Ezker abertzaleak eta ETAren su-eten adierazpenak sustatutako bake prozesuari «tregoa-tranpa» deitu izana mesfidantza baten adierazgarri bidezkotzat jo daiteke. Baina, ezbairik gabe, ezkutatu egiten du euskal gatazka koordenatu politiko eta demokratikotan zehazteari uko egin izana, hari jokaleku berri bat gertatzeko asmoz. Ezbairik gabe, ikuspegi lauso bat sumatzen uzten baitu, erakuts lezakeena gaur egungo esparru juridiko eta politikoa ez dela gai irtenbide demokratikorik emateko.
Edozein demokrata lotsagorritzeko modukoak dira Kataluniako Estatutuaren -Kataluniako herriak erreferendum bidez bozkatuaren- kontra Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako sententzia latzaren ondorioak. Betidanik esan izan digute indarkeriarik egon ezean edozer zela zilegi. Bada, Katalunian, prozesu bat atera dute burutan, Estatutuan eta Konstituzioan jasotako arauak zorrotz bete eta gero; Estatutu hori elbarri iritsi zen Gorteetara, eta ganberako gehienek babestu zuten. Eta Espainiako Gorteek onartutako Estatutu hori izan zuten hautagai erreferendum bidez. Ez zen, inolaz ere, Estatutu subiranista bat. Kataluniako Parlamentuak onartutako Estatutuak zeuzkan ezaugarri subiranistak, berriz, Masen eta Zapateroren arteko itunaren bidez bahetu zituzten. Auzitegi Konstituzionalak, PSOEk eta PPk kontrolatua izaki, beretzat hartu ditu sorburuan ez zeuzkan zenbait eginkizun ere, eta legegile bihurtu da, herritarren borondatearen gaindik jartzeraino. Horregatik da erabakigarria Estatutuarekin gertatu dena; antza denez, lehenbizikoz agerian geratu baita zeintzuk diren Espainiako demokraziaren mugak. Diskurtso aspaldikoek erretolika gogaikarriak dirudite gaur egun.
Zerikusia handia dute PSOEk eta PPk bake prozesu baten inguruan duten jarrerak eta -Europako Batasunean inoiz gertatu ez bezala- legezkotasun demokratiko zalantzagarri baten bidezidorretik lortutakoa galduko dutelako beldurrak: Eusko Legebiltzarra eta Jaurlaritza kontrolatzea lortu baitute. Horretarako sortu zuten Alderdien Legea, ETAren presentzia zuribidetzat hartuta, eta «dena ETA da» premisak babestuta. Hala eraso egin ahal izan zioten Egunkaria-ri ere, nahiz eta gero muturrez aurrera erori, eta izugarrizko esperpento juridiko-politiko batean parte hartu. Alderdien Lege hori da, hain zuzen-zoritxarrez, CiUk ere babestutakoa-, bloke espainolistaren interesen araberako Legebiltzar bat egin ahal izatea ekarri duen tresna juridikoa. Lege hori gabe -ETAren existentzian oinarrituta baino ezin baitute zuritu-, Eusko Legebiltzarreko gehienak bestelako ikur batekoak izango lirateke, eta pikutara bidaliko lukete PSOEk eta PPk gaur egun osatzen duten alegiazko gehiengo hori. Eta kosta ahala kosta lortutako horri ez diote uko egingo nola hala; aitzitik, eutsi egin nahi diote hegemonia halakoari.
Horregatik dituzte oraindik ere preso Arnaldo Otegi eta beste asko; ezker abertzaleak, oro har, apustu politiko baten inguruan bildu nahi izatea da haien delitu bakarra. Apustu politiko horrek bide emango lieke, halaber, ezker independisten indarrak metatzeari; eta tokia kenduko lioke PSOEri, baina mehatxu egingo lioke EAJren hegemonia mendeetakoari ere, jarrera apurtzaileetarantz lerrarazteraino ia. Ezker abertzaleak ere, ordea, ausardiaz hartu behar du bere gain zubiak berregitea, eta zauriak osatzea gatazkak kalterik handien eragin dien euskal gizarteko aldeei. Argudiorik gabe geratzen da espainolismoa, politika baldin bada tresna bakarra. Eta arrazoibiderik gabe geratzen da, gizartean ez baldin badago zatiketarik edota jarrera bateraezinik euskaldunen kontrako diskurtsoak ernalarazteko. Ausardia eta errealismoa osagai ezinbestekoak dira, atzerakorik ez duela sinetsita nagoen prozesu bati aurre egiteko.
Nazionalismo espainolak arrazoi dauka ahalbide horren beldur izatean, izugarri areagotzen baita euskal gizarteko gehienek nahi dutena gailentzeko ahalbidea. Eta hori ez da haien gogoko jokaleku bat; hain zuzen ere, ETA zurigarri gisa baliatuta, ondo moldatu izan dira. Zuribide halakorik gabe, gogo mehartasuna eta zorua ostikoz jo ahal izatea besterik ez zaie geratzen, aurre egin behar izanez gero ere borondate geraezin bati: herri subirano batenari. Hori da ibili beharreko bidea. Ez da erraza izango. Baina horrek bakarrik dakar itxaropen zintzo bat, eta, egiaz, horren beldur da nazionalismo espainola gaur egun.
(Erredakzioan itzulia)
Bake prozesuaren beldur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu