroteken kalteekin bizi direnen artean.

Gogoan dut desalojo horren aurretik, ostegunero Santa Maria elizan egiten ziren elkarretaratzeen harira, Arriola eta Nerecan enpresariek auzitara jo zutela, kriminalizazio bila. Eta gogoan hartu nahi ditut eraikinaren jabeetako batek bilera batean okupatzaileei esandakoak. Alde batetik, ez zegoela bertan hotel bat egitea kaltegarria izango zelako inongo frogarik, eta, bestetik, orekak egiten omen zituen: «Naizenarekin, daukadanarekin eta nire pentsamenduekin».

Lehenari buruz, ba ote da oraindik inor hirian turismoak arazoa dakarrela ikusten ez duenik? 2016ko hiriburutza iragarki turistikoa zela salatu genuenekin kritikoek zioten bakearen aurkako ezker muturrekoak ginela. Pisu turistikoen orokortzearekin eskatu ziguten jabe txikiak ez genitzala izorratu. Hotelak zabaltzen zihoazen heinean, kalitatezko turismoa ekarriko omen zutelakoan, ez genezala protesta egin.... Sekula atzera egingo ez duten arren, orain badabiltza ustezko galga eta ustezko konponbideak jartzen. Ez omen dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik, baina eztanda hau hain da nabarmena non goiak, insaustiak eta itxasoak ere jabetu diren. Hil eta gero, salda bero.

Ez dakidana da ea Zaraguetarrak ere jabetu diren. Ahal zutena egiten omen zuten, hemen eta han zabalduaz zein filantropikoak diren. Urteotan beste proiektu solidarioren bat ere baztertu dutenez, orain aukera ederra dute. Hotelzale hauek huts egin dieten honetan, urrezko aukera dute parte zaharraren konponbidean parte hartzeko.

Badago konponbide beharrik... Izan ere, alde zaharreko bizitzak espazioa eta indarra galdu ditu urteotan. Pribatizazioak, xake taula batean gisa, aurrera egin du: Lehenik Konstian jolastea galdu genuen, gero kaian bainatzea, doi-doi egongo ziren haurrak eroso Zuloaga plazan eta Trinian (azken honetan Heineken jazzaldirik edo enparaurik ez bada), eta uda honetan hondartzarako bidea ere itxi digute Club Nautico elitistakoek. Eta berreskuratu ditugunean, egurra. Isunak jarri eta kolpez kanporatu izan gaituzte kaleetatik, arranpatik, gaztetxeetatik, Birundatik eta Guardetxetik (bertan eusten dioten arren, auzoaren alde borrokatuz). Zer esanik ez: postala garbitu nahi izan da. Horretarako, pobreak, afaltzen ematen dietenak eta aldarrikapen guztiak ezabatu nahi dituzte.

Egoera horretan, amestu dezakegu Zaragueta ahizpen urrezko aukerarekin: hamar bat etxebizitza sozial egin litezke Nagusia 18n, auzoko gazte zein nagusientzat, etxegabeentzat... Eta gastroteka handi horren lekuan, KASek banatzen zituen adina otordu egin litezke, edo auzoko elkarte batzuentzako lokalak, edo haur txoko edo gaztegune bat... Seguru esfortzu horretan auzoak hainbeste kezkatzen duen alkate jaunaren laguntza luketela, horiek guztiak desiragarriak baina «ezinezkoak» baitira harentzat.

Ametsetik esnatuta, ordea, ez naiz baikor: etxebizitzaz negozio, auzoez postal, arrantzaz museo eta edozerez etekin egitea baita jabe, ostalari eta alkateen joera. Antolatu eta aurre egiten ez badiegu, bederen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA