BBK: Sagredoren demagogia

2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Vitaleko eta BBKko Administrazio Kontseiluek banku-fundazio bihurtzeko Batzar Orokorretara deitzen zuten bitartean, BBK-ko lehendakari Xabier Sagredoren iritzi artikulua irakurtzeko parada izan nuen.

Hasteko, Espainiako Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legea aipatzen du, «lege horrek ezartzen du euskal kutxak banku fundazio bilakatzea derrigorrezkoa duela» azpimarratzeko. Ematen du lege hori Espainiako Gobernuak inposatu digula, baina lege horren aldeko boza eman zuen EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan. Alde bozkatu eta lege horren oso balorazio positiboa egin zuen Pedro Azpiazu EAJko diputatuak.Beraz, legea ez dator hutsetik, lege hori EAJk ekarri digu.

Eta benetan larria da positibotzat hartzea euskal kutxen desagerpena ondorioztatuko duen banku fundazio bihurtzea. Erabaki hori hartzen badu BBK-ko Batzar Orokorrak ekainaren 30ean, gure BBK desagertuko da, antzeko izena gordeko da, baina ez da gauza bera izango. BBK-ko Batzar Orokorra desagertu egingo da, hots, bezerook ez dugu izango gure iritziak, gure proposamenak, gure kexak plazaratzeko gunerik, langileen ordezkariek ezin izango dute parte hartu, udalek ez dute ordezkaririk izango banku fundazioa kudeatuko duen Patronatuan.

Bai, Batzar Orokorra desagertu eta erabaki guztiak 15 pertsonak osaturiko Patronatuaren eskuetan geratuko dira. Erabakiak jende gutxiagoren artean hartzeaz gainera, konposaketa hori oso bestelakoa izango da: erakunde fundatzaileek 3 ordezkari, interes kolektiboko erakundeen 2 ordezkari, helburu sozialei loturiko 3 pertsona independente eta ospetsu, eta, azkenik, finantza-arloko 7 aditu. Esan dudanez, ez bezerorik, ez langileen ordezkaririk, ez udalen ordezkaririk… A, eta konposaketa hori ez du aipatu legeak ezartzen; hain zuzen ere, hori, EAJ, PSE eta PPk adostu duzue.

Patronatua Batzarrak onartua izango dela dio Sagredok, baina ez du esaten, patronatu hori behin-behinekoa dela eta, hortik aurrera, Patronatuak berak izendatuko dituela Patronatuaren kideak. Hau ez da endogamia deitzen? Bizkaia osoa ordezkatuko duela dio Sagredok, Bizkaian daude sentsibilitate politiko guztiak presente egongo dira Patronatuan? Bizkaian dauden gizarte-eragileen aniztasuna ordezkatuta egongo da?

Kontrol publikoa bermatuta egongo dela dio Sagredok, Eusko Jaurlaritzaren babesaren eta Espainiako Bankuaren gainbegiradapean. Hau bai eufemismoa, kontrol publikoa ez da babesa izatea, Eusko Jaurlaritzak kontrolatu beharko luke banku-fundazioa, baina arestian aipatu Kutxen eta Banku Fundazioen Legeak aukera ematen zuen Euskal Kutxen Legea egokitzeko, eta Eusko Jaurlaritzak denbora utzi du pasatzen Euskal Kutxen Lege berria aurkeztu gabe eta aukera hori galduta banku-fundazioak Espainiako Bankuaren menpe geratu dira. Kontrola Patronatuarena izango da, ez erakunde publikoena.

Eta hori dena korrika eta presaka egin nahi duzue. Zergatik? Legeak urtebeteko epea ematen du banku-fundazio bihurtzeko, hots, abenduaren 29 arte. Orduan, zergatik sortu behar dira banku fundazioak ekainaren 30ean? Nik erantzun bakarra aurkitzen dut: jendartean sortu den KutxaBanken inguruko eztabaida zapuztu (saihestu, agian hobeto?) nahi duzue, KutxaBanken etorkizunari buruzko erabakiak ez dituzue Batzar Orokorretan hartu nahi, kontrako jarrerarik ager ez dadin, eta zuek hautatuko elitearen eskuetan utzi nahi duzue. Era horretan, errazago izango duzue egun BBK, Vitak eta Kutxaren eskuetan dauden KutxaBanken akzioak saltzen hastea. Mario Fernandezek esan zuen akzioen % 70 saldu behar zuela KutxaBanken. Hor hasi zen pribatizazioaren inguruko eztabaida. Orain, esaten diguzue demagogia egiten ari garela, baina geuk egin duguna da ezkutuan egin nahi zenutena agerian utzi.

Gu ez gaude prest geure ondare osoa pikutara botatzeko, CANekin gertatu den moduan. Horregatik eskatzen dugu eztabaida zabaltzea, hain erabaki larriak ez hartzea orain korrika eta presaka, baizik eta ditugun sei hilabeteak profitatzea KutxaBanken etorkizunaren inguruko eztabaida egiteko eragile sozial, politiko eta sindikalen artean. Ezinbestekoa da Euskal Herriak behar duen finantza-sistemaren inguruko eztabaidari ekitea, era zabalean. Zuen kezka bakarra estress-testa pasatzea den bitartean, gure kezka kutxen izaera publikoa eta soziala mantentzea da.

Gauza batean ados nago Sagredorekin: aurrez aurre planteatzen zaiguna aukera bat da. Berak dio bihar gaur bezala jarraitzeko, nik, aldiz, argi daukat aukera dugula KutxaBankek hartu duen norabide okerra zuzentzeko. KutxaBank euskal herritarrei eta beraien ekonomiari begira jartzeko, ekonomia erreala bultzatzeko benetako inbertsio eta finantzaketa ahalegina egin dezan, tokiko garapen eta beharrei lotuta egon dadin, hemengo enpresari txiki, kooperatiba eta autonomoei behar duten finantzaketa eskaintzeko, bezeroei iruzur egiteko erabiltzen diren finantza produktu zein interes tipoak, IRPH kasu, desager daitezen, inor gehiago bere etxetik kaleratua izan ez dadin, gizarte-ekintzako inbertsio gehiago egin ditzan…

Zabal dezagun eztabaida, eta lor dezagun eragile sozial, politiko eta sindikalen arteko akordio zabal bat, gure kutxak desager ez daitezen. KutxaBank publiko eta izaera sozialekoa nahi dugu eta lortuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.