Erretiratua

Baina nora goaz?

2025eko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baina, nora goaz? Hori da gure inguruan eta munduko hainbat tokitan gertatzen dena ikustean sortzen zaigun galdera.

Duela aste batzuk, Trump jaunak esan zuen bere Gazarako bake plana onartuz gero, Palestinaren eta Israelen arteko gatazka amaitzera bideratuko zela. Hala ere, hasieratik plan horrek mesfidantza handia sortu zuen, nahikoa baita nork egin zuen ikustea bere helburua bakea ez dela ulertzeko. Trumpek bere burua bakegile izendatu arren, ez da inoiz bake gizona izan. Ezegonkorra, harroa eta harroputza izateaz gain, gerrazalea dela agerian geratzen da. Boterera iritsi zenetik egin dituen ekintzei erreparatu besterik ez dago: muga zergen gerra, immigrazioaren eta hegoamerikarren aurkako borroka, NATOko estatu kideei gastu militarra handitzeko exijentzia, Groenlandiaz jabetzeko asmoa edota palestinarrak Gazatik kanporatzeko eta lurralde hori gune turistiko bihurtzeko mehatxuak, beste askoren artean.

Antza denez, hainbat herrialde arabiarrek hasieran onartu zuten eta gerora Israelek aldatu eta palestinarrekin inoiz negoziatu ez zuen Gazarako plan horrek —Zisjordaniarako zer aurreikusten duen ere ez dakigu— hogei puntu ditu, Trumpek nahi bezala kudeatuko lituzkeenak. Puntu horiek palestinarrek onartu behar izan zituzten, bestela erabat suntsituko baitzituzten.

Gatazka horrek konponbide oso zaila du, denbora aurrera doan heinean, bi herrien arteko sufrimendua eta, ondorioz, gorrotoa areagotzen ari baitira. Bi komunitateen arteko harremana larriki okertu da, hein handi batean NBEn ordezkatuta dagoen komunitatea ez delako bere erantzukizunen mailan egon. Israelek bere komenientzian jardutea ahalbidetu dute, su etenak behin eta berriz urratuz, betiere Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin eta Europako herrialde askoren konplizitatearekin, zeinak aspalditik baitaude Ipar Amerikako herrialde ahalguztidunaren nahien mende.

Azken hamarkadetan konpondu gabe egon den beste gatazka batek beste gertaera bat izan du azaro hasieran. AEBen ekimenez, NBEren Segurtasun Kontseiluak oinarritzat hartu zuen Marokok Mendebaldeko Sahararako duen autonomia plana, irtenbide «justu, iraunkor eta elkarrekiko onargarri bat» lortzeko helburuarekin. Hala ere, ekimen horrek alde batera uzten du autodeterminazioaren bidea eta, jakina, erreferendum bat egitea; gainera, saharar herriaren ordezkarien parte hartzerik gabe.

Bi gatazketan, Donald Trump da bere aliatuen —Israel eta Maroko— mesedetan konponbideak bultzatzen dituena, beste aldearen iritzia kontuan hartu gabe. Aldeetako bat mespretxatzeko eta mehatxatzeko denbora eskaini dion pertsona batek horrela jokatzea ez da harrigarria, ohiko jokabidea baita Trumpentzat. Benetan tristea dena da gainerako herrialdeak gai ez izatea esateko, alde batetik, ez dela gatazka horiek konpontzeko pertsona eta ez duela zertan protagonismorik izan; eta, bestetik, alde guztiekin esertzeko eta inplikatu guztiek onartutako akordio bat lortu arte ez altxatzeko. Horretarako sortu zen-eta erakunde hori.

AEBetako presidentearen menpeko morroi gisa jokatzen duten agintari politikoen aurrean, herritarrok iniziatiba hartzea eta egiten ari direnaren aurka protesta egitea beste aukerarik ez da geratzen. Bestela, berdin jokatzen jarraituko dute, eta munduak bere burua suntsitzen jarraituko du: demokraziak deuseztatuz, beharbada, fisikoki suntsitzeraino. Erreparatu, bestela, hazten ari den armamentu norgehiagokari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.