Bilduren garaia

2011ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Espainolek Bildu kriminalizatzeko eginiko ahalegina —ETArekin lotu eta aurtengo udal hauteskundeetan aurkeztea galarazita— hain zen eskandagalarria eta demokraziaren kontrakoa, non bi eragileek, Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak, atzera egin baino ez baitute izan, batak zein besteak polizia onaren eta polizia txarraren komedia ospetsua antzeztuta —hori ezin hobeto egiten dute—. Hala, amaitua da garai bat, zeina probaleku bat izan baita haientzat, ikusteko noraino irits zitezkeen beren plan deabruzkoarekin, soka azken segundoraino tenkatuta eta herri iritziaren erantzunaren begira jarrita. Erantzuna otzana edo axolagabea izan balitz, ezbairik gabe, Bildu legez kanporatuta egongo litzateke oraintxe. Baina ez dira ausartu azkeneraino iristen; nazioartean hain izango zen handia eskandalua, Eusko Alkartasunari hauteskundeetan aurkeztea debekatuz gero — lehendakari izandako batek sortutako alderdi bat baita, indarkeria betidanik gaitzetsi izan duena—. Gainera, ezker abertzaleak erabakia zeukan Europari eskatzea hauteskundeak inpugna zitzala, konplot ezkutua agerian jartzearren eta Espainia den-denean agerraraztearren: demokrazia totalitario bat da, zeinean gauza bat eta bera baitira botere legegilea, betearazlea eta judiziala, eta zeinean herritar libreei debekatu egiten baitzaie hauteskundeetan parte hartzea, susmoak, izen belzteak eta asmoen ganeko susmoak erabilita. Bilduk argi eta garbi adierazi zuen: «Erabaki guztiz politikoa da, eta PSOE da horren erantzule nagusia». Gogora ekar dezagun, alde horretatik, Espainiako Kongresuko presidente Bonoren jokabide esperpentiko eta totalitarioa, PSOEk eta PPk babestua, debekatu egin baitzion Bilduri prentsaurreko bat ematea, alderdiko ordezkariei sarrera galarazita eta ETAren «eskumakilak» zirela egotzita.

Patxi Lopez, Espainiako hauteskunde iruzurrak lehendakari bihurtua, ez da Jose Bonoren aldean guztiz bestelakoa, baina itxura egin beharra dauka, ez baita gauza bera Madrilen bizita ukatzea eskubide demokratikoak euskal gizarteari, edo Gasteizen bizita ukatzea. Horrexegatik ibili da demokrataren itxurak egiten, eta esaten «ez EA ez Alternatiba» ez direla ETA, nahiz eta haren alderdiko bozeramaile Jose Pastorrek EAJri eraso eta aurpegiratu dion «poz-pozik» zegoela, Bildu ezingo zelako aurkeztu hauteskundeetan, eta nahiz eta leporatu dion, era berean, «salbatzaile» moduan abertzaleen buru jarri izana hautesleak bereganatzearren. Arraioa, badu grazia hori esateak, hain zuzen, Euskadin gobernatu ahal izateko euskal herritarren parte bat isilarazi behar izan duen alderdi bateko bozeramaileak. Azkenean, hala ere, jakin orduko Bilduk hauteskudeetan parte hartzearen aldeko sententzia eman zuela Auzitegi Konstituzionalak, benetako Patxi Lopez agertu zen, eta eskatu zuen uzteko koalizio horren aldeko «kanpaina egiteari, espazio guztia bereganatu baitu ezer egin gabe», eta hitz egiten hasteko «jendeari benetan axola zaizkion kontuez». Alderdi Popularraren diskurtso berbera. Izan ere, Lopezi ez zaio axola bere herrialdeko bizilagunak isilaraztea, haiek isilarazteak lehendakari bihurtzea badakarkio. Haren benetako kezka da Bilduk bereganatu duela arreta mediatikoa eta, beraz, protagonismoa kendu diola bere alderdiari. Alegia, lehenengo kriminalizatu egiten zaituzte, eta, gero, behin ohorea lehengoratu dizutenean, horren berri jakinarazteaz akusatzen zaituzte. Zorionez, laburra izango da Lopezen Ajuria Enean egingo duen egonaldia, eta haren lau urte espainolizatzaileek —euskaldunen sorgin ehiza eta guzti— hemeretzi letra eta koma bat besterik ez ditu hartuko historian: «Patxi Lopez, Pasakorra».

Historiak, hala ere, hizpide izango du, batetik, sozialistak eta popularrak azpilanean aritu izana Euskadiko botereaz jabetzearren, eta, bestetik, biek zinismoz jokatu izana, Bildu legez kanporatzeak haiekin zerikusirik ez zuelako itxurak eginda eta esanda Justiziaren kontua izan zela dena eta hari obeditu baino ez ziotela egin, aingerutxoek Jainkoari bezala. Horren ildokoa da, esate baterako, Antonio Basagotik EAEko PPko presidenteak Patxi Lopezi kargu hartu eta gogorarazi izana «boterea eman zion ituna bete beharra» daukala; oso interesgarria da hori guztia, agerian uzten baitu komedia bat antzezten ari direla alderdi biak. Basagoitiren esaldiak, zehazki, esan nahi digu Patxi Lopezi boterea eman zion PSOE-PP itunak berekin zekarrela alderdi euskaldunen kontra bat egitea, nazionalismo espainolak gobernatutako autonomia erkidego arrunt bihurtzearren Euskadi.

Auzitegi Konstituzionalaren epaia, beraz, inguruabarrek behartutako sententzia bat izan da, Bilduk asmo irmoa baitzuen Estrabusgoraino ere iristeko; baina ez hori bakarrik, hautesle espainolisten aurrean itxurak gordetzeko modua eman baitio PSOEri, Euskadin hauteskundeak berriro egin behar ez izatearren eta Espainiari nazioartean omena ez kentzearren. Okerrena da egiaztatzea gatazka hispano-euskalduna amaitzeko desiratzen daudela dioten alderdi horiexek dutela gatazkari bere hartan iraunarazteko interesik handiena, ondotxo dakigunez. Gatazkarik gabe, ez legoke legez kanporatzerik, eta, legez kanporatzerik gabe, Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularrak badakite gutxiengoa direla Euskadin. Horregatik ez da baztertzekoa Auzitegi Konstituzionalak eskandalua eragoztearren emandako epaiaren mozorropean asmo ezkutu bat egotea, hauteskundeen ostean legez kanpo uzteko zerrendak. Edozer espero liteke zinikoengandik, eta erne egon beharko dugu. Nolanahi ere, eskandalua eragotzi ahal izango dute, baina ez euskal nazioaren independentzia. Orain, bada, Bilduren garaia da.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.