Bilboko Udaleko gizarte ekintzako profesionalak

Bilboko Gizarte Zerbitzuak: pertsonen arreta kolokan

Ane Miren Jimenez, Iker Uriguen eta Oskar Lopez
2025eko abenduaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Gizarte Zerbitzuek krisi sakona bizi dute. Ez dugu distantziatik esaten, barrutik baizik: Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko langileak gara, eta egunero egoera ahulean dauden ehunka pertsona artatzen ditugu. Behatzen eta bizi izaten dugunak asko kezkatzen gaitu. Gehien behar dutenei eutsi beharko lieketen zerbitzu publikoak okertzen ari dira, eta, horiekin batera, baita gure lan baldintzak eta baldintza emozionalak ere.

Krisi honen jatorria askotarikoa da, baina sustrai argiak ditu. Alde batetik, profesionalei entzungor egiten dien gobernantza eredu bat, lehen lerroan gaudenon esperientzia kontuan hartu gabe erabakiak inposatzen dituena. Bestetik, ez dago benetako koordinaziorik Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta horrek bikoiztasunak, atzerapenak eta hutsuneak sortzen ditu arretan. Emaitza: hiriaren behar sozial gero eta handiagoei arin erantzuteko gai ez den sistema bat.

Arazoak metatu egiten dira: teknikaririk eza, ordezkapenik eza, lan gainkarga, burokrazia itogarria, kanpoko indarkeriari aurre egiteko protokolo aktiborik eza eta jasaten ditugun arrisku psikosozialei buruzko gardentasunik eza. Bitartean, herritarrak zain, desesperatuta edo amore emanda.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan muturreko egoerak bizi dituzten pertsonak artatzen ditugu: etxegabetutako familiak, etxerik gabeko migratzaileak, tratu txarren biktima diren adingabeak eta muturreko bakartzean dauden helduak. Eta gero eta baliabide urriagoekin egiten dugu. Itxaron-zerrendak luzatu egin dira, prebentziozko esku hartzerik ez dago, eta foru zerbitzu espezializatuek urtebete baino gehiagoko atzerapena izan dute kasu batzuetan.

Beste esparru batzuetako egoera ez da hobea. Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua (SMUS) kolapsatuta dago, bi edo hiru hilabeterako hitzorduekin, elikagaiei, higieneari eta halakoei dagozkien oinarrizko beharretarako. Elexabarriko aterpetxeak ondorioak jasaten ditu, gora egiten ari den etxerik gabeko biztanleriari arreta eman nahian —dagoeneko 2.000 pertsona baino gehiago daude erroldatuta bizitegi bazterketako egoeran—, plantilla indartu gabe.

Horri gehitu behar zaizkio erroldaren kudeaketan eta etxebizitza eskuratzean dauden arazoak, abusu egoerak, ezinezko alokairuak eta erroldatze mafiak ugaritzen ari baitira. Bitartean, mugatu egiten da udalerrian izena emanda egoteko oinarrizko eskubidea, gizarte prestazio guztiak eskuratzeko atea.

Etxeko Laguntza Zerbitzuaren tasak, bestalde, igo egin dira, eta horrek kanpoan uzten ditu adineko eta mendeko pertsona asko. Zaintzak negozio bihurtzeak desberdintasuna larriagotzen du: erabiltzaileek ez dute arreta duina jasotzen, eta laguntzaileek ezin dute merezi duten lasaitasunarekin eta aitorpenarekin lan egin.

Hori guztia ez da kasualitatearen ondorio, hiri bat zaintzeak esan nahi duenari buruzko ikuspegi politikorik ezaren ondorio baizik. Gizarte zerbitzuak ezin dira bigarren mailako edo laguntza arloko gai gisa tratatu. Ongizate komunitarioaren bihotza dira, eta zorrotz, sentikor eta errespetuz kudeatu behar dira.

Horregatik, egiturazko aldaketa bat eskatzen dugu: ekipoak birdimentsionatzea, plantillak indartzea, lan baldintzak duintzea, funtsezko zerbitzuak (hala nola ELZ eta SMUS) publiko egitea, eta gizarte politikei benetako baliabideak ematea. Ezin da Bilbo solidario bat eraiki kolapsoan dauden zerbitzuekin eta profesional ahituekin.

Zaintza lanak erdigunean jarri behar dira, ez ertzetan. Bada garaia Udalak langileei entzuteko, erakundeak koordinatzeko eta herritarrek ulertzeko gizarte zerbitzu duinak defendatzea hiri justuago bat defendatzea dela. Eta, horregatik, elkarretaratzera deitu dugu abenduaren 18rako, biharko, 13:15ean, udaletxe aurrean.

Izan ere, gizarte zerbitzuak kolokan jartzen direnean, guztioi eusten digun sarea ere bai.

Oharra: artikulu hau beste 82 pertsonak ere sinatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.