Erretiratua

Bakerako 28 puntu

Joan Mari Beloki Kortexarena
2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainako gerrari amaiera emateko mahai gainean jarri den azken dokumentua Donald Trumpen 28 puntukoa da. Hilabete bat darama bueltaka, eta oraingoz dakigun gauza bakarra zera da: Vladimir Putinek eztabaidarako oinarrizko dokumentu gisa balekotzat jo duela eta Volodimir Zelenskik, berriz, herrialdearen duintasuna defendatuko duela esan zuela, lurraldetasunaren puntuaren gaitzespena izan ezik gainerakoen ingurukoa gehiegi argitu gabe.

Abuztuan Donald Trump eta Vladimir Putinek Alaskan zerbait adostu zutela eman ziguten aditzera, eta ekimen horretatik amaierarako bide bat sor zitekeela zirudien. Baina Zelenskik ez zuela onartzen esan omen zion presidente estatubatuarrari, eta Trumpek izoztuta utzi zuen Putinekin Alaskan hitzartutakoa.

Geroztik bi berri deigarri zabaldu da Ukrainako gatazkaren inguruan: batetik, militarki Ukrainako armada hainbat lekutan kolapsatzen ari dela eta gero eta nabarmenago ikus litekeela gerra irabazteko aukerarik ez duela; bestetik, AEBetan soilik erabil daitekeen ehunka milioi dolar aurkitu dutela Zelenskiren hurbil-hurbileko jendearen eskuetan, Zelenskiren sinesgarritasuna oso maila eskasean utzita nola munduan hala Ukrainan bertan ere.

Bi arrazoi horiek izan omen dira, Alaskako bileraren ondorengo geldialdia izan eta gero, presidente estatubatuarraren ekimena berrabiarazteko arrazoia. Korporazioen interes ekonomikoak dokumentuan sartu izanak handitu egin du Trumpen dokumentuaren indarra.

Garbi dago idatzita dagoen bezala dokumentua ez dela inora iritsiko. Baina gerra Errusiak irabazia duenez, dokumentuak arrakasta izan lezake errusiarren asmoak jasotzen badira. Bestalde, Europako Batasuna urte hauetan AEBen morroi leiala izan denez, orain ere AEBetako presidentearen arrastoari jarraitu beharrean da. Harrizko gonbidatua da. Eta Ukraina beste hainbeste. 2022ko apirilean Boris Johnsonen gerrari eusteko proposamena onartu zuenetik, Zelenskik AEBen esku utzi zuen Ukraina.

1991n Sobietar Batasunetik independentzia eskuratzerakoan, Ukrainak NATOn ez sartzeko konpromisoa hartu zuen. 1996ko lehen konstituzioan konpromiso hori jasota geratu zen. 2014ko Maidango estatu kolpearen ondoren, parlamentuak konstituzioa aldatu eta NATOn sartzeko bideari ekin zion. Ukrainak sinatu zuen neutraltasun militarra Zelenskik eta enparauek hautsi ez balute gerra hau ez zatekeen piztuko, baina NATOn sartzeko apustua egin zutelarik, Ukraina itota bukatzera kondenatu zuten.

Dokumentuan Trump errusiarrekin izandako harremanetan hitz egindako eduki garrantzitsuenak jasotzen saiatu dela ikus liteke, nahiz eta hainbat puntutan errusiarren ezezko biribila aurreikus daitekeen. Agerikoa da eztabaidatzeko zirriborroa dela. Bat-batekotasuna eta nahas-mahaskeria nagusi dira dokumentuan. Koherentziarik ez duen arazo mordo baten zerrenda besterik ez da. Hala ere, Putinek puntu batzuk negoziagarriak direla esan du. Beraz, zerbait positiboa lortzeko itxaropena badu.

Filtrazioaren helburua negoziazio prozesua etetea zen. Baina dokumentuak bizirik dirau eta bi aldeak elkarrizketa luze eta ugari egiten ari direnez, hurrengo asteetan erabaki garrantzitsuren bat etor litekeela pentsatzeko bidea ematen dute.

Hauek dira dokumentuaren puntu garrantzitsuenak: 7. eta 8. puntuetan gerra honen funtsa ukitzen da. Ukraina ez da NATOn sartuko eta NATOk ez du Ukrainako lurrik zapalduko; 6. puntuan aipatzen da, zera, 2022an, OMB hasi zenean, Ukrainako soldadu profesionalak 250.000 inguru zirela. Urte horretako Istanbulgo negoziazioetan Ukrainak kopurua 85.000ra murriztea onartu zuen. Trumpen dokumentuak 600.000 proposatzen du. Errusiak ez du onartuko.

Bestalde, segurtasunari eragiten dioten hainbat puntu daude: Europa osokoari dagokionez, gutxienez, 3., 4., 9., 15. eta 17. puntuetan ukitzen da, modu desberdinetan. Gogoan izan behar da AEBek 1991n NATO Errusia aldera milimetro bakarra ere ez zabaltzeko emandako hitza zapuztuta mantentzen dutela oraindik. Hortaz, NATO gehiago ez zabaltzea ala NATOren arma arriskutsuak 1991ko puntura eramatea da kontua? Zeren Errusiak erantzun simetrikoa emanen balu, Kuban, Venezuelan, Nikaraguan… arma nuklearrak koka litzake. Baina dokumentuaren helburua Ukrainako gerrari amaiera ematea denez, ez du zentzurik puntu horiek dokumentu honetan txertatzeak.

Horrez gain, 21. puntuak erredakzio berria behar du: batetik, Errusiak ez duelako onartuko bere konstituzioan dagoeneko txertatuta dauden Krimea, Luhansk, Donetsk, Zaporozhia eta Khersonen inguruan aldaketa instituzionalik; bestetik, soldadu errusiarren odola isuri den lurrak Errusian geratuko direla esana duelako Putinek. Halaber, 13. puntua ez da serioa. Errusiari konfiskatu zaizkion 300.000 milioi euroak Errusiarenak dira eta errusiarrek bakarrik erabaki dezakete zer egin beren diruarekin; eta, azkenik, 20. puntuan nazismoa debekatzeko egiten den aipamena Errusiak onartu eginen du.

Horiek horrela, ondoriozta dezakegu, batetik, filtratu den dokumentuaren nahasmenak adierazten duen bezala, oraindik bide luzea geratzen dela lau eragileek (Errusia, Ukraina, AEB eta EB) sinatzeko moduko dokumentu batera iristeko. Hala ere, ukrainarren jarreraren arabera, gerta liteke Trumpek bere indarrak Ukrainatik erretiratzea. Horrek gerra berehala amaitzea ekarriko luke. Eta, bestetik, Ukrainako eta Errusiako Gobernuen helburuak kontrajarriak direla eta ez dagoela puntu komun batera iristeko aukerarik. Gerraren bilakaera militarrak finkatuko ditu amaieraren baldintza nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.