Bestearen begirada

2016ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk, aukera ezin hobea izan nuen indarkeriak gure gizartean eragindako minari buruzko ekitaldi artistiko eta pedagogiko batean parte hartzeko. Bizikidetza ereiten, begirada bat artearen mundutik izeneko jardunaldien barruan antolatu zituzten, Nafarroako Gobernuaren Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza nagusiak.

ETAko disidente baten eta biktima baten arteko topaketa bat antzezten dute obran. Langraizko bidea izenarekin 2011n ezaguna egin zen bidea hartu zuten hamahiru preso horietako bat da disidente hori.

Lehenik eta behin, 43-2 talde proiektuaren profesionaltasuna nabarmendu nahi nuke, aukeratu zuten gaiarengatik (zinez delikatua, delikaturik bada), egindako ikerketa xehea lehen eskutik egin dutelako, oso modu zehatzean sintetizatu dutelako eta guztia modu antzeztuan transmititu dutelako Bestearen begirada antzezlanean.

Antzezlanak bete-betean asmatzen du biktimario bat eta bere biktima elkarri begietara begiratu eta pertsona moduan onartzeko egin duten bide malkartsua islatzen. Antzezlanak oso argi erakusten du ez dela beti erraza besteari begiratzea (edo nork bere buruari begiratzea) perspektiba humanista batetik. Begirada humanistaren aldeko apustua egiteak ausardia eskatzen du, zintzotasuna eta eskuzabaltasuna.

Oso hunkigarria da biktimak eragin dituenaren azalean jarri eta pasatu duen barne burrunba hortaz jabetzea; bere sinesmenei aurre egiten die, bere zirkunstantziei eta inguruko presio itzelei.

Era berean, ikuslearen bihotzera iristen da biktimaren kuraia, azkenean, bere biktimarioaren aurrean esertzea erabakitzen duenean, nahiz eta bere familia horren aurka agertu.

Topagune horretara iristeko prozesua ez dago zailtasunetatik eta konplikazioetatik libre; gainera, batez ere, horiek barne zailtasun eta konplikazioak dira. Biktimarentzat errazagoa izan zitekeen biktimismoan gotortuta segitzea, autokonpasioan eta biktimarioa behin eta berriz errudun dela berresten. Errazagoa izan ohi da arerioa deshumanizatzea, sentitzeko edo pentsatzeko gaitasunik ez duela sinestea. Zailena, ordea, erosotasun eta segurtasun egoera horretatik ateratzea da, eta norberaren saminari aurre egin eta gainditzea, behin eta berriz kexan eta erresuminean erori gabe. Biktimarioak, berriz, ez du batere lan erraza. Barne indar oso handia behar da zintzotasunez nork bere buruari begiratu eta eragindako minaren gordintasuna aitortzeko gaitasuna izateko, nork bere erantzukizuna onartuz, justifikaziorik gabe, aitzakiarik gabe, hornidurarik gabe, epelkeriarik gabe.

13 biktimario eta 13 biktima. 26 pertsona, gai izan direnak topagunearen bidea elkarrekin egiteko, bakoitza bere minetik, bakoitza bere esperientziarekin, bere beldurrekin eta kontraesanekin. 26 pertsona, bere altxor handienetako bat gizartearekin helarazteko eskuzabaltasuna izan dutenak, zalantza, aurreiritzi, presio eta xantaietatik harago. 26 pertsona irmo eta sutsuki apustu egin dutenak barruan daukaten gizatasunaren alde, kosta ahala kosta. Eskerrik asko guztiei, eta baita esperientzia hau posible egin duten guztiei ere.

Antzezlana amaitu ostean solasaldia izan genuen. Aktoreetako batek esan zuen ikusleek ezbaian jartzen dutela antzezleak Valladolidekoak izanda (Espainia) Euskal Herrian gertatutako ekintzak kontatzea. Niri, nire bizitzaren zati handienean, zorionez edo zoritxarrez, gazteleraren hozkada zaharkituaren talka oso gertutik ezagutzea egokitu zait. Ez du inor epel uzten, eta mina ematen du. Horregatik, oso begi onez ikusten dut hango lurretan ere badirela saminarekin eta sufrimenduaren adar guztiekin sentsibilizatutako pertsonakezagutzea. Jakinik oraindik ere gaur zenbat kostatzen zaigun iraganeko zenbait gertaerei aurre egitea, agian, antzezlaneko kide batek esaten zuen moduan, norbaitek kanpotik etorri behar du geure historia gogoratzen laguntzera... mila esker eta ongi etorri!

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.