Bernat Etxepare Lizeoko ikaslea

Baxoa erdi hutsik

Johane Larre Salaberri
2026ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekaina hurbiltzen ari zaigu zigante pausoka eta harekin urte amaierako azterketak. Nola ez dugu izango bakantzen desioa ikasleok? Alta, azken ahaleginak egin beharrak dira. Izan ere, Ipar Euskal Herriko terminaleko eta leheneko ikasleok, baxoko azterketa pasako dugu hurrengo ekainean. Urduritasun handiko garaia izan ohi da; goi mailako ikasketak tarteko. Baina azterketaren kezka ez baita nahikoa beste arrangura mota bat ere badugu ikasleok: frantsesez pasatzearena.

Oroitarazi behar balitz, ikasketa prozesu osoa euskaraz egin ondoan, Se(h)askaren baitan, erdaraz pasa beharra dugu baxoko azterketa. Injustizia gaitza. Gure aita-amek ireki ziguten bide honetan, konpromiso hau segitu dugu; euskaraz ikasi eta bizitzearena. Konpromiso hau hautu bat baino gehiago, nortasun bat da. Bizkitartean gure hizkuntza eskubideak ez dira errespetatuak.

Azken aste hauetan argi izpi bat agertu zen, Seaskak apirilaren 2an Bordeleko errektorearekin izandako bilkuraren ostean. Eskaera garbia bezain argia zen; behintzat urte honetatik aurrera lehenengo matematikako proba eta ahozko handia euskaraz egin ahal izatea. Errektoreak kontra iritzirik adierazi ezean, ministroaren erantzunaren zain gelditu zen Seaska. Azkenean, ez bat, ez bestea ez dira aintzat hartu. Entzungor dabil Frantziako Hezkuntza ministerioa eta Baxoa euskaraz aldarria entzungaitz. Hitz baikorrak entzun ditugu usu, baina ekintzetara pasatzeko orduan denek kale. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da; ez da aukera bat, premia bat baizik.

Baxoaren mugarria gainditu behar da. Herri oso baten eskubidea delako euskaraz hazi eta bizitzea. Borrokarik gabe ez da deus lortzen, eta hori aspaldidanik dakigu

Urteak daramatzagu aldarriak oihukatzen, manifestazioak egiten, desobedientzia ekintzak eramaten eta borroka amaiezina da; helmugarik gabekoa da, dirudienez. Ikasleok pairatutako egoera Ipar Euskal Herriak bizi duenaren adierazgarri da. Glotofobia baino gehiago, badirudi linguizidio batean sartuak garela. Frantses supremazia linguistikoaren aurrean borrokak bizirik segitu behar du. Baxoaren mugarria gainditu behar da. Herri oso baten eskubidea delako euskaraz hazi eta bizitzea. Borrokarik gabe ez da deus lortzen, eta hori aspaldidanik dakigu.

Heldu den ekainaren 12an, leheneko ikasleek hamaikagarren desobedientzia ekintza egingo dute: matematikako baxoa euskaraz pasatzearena. Pentsatuko duzue, eta zertan kalkuluak frantsesez idatzi behar dira? Baina bai, dirudienez matematikak ere frantsesez egin behar dira… ulertezina urteetan azterketa hau euskaraz konposatzeko eskubidea izan ondoan.

Nahiz eta aitzinamenduak egon, brebeta euskaraz egiteko eskubidearen lorpenarekin 2023an, beti ber leloa da; aurrerapauso bat eman eta beste bat atzera. Oztopoz betea dugun bide honetan segitzen dugu aurrera egin nahian, hatsanturik baina aitzina, urrats bat eta bestea, lurrean errotuz. Asegabeak gara; ez gara konforme basoa erdi beterik eta baxoa erdi hutsik. Baxoa euskaraz orain!
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA